Boluntarioen sareak, kalteberenak laguntzeko

Martxoaren 14an sartu zen indarrean Espainiako Gobernuak ezarritako etxeratze agindua. Hurrengo hamabost egunetan, ezingo zen kalera atera, ez bazen lehen mailako premiak asetzeko —erosketak egin edo medikuarenera joan, kasurako— edo beharrera joateko. Azkenean, maiatzera arte luzatu zen konfinamendua. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin eta biharamunean izan zuten lehen bilera, Bilboko Zazpikaleetan. Bizkaiko Hitza-ri kontatu zioten apirilean: “Larrialdi egoeraz ohartu ginenean, eta auzoko Greba Komitean elkartzen ginen norbanako zein auzoko eragileen markoaz baliatuz, sarea antolatzen hasi ginen. Badakigu ezin garela geratu soilik sistema kapitalistak utzitako hutsuneetan partxeak jartzean, zaintza lan koiunturaletan. Baina hortik abiatuta hasi zen gure bidea, larrialdi egoeran sortutako beharrei erantzuna emateko auzo asanblada batera deituz”. Hala sortu zen Bilboko Alde Zaharreko elkartasun Sarea. Aldi berean, Bizkaiko auzo eta herrietan antzeko sare gehiago sortzen hasi ziren.

Umeak zaintzeko eta erosketak egiteko laguntza eskaintzen zuten hasieran. Baina, apurka-apurka, konfinamenduak eragindako premiak ere haziz joan ziren. Auzoko beste eragile batzuekin elkarlanean, etxebizitza, lan baldintzak, merkataritza eta hezkuntza ere jorratzen ibili ziren. “Eskubideak urratu dizkietenen deiak jaso ditugu, lanetik bota dituztelako edo laneko baldintzak salatzeko”. Gernika-Lumoko Zaintza Sareak kontatu zion Bizkaiko Hitza-ri eurenean eskaerek izan zuten bilakaerak kezka eragiten ziela: “Hasieran, babes materialaren eskaera zelako nagusi, baina orain, erosketak eta oinarrizko beharrizanen eskaerak gora egin du. Adibidez, larrialdi egoeran zegoen familia bati janaria, arropa eta oinetakoak eman behar izan dizkiogu”.

Herri mugimenduaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Gara boluntario sarea sortu zuen martxoaren 15ean. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Guztion Artean programa. Bi egitasmo horiei esker, ehunka boluntario gehiago gerturatu ziren Bilboko Elizbarrutiko Caritasera eta Bizkaiko Gurutze Gorrira. Caritasek aparteko lana egin zuen bakarrik isolatuta geratu ziren adinekoei eta mendekoei lagun egiten.