Plateruena agur esaten ari da

Plateruena agur esaten ari da

Natalia Salazar Orbe

Urtea amaitzearekin batera itxiko ditu ateak Durangoko Plateruena kafe antzokiak. Irailaren bukaeran iritsi zen albistea. Hemezortzi urteren ondoren, proiektuak ezin izan dio eutsi lehenagotik ere zuen egoera ekonomiko eskasari. Markel Sanchez Zelaia kafe antzokiko zuzendaritzako kideak azaldu zuen beheraldiaren bilakaera: “Ezagutu dugun Plateruena hasieratik eta orain arte oso antzekoa izan da. Jatetxe bat izan du, taberna bat, eta kultur programazioak egin izan dira. Eredu horrek agortze zantzu batzuk erakutsi ditu azkeneko urteetan. Kontsumo ereduak aldatu egin dira. Eta gero, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, handi geratu zaizkigu dauzkagun ostalaritza ekipamenduak”.

Zilar Hautsak zikloaren bidez esango diote agur antzokiari. Anarik, Hertzainak taldeko Garik eta Josuk eta Zea Mayseko Aiorak eta Pitik, besteak beste, kontzertuak emango dituzte. Umeentzako saioak ere izango dira. Abenduaren 27tik aurrera izango dira saioak, eta txartelak eskuratzeko azken aukera gaur da, 12:00etatik 14:00etara.

Itxieraren albisteak erreakzio sorta sortu zuen. Euskal kulturari eragingo dion kaltea nabarmendu zuten askok. Beste askok, bertan izandako bizipenak ekarri zituzten gogora. Euskal Herrian Euskaraz taldeak elkarretaratzea egin zuen. Salatu zuten erakunde publikoek ez dutela gunea behar beste babestu.

2004an sortu zuten

1980ko hamarkadako azken urtera egin behar da atzera Plateruenaren hastapenak aurkitzeko. 1989an jaio zen Berbaro euskara elkartea, Durangon. Hark bultzatuta iritsiko zen Plateruena, hamabost urte geroago: 2004an. Sanchezek azaldu du euskara aisialdi gunean sustatzeko asmoz taberna bat ireki zutela herrian lehenik, 1994an: “Durangon euskal kulturgintza landuko zuen espazio bat sortu gura genuen; euskal kulturgintzarentzat arnasgune bat bilakatu gura horretatik Durangori era horretako espazio bat ematea zen asmoa”.

Kontzertuak egiten zituzten bertan, baita hitzaldiak, antzerki saioak eta erakusketak ere. 1995eko abenduaren 15ean, Bilboko Kafe Antzokia ireki zuten, eta Durangon ere antzoki bat zabaltzeko ideia ekarri zien horrek. Landako gunea eraikitzen zebiltzan ordurako, eta proiektuak ostalaritza gune bat ere aurreikusten zuen. Hiltegi zaharraren eraikina berritzea erabaki, 900 bazkideko kooperatiba bat osatu, eta orduan hasi zen martxan Plateruena, 2004ko urriaren 28an.

Orduz geroztik egin duen ibilbidea ezaguna da. Zabalik daramatzan urte guztietan proiektuak bide berari jarraitu diola azaldu du Ihintza Orbegozo Igartua Plateruenako kulturgintzako arduradunak: “Durangon kultur egitaraua dagoen leku bakarrenetakoa da. Programazio zabala eskaintzen du. Beti landu izan dugu herritarren parte hartzea, eta lortu dugu Durangoko eragile, elkarte eta norbanako askok haiena sentitzea espazio hau. Hori guztia euskaraz egin dugu. Beste kultura eta hizkuntza batzuk baztertu gabe, baina, batez ere, euskaratik euskarara landu dugu”.

Udala, elkarlanerako prest

Bide horri ekingo dion beste egitasmo bat abiatu ahal izateko itxaropenik ez dutela galdu nabarmendu du Sanchezek: “Nahiz eta Plateruena kooperatiba desegin, haren sorreran egon ziren pertsonen, elkarteen eta orain arte proiektuan ibili garen taldearen asmoa da hemendik atera litekeen proiektu berri batean parte hartzea. Orain arte egon den proiektuak aro bat itxi du, bai, baina euskal kultura sustatuko duen Durangoko beste proiektu batean parte hartzeko asmoa daukagu. Gure asmoa argi utzi nahi dugu: etorkizun hurbil batean proiektu hau martxan jartzea, oraingoaren haritik”.

Durangoko Udala elkarlanerako prest azaldu da. Hausnarketa prozesu bat jarriko du martxan, etorkizunean Plateruenaz gozatu ahal izateko bideak aztertzeko.

Plateruenaren eraikina udalarena da, eta hemezortzi urterako lizitazioa eman zion antzokiari —datorren otsailean bukatuko da epea—. Eraikina egokitzeko milioi eta erdi euro inbertitu behar izan zituzten. Jaurlaritzak 120.000 euro eman zizkien. Udalak ez zuen egin ekarpenik. Kooperatiba osatu zuten kideek egin behar izan zioten aurre zor hari. Berbarok zuen taberna salduta lortu zuten diruaren herena; herritarren ekarpenei esker, beste heren bat. Gainerako 500.000 euroak ordaintzeko, zorpetu egin zen proiektua. Zor horren zamak ito ditu urteotan.