Babesa, defentsa

Babesa, defentsa

Natalia Salazar Orbe

Z allan dago, Bolunburu mendiaren gainean 320 metroko altueran, leku estrategiko batean. Inguru osoaren kontrola eta haranaren ikuspegi ezin hobea ditu eskura. Herrixka txikia. Iparraldera, amildegia du. Gainerako eremuan, harresia. Babes horma horrek hegoaldeko fatxada lanak egiten ditu: 153 metroko luzera du, eta lau metroko altuera. Harresiaren inguruan, 2,5 metroko hobia du. Kristo aurreko IV. mendetik Kristo osteko I. mendera bitartean izan zituen biztanleak Bolunburuko herrixka gotortuak; II. Burdin aroan, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultur ondasun izendatu du, gune arkeologikoaren kategoriarekin.

Izendapena jasota, eremu horretan ezingo da baimenduko aztarnategi arkeologikoa arriskuan jarri, edo honda dezakeen erabilerarik ez jarduerarik egin. Bertako aztarna higiezinak suntsitzeko debekuaz gain, gordailu arkeologikoaren ordena historikoa alda dezakeen edozein jarduera ere galarazten da.

Armando Llamosasek garrantzitsua iruditzen zaio izendapena. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko arkeologoa da, eta azaldu du halako izendapenek aztarnategiak babestea eta kudeatzea errazten dutela. Aztarnategiaren nortasun agiria balitz bezala deskribatu du. “Deklarazioari esker, diru laguntzak jasotzeko aukera handia izango du. Gainera, espoliazioa edo horren mehatxua sortuz gero, ez legoke zalantzarik, eta legea ezarri ahalko litzateke, mugaketa argia duelako eta argi dagoelako bertan zer egin daitekeen eta zer ez”. Epaitegietan babes horrek duen indarra aipatu du Llamosasek. “Horietan ez dira neurtzen garrantzia, historiari egin diezaiokeen ekarpena edota ondareari egindako kalteak, legearen kontrako egitasmoak baizik”.

Bestalde, uste du izendapenak aztarnategiarekiko herritarren pertzepzioa aldatzen duela. “Herritarrek, batez ere hurbilekoek, zerbait garrantzitsua dutela sentituko dute. Hori ere funtsezkoa da eremua babesteko eta kontserbatzeko. Herritarrak dira ondarearen subjektu nagusiak. Alde batetik, ondarearen sortzaileak dira; bestetik, hartzaileak, ondareaz disfrutatzen dutelako, eta, agian, ondareak beren nortasunari egiten dien ekarpenagatik”.

Balio pedagogikoa

Herrixkaren egituragatik eta tamainagatik aztarnategiak duen balio pedagogikoari ere erreparatu diote adituek. Erraza da jendaurrean erakustea, eta, ondorioz, publikoak erraz antzeman ditzake Burdin aroko elementu nagusiak: defentsakoak —harresia , urbanistikoak, ekonomikoak eta industrialak. “Bolunburu oso eskuragarria da”, dio Llamosasek. “Herrixka txikia izanik, ikusleak elementu guztiak jasotzen ditu une batean. Beste batzuetan —Bizkaiko Arrolan, kasu — handiak direnez, herriko erdigunean egon arren, ez duzu antzematen herrixkaren osotasuna”.

Bisitariek mendeetan atzera egiteko modua ematen duela uste du. “Bolunburuko goiko aldetik imajina dezakezue nola defendatzen ziren, nola bizi ziren, nola lan egiten zuten, haien beldurrak eta haien ingurua zer-nolakoak ziren. Goiko alde horretan eserita, eta informazio egokia eskuan, Burdin Arora bidaia dezakezu, eta erraz asko sar zaitezke gizon eta emakume haien pentsamenduetan eta eguneroko kezketan”.

Orain arte egindako ikerketen arabera, 50 edo 60 herritar inguru bizi ziren herrixkan, eta abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen ziren. “Bolunburun ikus ditzakegu herrixka baten elementu guztiak: defendatzeko harresia, sartzeko atea, bizitzeko etxeak, lan egiteko balizko guneak eta haien ohiko materialak; besteak beste, zeramika. Bizimoduari dagokionez, esan ezakegu ez daudela oso urrun guregandik. Biztanleen jarduera nagusia ganadua eta nekazaritza izan ziren. Haraneko kontrola ere erraztuko zien soberakinen komertzioak”.

Errotariak ere izan ziren, Llamosas arkeologoak adierazi duenez: “Eskuzko errota zati asko aurkitu dira, ohi baino askoz gehiago. Ondoan, asperon [bolu errotak egiteko harria] harrobia dute, eta baliteke komertziorako ekoizpenean espezializatuta egotea. Hori geroko ikerketek argituko digute”.

Gako asko eman dizkie orain arteko azterketak, baina lan asko dute egiteko. “Aztarnategiak, oraindik, informazio asko eman diezaguke, etxeen xehetasun asko, barruko okupazioaren eskema, eraikin bereziak dituen ala ez: ganadurako aldeak edo lan egiteko guneak, esaterako. Datu guzti horiekin ñabardura asko atera litezke, haien kultura materiala ez ezik, zuten pentsatzeko modua jakiteko”. Horregatik uste du garrantzitsua dela proiektu integralak izatea. “Hau da, ikerketa integrala planteatzea, hipotesi argiak eta plangintza pentsatua. Horrez gain, balioa emateko estrategia bat izan behar du”.

2002an baieztatu zuten Zallakoak II. Burdin Aroko herrixka baten aztarnak zirela. Oinarri zientifiko batekin berreraiki dute gotorlekua. Ikerlarien lanaz gain, erakundeen babesaren garrantzia azpimarratu du Llamosasek: “Instituzioek, ikerlarien lana errazteaz gain, herritarren eskura jarri behar dute, informazioa gizarteratzeko”. Bolunbururi dagokionez, informazioa zabaltzeko plan bat dago. “Udala oso inplikatuta dago, eta Jaurlaritzak diru laguntza bat eman dio bisitak eta informazioa kudeatzeko, aztarnategiaren kontserbazioa arriskuan jarri gabe. Askotan ez dira behar egitasmo erraldoiak, aztarnategiek oso argi hitz egiten baitute. Garrantzitsua da plangintza bat izatea: argi izatea zer erakutsi behar dugun eta nola”.