Garaipen handien murrua bota nahian dabil Lointek Gernika saskibaloi taldea

Garaipen handien murrua bota nahian dabil Lointek Gernika saskibaloi taldea

Peru Azpillaga Diez

Bizkaiko Hitza-k otsailean eman zuen Lointek Gernika saskibaloi taldearen garai goxoaren berri; historian saskiratzeko prest zegoen taldea. Garai horretan, inoizko denboraldirik onena egiten ari zen Mario Lopez entrenatzailearen taldea, eta, ordukoan bai, garaipen handi bat eskuratzearekin amesten zuten. Gernikako jokalariek era paregabean borobildu zuten denboraldiko lehenengo fasea: Hungarian Eurokopako final-zortzirenak jokatzeko sailkapena ziurtatu ostean, Espainiako Ligako bigarren postuari eutsi zioten, Valentziari luzapenean gailenduta.

“Momentu zoragarria da hau; emozionatuta gaude, pozarren”, nabarmendu zuen orduan Amaia Lezamiz Lointek Gernika Bizkaiako zuzendaritzako kideak. “Talde txikia gara, eta beldurra beti dago hor; ikusi beharko da noraino heltzeko gai garen, baina egindakoaz harro gaude”. Oso talde “sendoa” osatu dutela azaldu zuen Lezamizek, “izarrik gabekoa”: “Aldagelan ikusten da ez dagoela egorik. Talde izaera handia dugu, eta hor dago gakoa: denek bat egin dute, eta elkarrekin egiten dute lan”.

Hain zuzen ere, gernikarrek Valentzia gainditu behar zuten berriro ere Eurokopako hurrengo fasean aurrera egin ahal izateko, baina, etxeko joaneko partida galdu ostean, gernikarrak ez ziren gai izan Valentzian emaitza iraultzeko. Europako lehiaketatik kanpo geratu ziren. Bestelakoa izan zen norgehiagoka Espainiako Kopako finalerdietan: orduko horretan bai, Lointek Gernika suertatu zen garaile, eta finala jokatzeko sailkatu zen. Ligako talderik indartsuena izan zuen aurrean: Perfumerias Avenida. Malosteko taldea gogor saiatu zen bere lehen garaipen handia eskuratzen, baina, berriro ere, ezin izan zuten saria etxeratu.

Azkenean, hirugarren postuan bukatu zuten osasun larrialdiak baldintzatutako 2019-2020ko denboraldia. Taldeak inoiz lortutako posturik onena eskuratu zuen, beraz, baina ez zuen lortu garaipen handiak lortzetik banatzen duen murrua eraisterik.

Inoiz baino hurbilago dago taldea, baina jauzi handia emateko zain da oraindik. 2020-2021eko denboraldian, beraz, azken urtean eskapatu zitzaien garaipen handi hori eskuratzen saiatuko dira. Fitxaketa sasoian aldaketa batzuk egin dituzten arren, taldearen oinarri sendoa mantentzea lortu du Lointek Gernikak.

Denboraldi hasieran zalantzati abiatu baziren ere, etxean menderaezin jardun ostean, taulan gora egitea lortu dute pixkanaka. Etxeko garaipenei kanpoan lortutakoak gehituta, laugarren postuan sailkatuta amaitu dute Espainiako Ligako lehen itzulia, azken jardunaldian Ciudad de la Laguna Tenerife garaitu ostean. Postu horrekin, Espainiako Kopa lehiatzeko serieburu izango dira. “Lehen itzulia konplikatua izan da, eta sailkapenean laugarren amaitzeko helburua lortu dugu. Azken hilabete eta erdian, taldea asko hobetu da. Azken lau partidetan joko oso ona egin dugu”, azpimarratu du Mario Lopez entrenatzaileak.

Denboraldi honetan ere Eurokopan arituko dira. Osasun larrialdiaren ondorioz, formatu berria izango du txapelketak aurten. Urtarrilaren 17tik 23ra izango da multzokako sailkapen fasea, eta oraindik zehaztu gabe dagoen “burbuila egoitza batean” jokatuko dira multzoko norgehiagoka guztiak —sei izatetik hiru izatera igaroko dira—.

Maloste, gotorleku

Gernika-Lumoko Maloste kiroldegia da Lointek Gernika taldearen bilakaeraren irudi bizia: probaleku bat zen lehen, eta Eurokopako kantxa da orain. Harmailak lepo, Espainiako Lehen Mailako saskibaloi ligako aretorik zaratatsuenetariko bat da, partidetako momentu zailenetan “estutu” egiten duten horietakoa, Juana Molina jokalariaren hitzetan. “Oso txikia da; giro aparta du, eta asko animatzen dute. Aurkari gisa gorroto dituzun horietako bat da, baina, zure etxea denean, gozamen hutsa da”. Azken hilabeteetan harmailak hutsik aritu dira jokalariak; etxean indartsu jarraitu arren, sumatuko zuten zaleen falta.