Pagasarriko basurde ehiza salatu dute

Pagasarriko basurde ehiza salatu dute

Natalia Salazar Orbe

Ezustea hartu zuten azaroaren 29an, igandez, Pagasarrira joan ziren mendigoizaleek: kontuz ibiltzeko kartelak aurkitu zituzten bidean; basurdeak ehizatzeko uxaldiak egiten ari zirela adierazten zieten mezuok. Ekologistak Martxan taldeak salatu du jarduera horrek sor zezakeen arriskuaz gain ehizaldiak hainbat lege eta araudi urratu dituela.

Taldeak adierazi duenez, “tiroak, zarata eta bide batzuetan eskopetak zeramatzaten ehiztariak” aurkitu zituzten Pagasarrira eta Arnotegi eta Bolintxu inguruetara ibilaldiak egin zituztenek. Uste dute asteburu batean era horretako gune jendetsu batean ehiza uxaldi bat egitea “beti ausarkeria” bada, aurten are larriagoa dela, “COVID-19aren ondorioz ezarritako murrizketak eta itxierak direla-eta mendizale ugari joaten delako. Uxaldiak arriskuan jarri ahal izan ditu Bolintxu eta Arnotegiko bideetan zebiltzan pertsonak”. Taldeak adierazi du familia giroan zihoazen askok buelta eman behar izan zutela, kartelak eta eskuan eskopetak zituzten ehiztariak ikusita.

Arriskuaz gain, lege urraketak ere salatu dituzte. “Udal eremuan ehiza jarduera oro debekatzen duen Bilboko Udaleko Berdeguneei buruzko ordenantza ez zen bete”. Horrez gain, Pagasarri Mendiko Plan Berezia ere urratu zutela ekarri dute gogora: “Ehiza debekatu ez ezik, motordun ibilgailuen zirkulazioa ere debekatzen du. Uxaldian, lur orotako ibilgailuekin ibili ziren mendi-bide batzuetan”.

Ehiza egitea, debekatuta

Uxaldiak Ehizaren 2/2001 Legea urratu zuela ekarri du gogora taldeak: “oinezkoak ibil daitezkeen bideetan eta inguruetan eskopetak zorroetatik kanpo eramatea eta ehizan egitea debekatzen du”. Eta, azaldu dutenez, esaten du “eremu batean jendetza badago ezingo dela ehiza egin jendetza hori dagoen bitartean”.

Egoera hori ikusita, Ekologistak Martxan taldeak hiru eskaera egin dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari, aurrera begira gerta litezkeen antzeko egoerak ekidin ahal izateko. Batetik, COVID-19aren pandemiak irauten duen bitartean behintzat, asteburuetan eta jai egunetan Bizkaiko mendietan edozein ehiza jarduera debekatzeko eskatu dio.

Horrez gain, Pagasarri inguruko uxaldian zer gertatu zen iker dezala eta uxaldian parte hartu zutenei dagozkien zigorrak ezar diezazkietela eskatu diote. Bizkaiko Foru Aldundiari galdegin diote ehiza jarduerak kontrola ditzala, ezarritako araudiak hautsi ez daitezen.

Aldundiaz gain, Bilboko Udalari ere mintzatu zaio taldea, uste dutelako hari ere badagokiola neurriak hartzea. Eskaera zuzena egin dio: “Beharrezkoak diren baliabideak jar ditzala araudiak bete daitezen, baita antzeko egoerak berriro gerta ez daitezela ere, hari dagokio-eta zaintzea Bilboko jendarteak mendiez askatasunez gozatu ahal izatea”.