Diputazioak inoizko diru gehien izango du, zorpetu egingo delako

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021erako aurrekontu proiektua Batzar Nagusietara bidali du. Bederatzi sailek 1.358,8 milioi izango dituzte, “Bizkaiak behar dituen trantsizioak” egiteko.

Ibai Maruri Bilbao

Foru Aldundiak joan den barikuan aurkeztu zuen Bizkaiko 2021eko aurrekontu proiektua prentsaurrean, Bilbon. Asteon eroan du Batzar Nagusietara, eta hurrengoan igaroko dira handik diputatuak, bakoitzak bere saileko xehetasunak emateko batzarkideen aurrean. Ondo bidean, otsailean onartuko dituzte. “Seguruenik, hil bukaeran”, esan du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza foru diputatuak. “Egin kasu niri: hasieran izango da”, zuzendu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bizkaiko Ogasunak taxututako aurrekontua 7.970,8 milioi eurokoa da; aurten baino %6 gutxiagokoa, zerga bilketaren beherakadagatik. “Hori gertatzen da kontzertu ekonomikoarekin: gauzak oker doazenean, ez datorrela inor laguntzera”, esan du Iruarrizagak. Beherakada maileguekin orekatuko dute; 300 milioi zorpetuko da aldundia.

Aurrekontuko ia 8.000 milioi horiei beste erakundeei dagokiena kendu behar zaie; baita zorraren interesak eta langileen soldatak ordaintzera bideratutakoa ere. Bizkaitik aurten baino gutxiago jasoko dute Espainiako Gobernuak (ia herena) eta Eusko Jaurlaritzak (%8,4). Udalek antzeko, eta %5,2 gehiago Batzar Nagusiek. Hala, diputazioa osatzen duten bederatzi sailei 1.358,8 milioi geratuko zaizkie. Hau da, aurten baino %5,9 gehiago. Inoizko gehien. “Orain Bizkaiari indar egitea dagokio aldundiari, eta horretarako zorpetuko gara, gure egoera finantzarioak ahalbidetzen du eta. Egoera egonkortzean, zorra ordaintzea izango da lehentasuna, berriro okertzen denean zorpetzeko moduan egoteko”, ohartarazi du Rementeriak. Kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoaren iraileko bilkuran adostu zuten euskal erakundeek eta Espainiako Gobernuak diputazioek euren gastu muga izatea, zorpetzeko gaitasuna berreskuratuz.

Azkeneko urtean Bizkaiak ezarritako lau erronkak gogoratu ditu: soziosanitarioa, mugikortasun jasangarriarena, digitalizazioa eta energia eredua. Sailetako aurrekontuarekin “Bizkaiak behar dituen” lau trantsizio horiek indartzeko egingo dute lan. Guztira, erronka horrek aurten baino 87 milioi gehiago jasoko ditu.

GIZARTE EKINTZA. Sei Etxetic zentro
Aldundiaren lehentasuna “arreta espezializatua” dela esan du Rementeriak: “iraupen luzeko zaintza hobetzea, eta etxean ahalik eta luzaroen eskaintzea”. Helburu horrekin, Etxetic egitasmoa iragarri zuen urte hasieran: teknologia berrien laguntzarekin etxeko zaintza indartzen duen proiektu bat da. Hau da, etxean dagoenaren unean uneko egoera aztertu eta monitorizatuko dute zentro berezi batzuetatik. Bilboko Indautxu auzoan dago proba zentroa. Datorren urtean halako sei egongo dira, eta hori lortzeko 4,8 milioi erabiliko dira. Datozen hiru urteetan zentro horiek 22 izatea dute helburu. Batez beste, bakoitzetik euren etxeetan dauden 750 adinekori eta mendekori eman nahi zaie arreta. Etxeko zaintzaileentzako formakuntzarako plan bat sortuko dute.Ildo beretik, Bizkaian adinekoen egoitza txikien aldeko apustua egingo du aurrerantzean. Eta, hori errazteko, ospitaleen eta adinekoen egoitzen erdibide zentro espezializatu batzuk sortu gura ditu Eusko Jaurlaritzarekin. Pandemia hasi zenetik Birjinetxe egoitza tankera horretako zerbitzua eskaintzen ari da. Guztira, aurten baino hamar milioi gehiago bideratuko dira gizarte ekintza arloaren birmoldaketa prozesura.

MUGIKORTASUNA. Bidegorriak eta berdeak
“Trena, bizikleta eta zapatila dira gure mugikortasun ereduaren oinarriak”, adierazi du Rementeriak. Bilboko metroak 49 milioi euro jasoko ditu. “Garaiz iritsiz gero”, 5. linea [Galdakaorakoa] egiten hasi aurretiko lanetarako beste hiru milioi erabiliko lirateke. Pandemiak metroan eta Bizkaibusen eragindako diru sarreren beherakadari ere diputazioak egingo dio aurre.Lehen bizipista edo herri arteko gaitasun handiko bidegorria eraikitzen hasiko da diputazioa: Zornotzatik Durangora arteko ibilbidea izango du. Bide berde bi ere eraikiko dituzte. Bata Bermeotik Bakiora joango da, Gaztelugatxe paretik. Besteak Txorierri eta Bilbo lotuko ditu. Lezamako trenbide zaharretik. Guztira, aurten baino 55 milioi gehiago bideratuko ditu foru aldundiak mugikortasun iraunkorra bultzatzera.

dipu1

DIGITALIZAZIOA. Banda zabala
“Herri edo auzorik apartekoena ere Bizkaia da, eta hara arte eramango dugu banda zabala”, iragarri du Rementeriak. Horretarako bost milioi euroren inbertsioa egingo dute datorren urtean. Urdulizko dorrea ere martxan hasiko da. Bost solairu hartuko ditu Bizkaia Eskola 42 ekimenak; profil digitalak sortzeko prestakuntza digitala eskainiko dute han. Aurki aurkeztuko dute tokiko merkataritza txiki eta enpresa txiki eta ertainak digitalizatzeko programa berria ere. Guztira, digitalizazio trantsiziorako aurrekontuak 11 milioi gehiago izango ditu datorren urtean.
ENERGIA. Hidrogenoa eta ibilgailuak
Energia berriztagarri eta ez- kutsagarrien aldeko apustua egin nahi du Bizkaiak. Hidrogenoaren inguruko ikerketaren erreferente bihurtu nahi du Bizkaiak Europan, eta horretan arituko dira Abantoko teknologia parkean, Energy Intelligence Centerren. Zornotzako Automotive Intelligence Centerren, auto elektrikoa lantzen jarraituko da. Biek 10,3 milioiren inbertsioa jasoko dute.
GUTXIAGO DUTEN SAILAK. Ekarpenak apalduko dira
Bederatzi sailetatik hiruk aurrekontu apalagoa izango dute. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak diru ekarpen txikiagoa egingo dio Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoari, horrek aski baitu aurrekontu propioarekin. Ekonomia Sustatzeko Sailak ere gutxiago eman beharko dio BEC erakustazokari, zorra birfinantzatzea lortu duelako. Ogasun eta Finantza Sailak, azkenik, iaz egin zituen Batuz programa eta errenta sistema berria martxan jartzeko inbertsio nagusienak.
UDALAK. 60 milioi, zorpetzeko
2012tik udalak ezin dira zorpetu; Espainiako legediak debekatu egiten die. Hala, diputazioak bere maileguetatik 60 milioi ipiniko ditu 112 udalen eskura, baina baldintza batzuk bete beharko dituzte.