Poetarenak

Patxo Telleria

Zorteak nire alde jo du aspaldiko partez. Asteak eman ditut hiriko bazterrak nahasten pertsonaia baten bila, alferrik. Amore emanda, parkean eseri naiz, eta, hara, neure eskuetara etorri zait harrapakina, otzan. Garai batean arbuiatuko nukeen honelako sarraski errazegia, nire ehiztari senak bekokiko izerdiaz, kostatuta harrapaturikoa baino ez zukeen onartuko, baina orain ez dago giro harrapakin bati muzinik egiteko, haratustela bada ere.

Nire ondoan eseri da, karpeta higatu bat besapean. Ez dut ezagutzen. Berak, ordea, ba omen du nire lanbidearen berri. Bere burua eskaintzera etorri zait, zutabe baterako. Ea ze meritu dituen galdetu diot nik, axolagabe, eta kontari hasi da.

Sekula poemarik argitaratu gabeko poeta da. Duela bost urte kartzelan sartu zuten, auzoko emakume baten hilketaren errudun aurkitu zutelako. Poetak idatzitako maitasun poemak aurkitu ziren hildakoaren etxean. Eskuizkribuotan bere maitasun sutsu eta etsia aitortzen zion. Susmagarri bakarra zen bera, eta erraz aitortu zuen pasiozko hilketa galdeketetan. Berrogei urteko zigorra ezarri zioten. Argitaletxe bat poemak argitaratzeko prest agertu zen, kasuak sortutako morboa baliatuz.

Zoriontsua zen poeta. Kartzelan hilko zen, baina liburu bat argitaratuko zioten azkenean ere. Bere usteak ustel, ordea. Liburua inprimategian zegoela, Poliziak benetako hiltzailea aurkitu zuen kasualitatez, lapur baldres bat. Alferrik saiatu zen poeta bere erruduntasuna defendatzen. Presiopean aitortu zuen egia azkenean: auzokoaren pisuko giltza zeukan, udan emakumearen loreak ureztatzen zituelako. Emakumea hilik agertu zen egun berean, forentseak gorpua atera eta etxea hutsik geratu zenean, sartu eta poemak gorde zituen, ikertzaileek erraz aurkituko zituzten txoko batean. Poemak ez omen zeuden emakume horrentzat idatziak. Itxaropenik gabeko maitasun garratza zen poetaren gaia, izenik eta izaterik gabeko emakume batekiko.

Kartzelatik atera zuten. Argitaletxeak liburuaren inprimaketa geldiarazi zuen. Poeta libre zegoen, baina argitaratu gabea. Inork ez du inoiz askatasuna hainbeste mespretxatu.

Poetak ez zuen, haatik, amore eman. Idazten jarraitu du gaurdaino, maitasunaren gaia betirako baztertuz. Ez du galdu liburu bat argitaratzeko esperantza, eta ni omen naiz bere asmoaren giltzarrietako bat. Bere istorioa debalde eskainiko dit, zutabe honetan argitaratzeko. Trukean nik azken urteotan idatzi dituen poemak liburu bihurtzeko diligentziak egin behar omen ditut. Karpeta eskuetan utzi dit. “Ez zaizu askorik kostatuko; laster ulertuko duzu zergatik”. Hitz horiek esanda joan egin da, agur esan gabe.

Karpeta ireki eta izenburua irakurri dut: Suizida baten poemak. Gainetik irakurri ditut. Ez naiz poesia zalea, baina esango nuke kakaren hurrengoa direla. Ai… poeta gaixoak zorte txarra du, benetan. Bere ilusio guztiak nor eta ni bezalako baten esku uztea ere… Nik bere istorioa daukat jada. Itunaren nire partea gainbegiratuko duenik ez dago. Ehiztariaren lehenengo legea: esfortzuen ekonomia. Urruntzen ikusi dut poeta, autobidea gainditzen duen biaduktura bidean.

Nirekin suminduko da baten bat, badakit, amorrazioa modan dago aspalditxoan. Nire defentsan aitortu behar dut hasieran bere atzetik korrika irteteko bihozkada sentitu dudala, baina hobeto pentsatu dut. Nor naiz ni poeta baten borondatea zapuzteko?

Gainera, honelako pertsonaia batek gehiago balio du hilik, bizirik baino.