Arrantzaleak, desagertzeko arriskuan

Arrantzaleak, desagertzeko arriskuan

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko arrantza portuak erdi hutsik daude. Edo beterik, baina kirol itsasontziek hartu dute arrantzontzien lekua. 1980ko hamarkadatik hona, behera egin du sektoreak, eten barik. 1986. urtean Bizkaian eta Gipuzkoan Europako Batasuneko arrantza politika bateratua indarrean sartu zenetik, euskal arrantza flotaren bolumena nabarmen gutxitzen hasi zen. Arrantza politika horrek mugak ipini dizkio arrantzaleen jardunari; hau da, arrantzatu dezaketen gehienezko arrain kopurua zehaztu dio estatu bakoitzari. Belaunaldi ordezkapen faltak eta merkatuko prezio merkeak utzitako mozkin txikiak joera hori indartu du. Ondarroa 12 Milia taldeko Leo Bedialaunetak beste faktore bat ere azpimarratu du: 1980 eta 1990. hamarkadetan indar handia hartu zuten altura handiko azpisektoreak Bermeon, eta alturako azpisektoreak Ondarroan. “Arrantzale askok baxura utzi eta azpisektore horietara jo zuten, diru gehiago ematen zutelako”. Uste du erakunde publikoetatik ere joera horren alde egin zela.

Euskal Herrian kostaldea duten hiru herrialde historikoetatik okerren dagoena Bizkaia dela esan du Bedialaunetak. “Oraindik badago alturako azpisektorea, Ondarroan, 17 itsasontzirekin. Badago atunontzi izoztaileen azpisektorea, altura handikoa, Bermeon, baina guk horiek ez ditugu hartzen Euskal Herriko azpisektore modura. Nahiz eta Bermeoko armadoreak egon, kapitala auskalo nongoa den, eta, gainera, mundu guztiko uretan ibiltzen dira arrantzan. Baxura azpisektorea egoera oso kaskarrean dago”. 2000tik 2010era, baxurako flotaren erdia desagertu zen; 2010etik 2020ra, beste bi heren.

Gipuzkoarekin alderatu du Bizkaia Bedialaunetak: “Han baxuran badira oraindik ere atunetan kanaberarekin ibiltzen direnak, eta inguraketa sarearekin ibiltzen direnak mantentzen dira: Hondarribian 14 itsasontzi, Getarian beste 15. Baina hemen, Bizkaian, 10 inguru baino ez daude. Lekeition bat geratzen da, Ondarroan beste bat… Artisau arrantza egiten dutenak mantentzen dira Bermeon eta”. Uste du oraindik gehiago okertuko dela egoera, administrazio publikoen aldetik ez duelako ikusten behar duen bultzada emateko prestasunik. “Urte gutxi barru, neurririk hartzen ez bada, arrantza sektorea pikutara joango da Bizkaian”.

Gaindegiak Euskal Herriko portuen argazkia egin zuen iazko ekainean argitaratutako datu eta erreportaje sorta batean. Han bildutako datuen arabera, egoitza portua Bizkaian zuten 112 itsasontzi zeuden iaz; 156 izan ziren Lapurdin eta 86 Gipuzkoan. Artisau arrantzako eta baxurako itsasontzien kopurua aspalditik ari da gutxitzen. Esate baterako, hiru lurralde historikoetan, egun, 2004. urtean baino 113 ontzi gutxiago daude, eta ordutik desagertutako ontzi gehienak artisau arrantzakoak dira.

Altura handiko arrantzaleak Ozeano Atlantikoan edo Indiako ozeanoan aritzen dira. Bermeon dute egoitza portua halako 25 itsasontzik: Euskal Herritik milaka kilometrora arrantzatzen dute, eta konponketetarako Vigoko portura gerturatu ohi dira, Galiziara. Ontzi horiek alde batera utzita, Baiona eta Ondarroa dira Euskal Herrian alturako arrantzaren portu nagusiak. 2009 eta 2012. urteen artean, alturako hamar itsasontzi galdu zituen Ondarroak, baina ordutik itsasontzi kopuruari eusteko gai izan da. Denboran atzera eginda, agerikoa da herriak sufritu duen arrantza flotaren txikitze nabarmena: 1995ean, Ondarroan, alturako 65 itsasontzi zeuden, eta 2000 urtean, 43. Galdutako zenbait itsasontzik Baionan dute egoitza portua gaur egun.

Arrantza-sektorea-Bizkaian

Eraldaketaren premia

Ondarroa 12 Miliako kideak aspalditik ari dira Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzari aldaketak behar direla esaten. “Ez digute kasurik egiten; ez dago arrantza politika bat gure portuetako jarduerari eta gure espeziei alternatiba bat emateko”, dio Bedialaunetak. Kofradiak ere ez direla askorik mugitzen penatu da. Arrantzaren beharra aldarrikatu du: “Guk uste dugu mantendu beharra dagoela, gure elikaduraren zati handi bat hortik datorrelako. Gainera, sektore ekonomiko garrantzitsu bat izan da betidanik. Arrantza politika egokia bideratzeko, sektorean parte hartzen dugun erakunde eta eragile guztiak elkartu behar gara, alternatibak planteatzeko”.

Hiru ardatzetan bereizten dute euren proposamena. Arrantzaren kudeaketa da lehena. “Nolako gestioa egingo dugu? Nola harrapatuko dugu arraina? Zein arterekin? Nolako itsasontziak behar ditugu etorkizunean? Adibidez, gaurko itsasontziak ez daude prestatuta emakumeentzako. Haiek ez dira sekula arrantzan ibili behar?”. Arrantzan egiteko eredu “egokia” aldarrikatu du, iraunkorra. “Ezin dugu jarraitu orain ibiltzen garen moduan: harrapatu eta harrapatu. Espezieak zaindu egin behar dira”.

Merkaturatzean ere ipini dute arreta Ondarroa 12 Miliako kideek. Nola saldu behar da arraina? “Gure arrantzaleak arraina harrapatzen dute, gero portura eramaten dute, eta lonjan erosleak dira nagusi. Haiek nahi duten prezioetan saldu behar dute. Horrela arrantzaleek ezin dute bizimodurik atera; ahalik eta arrain gehien harrapatu behar izaten dute irabaziak lortzeko”.

Diru sarrerak, bada, urriak dira arrantzaleentzat. Sarri kexatzen dira gastuak berdintzeko ere ez dutela irabazten. Hori gutxi ez, eta laneko baldintzak “oso txarrak” dira. “Orain dela ehun urtekoak”, esan du Bedialaunetak. “Ez dute inolako eskubiderik: ez dute laneko ordutegirik, ez bizi baldintza egokirik, ez familia bizitza izateko eskubiderik”. Kontatu du bera 1960. hamarkadan hasi zela itsasoan beharrean. “Orduko legeak daude indarrean, eta ez dira berritu. Orduan betetzen ziren araudiak orain ez dira betetzen. Beraz, are okerrago gaude. Zergatik? Etorkin asko dagoelako gure portuetan, itsasora haiek doaz, eta horiek edozein baldintzatan dituzte lanean. Armadoreak aprobetxatu egiten dira”.

Penaz kontatu du Eusko Jaurlaritzak arrantza portuak kirol portu bihurtzea sustatu duela. “Kirol ontziz leporaino bete dira, eta amarraleku gehiago eskatzen ari dira, baina ezin da. Ez dago hainbesterentzako lekurik”. Plentziako portuan, berbarako, obretan daude, kirol ontzi gehiagorentzako lekua egiteko. Arrantza profesionalak galdutako lekua bete ez ezik, artisau arrantza profesionalean dabiltzanei konpetentzia ere egiten dietela kexatu da. “Kirol arrantzan harrapatutako arraina ezin da saldu. Atuna, arrain txikiak eta abar arrantzatu ditzakete, baina muga batzuk dituzte, eta beti euren kontsumorako izan behar da”. Arazoari heldu eta konpondu egin behar dela esan du; zorrotz arautu.