Zaletuak sortzeko

Zaletuak sortzeko

Ibai Maruri Bilbao

Euskara izango du ardatz nagusia, baina euskal andre sortzaileen lanak erakustea ere izango du helburu. Kontzertuak, bertso saioak, literatur irakurketak, tailerrak eta hitzaldiak… Hamaika jarduera dituen egitarau bat prestatu dute, eta andreek sortutakoak izango dira %80 baino gehiago. Sormene du izena Galdakaoko jaialdi sortu berriak, eta datorren astelehenean abiatuko da. Astebetez egingo da. Irauteko sortuko da, gainera, eta kultur egitasmo “berritzaileen” plaza izateko. Torrezabal kultur etxea izango du egoitza. Aurten bai, behintzat. Dena den, ekitaldi gehienak sarean ere ikusi ahal izango dira, pandemiaren ondorioz parte hartzaile eta ikusle kopurua mugatuta egongo da eta. Sormene.eus da jaialdiaren web orria, eta han eskainiko dituzte streaming bidez.

Gotzon Barandiaran da jaialdiaren zuzendari artistikoa, eta Sormenek duen garrantzia aipatu du: “Plazak desagertzen ari zaizkigu, euskara eta euskal kultura ahotsa galtzen ari dira, eta, oso ilun dagoen sasoi honetan, euskal kulturarentzat argi bat izan nahi du”. 34 sortzailetik gora batuko dituzte, guztira, astebetean. 90.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak. Astelehenetik barikura, Galdakaoko ikastetxeentzat diseinatutako ekitaldiak egingo dituzte goizez, eta, gero, arratsaldez egingo dira emanaldiak. Asteburuan, berriz, arratsaldeko saioez gain, Ahotsenearekin antolatutako literatur zein musika aurkezpenak izango dira egun osoan.

“Integralagoa”

Jaialdiaren funtsa ez da ikuskizunak, kontzertuak edo emanaldiak eskaintzea soilik. Barandiaranen esanetan, “kultur eskaintza osoagoaren barruan” dago egitasmoa. “Daukagun erronka nagusia da kulturazaleak sortzea, ez dugulako zale nahikorik ekosistema osasuntsu bat edukitzeko; eta ez da nahikoa kultur eskaintzaren errenkada bat antolatzea; lanketa integralago bat behar dugu”. Horregatik, dagoeneko baden kultur eskaintza “aberastea” da Sormeneren asmoa. Helburu hori betetzeko jarriko dute martxan eskolekin lantzeko programa.

Jaialdia joan den udaberrian egin gura izan zuen Galdakaoko Udalak, baina atzeratu egin behar izan zuten, COVID-19ak sortutako osasun larrialdiaren eraginez. Udazkenera pasatu zuten lehenengo, eta, ikusita egoerak ez zuela hobera egiten, azkenean abendura ekarri dute. Edurne Espilla Galdakaoko Euskara zinegotziak esan du birmoldatuta bada ere egitea erabaki dutela, baldintzak onenak izan ez arren: “Guk beste Sormene bat irudikatzen dugu: kalean. Artistaren eta hartzailearen arteko harremana ardatz izango duena. Baina aurten ez da posible izango”.

Herrian egin ohi zen disko eta liburu azoka da Sormeneren abiapuntua. Azken urteetako beherakadak gai hori azterrarazi zien udaleko ordezkariei. Eragileekin egindako bilkuretatik atera zen euskal kultura ardatz hartuko zuen kultur programazio bat antolatzeko ideia. Salmentak urritu direnez, azoka ez den beste formatu bat hautatu dute: kulturazaleak sortuko dituena.