“Ilustrazioa duen garrantzia hartzen ari da album ilustratuei esker”

“Ilustrazioa duen garrantzia hartzen ari da album ilustratuei esker”

I. Maruri Bilbao

Karmele Gorroño (Galdakao, 1997) ilustratzaileak emango dio hasiera Sormene jaialdiari, astelehenean. Herriko DBHko ikasleei ilustrazio tailer bat emango die: “COVID-19a dela eta, ez da nik nahi nukeen besteko praktikoa izango. Lana zelan egiten dugun irakatsiko diet, nola sortu, eta ariketa bat egin beharko dute”.

Ilustrazioa eta pintura: zer da bakoitza?

Ilustrazioa lotuago dago testu bati, eta horregatik narratiboagoa izaten da. Normalean euskarria papera izaten da. Egia da gaur egun ilustrazioaren esparrua gero eta gehiago zabaltzen ari dela.

Irene Iruretarekin batera, Irrimarra ilustratzaile bikotea osatzen duzu. Dena elkarlanean sortzen duzue. Nola egiten da hori ilustrazio batean?

Unibertsitatean hasi ginen elkarrekin lanean. Eta hasi ginen elkarrekin estilo bat sortzen. Inoiz ez dugu egin bakoitzak zerbait bere estiloan eta gero batu. Beti marraztu izan dugu batera. Denborarekin lortu dugun zerbait da. Oso ondo ulertzen dugu elkar. Batek zerbait esaten duenean, besteak oso modu antzekoan irudikatzen du. Orain beste batekin hasiko banintz marrazten, aldea erraz nabarituko litzateke. Guk beti egin dugu lan ilustratzaile bakarra izango bagina bezala. Ez ginen hasi hori lortzeko asmotan, baina ohitu egin ginen eta gustatu zitzaigun. Ez genuen hori bilatu.

Zuen lanei erreparatuz gero, emakumearen presentzia nabarmena da. Zergatik?

Lan asko tokatu zaizkigu horren inguruan, eta gustatzen zaigu emakume ezberdinak irudikatzea. Guk oso forma organikoak egiten ditugu, eta andreen gorputzetan hori asko gustatzen zaigu.

Kolore biziak ere bai.

Bai, koloreak asko erabiltzen ditugu; larregi, agian. Baina hori gustu kontua da, ez dago arrazoi zehatz batengatik eginda.

Sormeneren helburuetako bat andre sortzaileon lana plazaratzea da. Halako gutxi duzue?

Emakume sortzaileok gure lekua izan behar dugu, eta orain arte ez da horrela izan. Oraindik ere esparru askotan ezberdintasun hori dago. Gizonezkoak ezagunagoak edo nabarmenagoak dira idazleen eta ilustratzaileen artean. Gehiago ere badira, baina hori aldatzen ari da, eta emakumeei euren lekua eman behar zaie, aldaketa hori sustatzeko.

Idazleak aipatu dituzu. Ilustratzaileak, oro har, ez zarete haien itzalean geratzen normalean, gizon zein emakume izan?

Espero dut hori ere denborarekin aldatzen joatea. Beti izan da horrela. Liburu bat bilatzen duzunean ere idazlearen izenetik bilatzen duzu beti. Album ilustratuak gero eta gehiago ari dira argitaratzen, eta horri esker ilustrazioa ari da garrantzia hartzen. Alde horretatik, ilustratzaileen lana erakusteko ere lana egiten dela esango nuke.

Koldo Izagirrerekin bukatu berri duzue Altzoko Handiaren ilustrazio liburuen bilduma. Kasu horretan izan duzue garrantzia.

Proiektuaren arabera, ezberdina izaten da. Koldok hasieratik lekua utzi zigun. Elkarlana egin dugu: ez da izan testu bat eman eta gero ilustrazioak sortu. Elkarrekin ibili gara sortze lanean. Ez da ohikoena izaten batera sortzea.

Argazkian, Karmele Gorroño, ezkerrean.