Balantzea

Kostatuta harrapatu dut azken pertsonaia. Joder, edo ekosistema alu honetan gero eta jende interesgarri gutxiago dago, edo ni zaharregia naiz tranpero ibiltzeko. Joan naiz erredakziora pertsonaiaren larrua saltzera, eta ez didate, ba, esan ehiza kobratu nahi badut, urteko balantzea ere egin behar dudala, urte bukaerako ale berezi baterako…

Tranperoa naiz, ez tertulianoa. Pikutara balantzea, ez nago hausnarketak egiteko. Bi asteko zorra daukat pentsioan, eta, gaur kitatzen ez badut, kalera botako nau ugazabak. Nahi badute, beste pertsonaia bat ekarriko diet. Bestela, doazela pikutara.

Ez daukat astirik tranpa berriak ipintzen hasteko, beraz, topiko ergeletara joko dut zuzenean. Jantoki sozial batera joango naiz, krisiak gogorren zigortutako jendeagana eta bla, bla, bla… Jendea txolindu egiten da Gabonetan istorio melengekin; badakizue, Dickens, hator hator mutil etxera, eta maratoi solidarioak.

Eguerdia da, eta jantokia gainezka. Primeran. Bestalde, amorrua. Joder, barruan odol tanta bakar bat geratzen zaigun bitartean, norberak bilatu behar du ahora zer eraman, eta ez beste inoren zopa babuaren eskean joan. Horrela ikusten dut nik, pentsa nitaz nahi duzuena.

Hasi naiz, ba, galdezka, eta erantzun zakarrak baino ez ditut jaso. Sartzeko nire aferetan, pikutara joateko. Ostia, otzanak ziruditen, sena galtzen ari naiz ala zer arraio. Dirua premia gorriaz behar dudala pentsatzeak ere ez dit lagundu, tiroa egiteko pultsu barea behar da eta.

Otsoa artaldean bezala sartu naiz, zabuka, baldar, eta ,konturatu orduko, bakarrik nengoen jantokian, ehiza guztia alde eginda. Komunera joan naiz etsita. Neure burua ikusi dut ispiluan, aspaldiko partez. Zahartu naiz, arraio, ez nau harritzen ehizarik egin ez izanak.

Irten eta andre bat hurbildu zait, jantokian boluntario dabilen sasimoja horietako bat, eta mesedez plater bero bat hartu gabe ez joateko. Bereak eta bost esatera nindoan, baina mahaigaineko porrusalda beroaren lurrunak ahoa itxi dit. Ogian bustita hartu dut, tutik esan gabe. Ondoren, solomoa xerra. Eta sagar bat. Beste bat eskaini dit biderako. Ez diot ezetz esan.

Jende hori gauean ere etorriko al den galdetu diot. “Ze jende?”, berak. “Eskale horiek”, nik. Ea afaltzera ere badatozen. Bazkariak baino ez omen dituztela eskaintzen, esan dit berak, ea zergatik galdetzen nuen. Ez nuen azalpenak ematen hasteko gogorik, eta ez diot erantzun.

Kalera irten naiz, jantokiaren inguruan alproja horietakoren bat harrapatzekotan. Ez da nire eguna. Ez dakit zenbat denbora eman dudan inguruotan zelatan, baina leher eginda banku batean eseri naizenerako jada gaua zen. Euria ere hasi da. Ez naiz mugitu. Haserre nago. Eskale alfer puta horiek, lanik egin nahi ez, eta, gainera, zutabe ziztrin batean ere agertzeko ezgauza. Kabroiak.

Itzal bat sentitu dut ondoan. Gora begira eta eguerdiko andrea zen, lehengo irribarre lelo berdinarekin. Gauean hotza egingo duela, eta ez dakit nongo aterpera joateko. Txartela sartu dit poltsikoan. Oraingoan ez naiz mutu geratu. Biraoka hasi natzaio, eta izututa alde egin du. Besterik ez nuen behar.

Pentsiorako bidean jarri naiz. Euria bortzitu egin da. Orduan gogoratu naiz gaur kazarik gabe noala eta ez didatela gelan sartzen utziko. Akaso amore eman eta urteko balantze babu hura egin beharko nuke, kobratu ahal izateko, baina, joder, zertaz hitz egingo dut, ba. Poltsikotik andreak utzitako txartela hartu dut. Ez dago urrun. Gau bategatik, aguantatu ahal izango dut jendilajea. Alfer alaenak.