Ostalariak eta dendariak larri, eta industria, krisian

Ostalariak eta dendariak larri, eta industria, krisian

B izkaidendak Bizkaiko hogei herritako merkatarien elkarteen federazioa da. “Gurera deitu duten merkatarien %15 euren herriko udal gizarte zerbitzuetara bideratu ditugu, ikusi dugulako hil honetan ez dutela jateko dirurik izango”, ohartarazi zuen Jose Andres Cebrecos presidenteak apirilean. Oinarrizko zerbitzua eskaintzen dutenak baino ez ziren egon irekita konfinamenduan: elikadura dendak, botikak, informatikarienak… Jatekoa etxera eroaten duten jatetxe batzuk ere bai; tabernak, itxita. Diru sarreren faltan, zaila da gastuak ordaintzea. Alokairuari aurre egin ezinik, hainbat negozio betiko zarratu dituzte.

COVID-19aren pandemiak eragindako krisi sozioekonomikoaren ikur bilakatu dira. Udan zabaldu zuten negozioa berriro, segurtasun eta higiene neurriekin. Baina aldian-aldian baldintzak aldatuz joan dira, han eta hemen izan diren birusaren agerraldi berriekin batera; zarratzeko hurrengo agindua noiz iritsiko beldurrez ibili dira. Bost aste egin berri dituzte ateak itxita. Diotenez, ez da errentagarria ezarri dizkieten baldintza horietan zabaltzea. Diru laguntza zuzenak eskatu dizkiete erakunde publikoei. Azken hilabeteetan dozenaka protesta egin dituzte.

Tabernak zarratuta egon direnean, dendetan ere salmentek behera egin dute. Merkatari elkarteen arabera, ostalaritzak sortzen duen sozializazioa behar dute erosleak erakartzeko. Jaurlaritzak, foru aldundiak, udalek, eskualdeetako garapen elkarteek eta merkatari elkarteek bonu kanpainak egin dituzte. Diputazioak joan den astean abiatu zuen azkena, 100.000 bonurekin; egun bakarrean saldu zituzten guztiak. Merkataritzan urte ona janari dendek izan dute. Horren erakusle Mercabilbaok emandako datuak: 2020an, markak hautsi dituzte fruitu eta barazki salmentan.

Kaleratzeak fabriketan

Industria ez dabil hobeto. Aurretik ere eztulak jota zegoen autoen merkatua, eta pandemiarekin erabat gaixotu da. Mugikortasunari ipinitako mugen ondorioz, hegazkin gehienak lurrean daude geldi, eta aeronautika sektorea martxa hartu ezinik dabil. Udatik hona, Bizkaian hainbat izan dira bi arlo horietan lan erregulazio espedienteak eta langileen kaleratzeak iragarri dituzten enpresak.

ITP Aero multinazionalak 121 behargin kaleratuko ditu Zamudion duen plantatik. Taldeko PBC Precision Casting Bilbao enpresak, berriz, Barakaldon eta Sestaon dituen planetan diharduten 510 langileetatik 13 kaleratuko ditu. Autogintza arloko Gestampek Zamudion dituen GTS eta Matriceria Deusto itxiko ditu: 232 lanpostu galduko dira. Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio txostena ezarri du.

Azken berri txarra Igorretik iritsi zen, azaroan: Kelvion multinazionalak herrian duen planta zarratu eta 73 behargin kaleratuko ditu. Eskualdea kezkatuta dago, azken urteetan hainbat lantegi galdu dituztelako. Bilboko portuko zamaketariak 57 egunez greban egon dira; abenduaren 5ean utzi zuten, berriz negoziatzen hasteko. Urrian %35 tona gutxiago mugitu ziren portuan, grebagatik; apiriletik urrira, %13 gutxiago, pandemiagatik.