Utzikeriak amilarazita

Zaldibarko zabortegiko luizian langile bi hil ziren: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Irregulartasunak azaleratu dira, eta hondakinen kudeaketaren eztabaida indartu da.

Natalia Salazar Orbe

AP-8aren errepide mozketa gisa zabaldu zen albistea hasieran. Otsailaren 6a zen, eta Zaldibarko Eitzagako zabortegiaren zati handi bat maldan behera errepidera erori zela jakin zen arratsaldean. Auto ilara izugarriak sortu ziren, baina geroago jakin ziren ilara haiek baino askoz ere soka luzeagoa ekarriko zuten ezbeharraren xehetasunak eta argi-ilunak. Ondoriorik larriena izan zen bi langile hil zirela. Zabor tona guztien azpian harrapatuta geratu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen gorpuak. Sololuzerena aurkitu zuten. Beltranenak bertan jarraitzen du oraindik. Saminaz gain, zaborren kudeaketa ereduari buruzko eztabaida zabaldu zuen istripuak. Erantzukizunak ere argitu gabe daudela salatu dute Zaldibar Argitu plataformako kideek. Hasierako informazio nahasiak apurka-apurka argituz joan baziren ere, oraindik, argi-ilun ugari daude arduren eta erantzukizunen inguruan.

Otsailak 6. LUIZIA
Osteguna zen, otsailaren 6a. 16:00ak inguruan gertatu zen luizia. Verter Recycling enpresak kudeatzen zuen zabortegiaren zati handi bat Bilbo eta Donostia lotzen dituen AP-8 autobidera erori zen, eta bidea itxita egon zen hainbat egunez.Berehala jakin zen zaborrek bi langile harrapatu zituztela azpian. Ezbeharra gertatu zen unean, baskula parean lanean ari ziren biak. Haien izenak ezagun bihurtu dira jada: Alberto Sololuze markinarra eta Joaquin Beltran zallarra. Berehala hasi zituzten langileak aurkitzeko lanak.

Otsailak 7. AMIANTOA
Segituan piztu ziren alarmak: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran bilatzeko lanak eten egin behar izan zituzten, amiantoa aurkitu zutelako. Ostiral goizaldea zen. Osalanek eman zuen lanak eteteko agindua, jausitako zaborretan amiantoa aurkitu zuenean.

Bestalde, desagertuta jarraitzen zuten langileen senideek kexa agertu zuten. Batetik, inor ez zelako eurengana joan eta gertatzen ari zenaren berri eman. Bestetik, uste zutelako ez zirela nahikoa ahalegin egiten ari bilaketa lanetan.

Otsailak 8. IRREGULARTASUNAK
Zabortegiaren kudeaketan eta kontrolean zenbait itzal agerian utzi zituen ezbeharrak. Hondakinen artean amiantoa zegoela jakina zen arren —Eusko Jaurlaritzak horretarako baimena emana zuen—, lehen orduetan bilaketa lanetan ari zirenek ez zuten inolako babes neurririk erabili.

Geroago jakin zen iaz Eusko Jaurlaritzak hondakin ez-arriskutsuen ikuskatze bat egin zuela Zaldibarko zabortegian. Ekologistak Martxan taldeak azaldu zuen Jaurlaritzak irregulartasunak atzeman zituela, eta txostena ireki ziola enpresari.

Jaurlaritzak zabortegiari hamahiru hektareako eremurako baimena eman arren, jasotako Ingurumen Baimen Bateratuak hektarea bakarrera mugatzen zion hondakinak isurtzeko eremua. Baimena argia zen: “Zabortegia ustiatuko da bermatuz euri urek zuzenki eragin dezaketen gehieneko eremua ez izateko 10.000 metro koadro baino gehiago”. BERRIA egunkariak sektoreko iturrietatik jakin zuenez, ordea, askoz ere eremu handiagoa hartzen zuen zabortegiaren estali gabeko inguruak. Geoeuskadi lokalizatzailearen azken irudiek erakusten zuten gutxienez lau hektareako eremua zuela itxi gabe, luizia gertatu zenean. Eremu hori euriaren eraginpean zegoen beraz. Kontuan izan behar da zabortegiak erabiltzen hasten direnean azpitik isolatu behar direla eta betetzen direnean, goitik estali, erabat zigilatuz. Zaldibarkoan ez zen horrelakorik atzematen.

Otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzak zigor txosten bat ireki zion Verter Recycling enpresari, aurreko urtean atzemandako irregulartasunengatik. Josu Erkoreka orduko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen egoera “bat-batekoa” izan zela, “aurrez igarri ezinekoa; enpresak informazioa izan baldin bazuen gertatzen ari zenaz, ez zion gobernuari jakinarazi”. Hala ere, Ingurumen Sailaren txosten baten arabera, Verterrek eta Jaurlaritzak berak 2015az geroztik zekiten zabortegian lurren mugimendua gertatzen ari zela, enpresak urtero igortzen baitzion txostena.

Hondakin ez-arriskutsuentzako zabortegia izan arren, amiantoa hartzeko baimena zuen. Gainera, BERRIAk jakin ahal izan zuenez, amiantoa beste hondakin batzuekin nahastuta zegoen. Ekologistak Martxan elkarteko kide Javi Vazquezen esanetan, “horrek erakusten du Bizkaiko zabortegietan oro har dagoen kontrol falta erabatekoa”.

Uztailak 21. ATXILOKETAK
Uztailean ezustea izan zen. Ertzaintzak zabortegiko buruak atxilotu zituen: Jose Ignacio Barinaga jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria ingeniaria. Epaileak kautelazko neurriekin aske utzi zituen, behin-behinean, handik bi egunetara. Hiru atxilotuek uko egin zioten deklaratzeari, epailearen aurrera agertu baino ordubete lehenago helarazi zietelako atestatu luzea abokatuei, eta ez zutelako izan aztertzeko astirik. Zergatik atxilotu zituzten ere oso argi ez zekitela adierazi zuten.

Abuztuak 16. SOLOLUZEREN GORPUA
Luizia gertatu zenetik sei hilabete eta hamahiru egunera aurkitu zuten Alberto Sololuzeren gorpua. Abuztuaren 16an topatu zuten lehen giza arrastoa: berna hezur bat, oihal batez estalita. Luizia gertatu zen unean langilea zegoen leku horretan bertan zegoen hezurra, baina 23 metro egin behar izan zituzten behera, eta 250 metro kubo zabor mugitu.DNA probek hiru egunen buruan ebatzi zuten aurkitutako gorpuzkiak Sololuzerenak zirela. Nahia Sololuze alabak Urola Kostako Hitza-n azaldu zuen “poza” eta “tristura” ekarri zizkiela aurkikuntzak, aita jada zabor artean ez zegoela jakitea asko zela eurentzat. Atseden hori bera nahi dute Beltranen senideek ere.