Desanexiorako lehen pausoak

Desanexiorako lehen pausoak

Ibai Maruri Bilbao

Azken urteetan, ez atzera ez aurrera egon da prozesua. Baina aurten, urte hasieran, Galdakaoko Udaleko osoko bilkurak pauso garrantzitsua eman zuen Usansolo Bizkaiko 113. herri bihurtzeko bidean. Begiak malkotan zituztela hartu zuten hainbat usansolotarrek erabakia: urtarrilaren 29an egindako bilkuran, oniritzia eman zioten batzorde mistoa eratzeari. Udal gobernua osatzen duten alderdiek ez ezik, EAJk ere babestu zuen, betidanik uzkur hartu badu ere desanexioa. PSE-EE izan zen aurka bozkatu zuen bakarra. Usansolo Herria plataformako zinegotzi Agustin Aizpuru pozik mintzatu da: “Guretzat, adrenalina txute bat izan da; hasierako bultzada izan da hau. Ez dago atzera-bueltarik”.

Gero, COVID-19aren pandemia iritsi zen, eta hainbat hilabetez berriro ere etenaldia izan du prozesuak. Baina azaroan iritsi zen beste pauso garrantzitsua: urtarrilean onartutako batzorde mistoak lehen bilera egin zuen hilaren 11n. Lan jakin bat izango du batzordeak: Usansoloren segregazioari buruz Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu beharreko azken txostena egitea. Agiri horretan, Usansoloren eta Galdakaoren arteko banaketak ekarriko lituzkeen eragin ekonomiko, juridiko eta praktikoak jaso behar dira, zehatz. Lan horiek arlo bakoitzean adituak diren taldeek egin ditzaten, kontratazioak martxan jartzea izango da batzordearen lehen lana. Lau hilabete ditu txosten hori egiteko.

Honela osatuta dago batzordea: Galdakaoren ordezkari gisa arituko dira alkatea, udaleko idazkari nagusia eta, udal hauteskundeen emaitzei jarraikiz, EH Bilduko eta EAJko ordezkari bana. Usansoloren ordezkaritza ere hauteskundeetako emaitzen araberakoa da: Usansolo Herriak bi ordezkari ditu, eta bat EAJk. Horiez gain, Bizkaiko Foru Aldundiko bi teknikari arituko dira batzordean. Iñigo Hernando alkatea izango da batzordeko presidentea.

Galdakaoko Udalak osatutako egutegiaren arabera, desanexioari buruzko galdeketa 2021eko azken hiruhilekoan izango da.