Diru sarrerarik ez alokairua ordaintzeko

Diru sarrerarik ez alokairua ordaintzeko

Konfinamendu garaian, etxeek inoiz baino garrantzi handiagoa hartu zuten. Baina egoera hori bera alokairuak edo hipotekak ordaintzeko oztopo bilakatu zen milaka familiarentzat. Etxetik irten gabe, aldi baterako erregulazioan edo langabezian, diru sarrerak falta zituzten.

Akab Askatasun Kolektiborako Abokatuak kolektiboko kidea da Aratz Estonba. Bizkaiko Hitza-rekin egin zuen berba apirilean, eta esan zuen bi kezka nagusi zituela: batetik, alarma egoerak sortu zuen ezegonkortasun egoera aipatu zuen; herritarrek ez zekiten zer eskubide dituzten. Espainiako Gobernuak etxegabetzeak eten zituen sei hilabetez. Bestetik, alarma egoeraren ondoren etorri den egoera sozioekonomikoak ere kezkatzen du: “Zeintzuk izango dira lan baldintzak? Aldi baterako erregulazioak lana erregulatzeko txosten bilakatuko dira ondoren?”.

Testuinguru horretan sortu zen udaberrian Bilboko Maizterren Sindikatua. Berez, aurretik ere bazebiltzan taldea sortzeko lanean, baina konfinamenduak eragindako arazoek bizkortu egin zuten prozesua. Miguel Virizuela kideak azaldu zion Bizkaiko Hitza-ri zein den euren asmoa. Lehenik eta behin, maizterrei dituzten eskubide eta aukerak jakinarazi nahi dizkiete. “Alokairua arautzen duen legedia maiz aldatzen ari da. Dekretuen eta aginduen inguruko hausnarketa politiko bat egiten dugu. Aldi berean, laguntza ekonomikoak lortzeko zer-nolako baldintzak bete behar diren badakigu; beraz, orain aholkulari lanetan ari gara, larrialdi egoeran daudenei aurrera egiten laguntzeko”.

Aurrera begira, bestelako helburuak dituzte: “Arazo horiek kolektibizatzea eta subjektibotasun politiko bat denon artean eraikitzen hastea da asmoa. Hala ere, orain gure betebeharra da jendeak etxea ez galtzea, eta horretarako egin behar duguna da legedia ikasi eta diru laguntzak eskuratzen lagundu”.

Etxerik ez etxeratzeko

Ehunka herritar etxe barik harrapatu zituen etxeratze aginduak. Udalek kiroldegiak prestatu zituzten etxegabeen konfinamendurako. Bizkaiko Elizak ere hainbat babestu zituen. Orduan ohartu ziren erakundeen zenbaketek ziotena baino dezente etxegabe gehiago zeudela. Konfinamendua bukatu zenean, erakunde publikoek Lehen Urratsa egitasmoa ipini zuten martxan, etxegabeen gizarteratzea sustatzeko. Bestebiko Joseba Gayak “txalotzekoa” zela esan zuen, baina “epe laburrerako erantzuna” iritzi zion. Gizarte babeserako sareak “askoz indartsuagoa” izan behar duela esan zuen.