Bizkaitar DNA egosi zen labea

Bizkaitar DNA egosi zen labea

Zihara Jainaga Larrinaga

Ortuellako Peñas Negras Interpretazio Zentroak mendiko burdinola baten 1:1 eskalako lehen erreprodukzioa izango du inguruan. Egun, eraikitzen ari dira. Ortuellako Udalak sustatuta, Javi Franco arkeologoa ari da proiektuaren gidari. Proiektua, baina, Euskal Herriko Meatzaritza Museoak egindako 18 urteko ikerketaren fruitua da. Francok azaldu duenez, industriaurreko garaiko instalazio baten erreprodukzioa egiten ari dira. Instalazio horretan, gai ziren modu artisauan beroa erabiliz lurretik ateratako minerala metal bihurtzeko. Bizkaian, prozedura hori Kristo aurreko XV. mendearen eta Kristo ondorengo XV. mendearen artean egiten zen.

Gainera, halako lantegi bat erreproduzitzen den lehen aldia da, eta erreprodukzioaren bidez, burdinolaren prozedura pausoz pauso berreskuratu dute. Francok adierazi du halako ikerketei dagokienez haiena dela, Europan behinik behin, aurreratuen doan taldea. “Aztarnategi ezezaguna da. Baita oso gurea ere. Are gehiago, ezinbesteko garrantzia du ondareari dagokionez”, esan du Francok. Euskal Herriko Meatzaritza Museoko arkeologo boluntarioen taldeko kide da, eta baita EHUko Arkeologia Ikerketa Taldekoa ere.

Haizeolaren erreprodukzioa, zehazki, aztarnategia dagoen tokitik 300 metrora dago, interpretazio zentrotik oso gertu. “Eskala naturaleko erreprodukzio fidel bat egitea erabaki genuen”, azaldu du Francok. Hain zuzen, prozesua nolakoa zen ezagutzera ematea da xedea; nola lan egiten zuten erakustea. Lehenik, ikatza hartzen zuten. Gero, menditik ekarritako minerala sutan jartzen zen; horrela, minerala errazago apurtzen zen. Minerala txiki-txiki egin, eta erredukzio labera pasatzen ziren, eta han egiten zen eraldaketa guztia. Hala azaldu ditu Francok prozesuaren nondik norakoak. Aztarnategia aurkitu zutenean, dena lur azpian zegoen, eta burdinolako labea kontserbazio egoera onean agertu zen; baita gune zirkular esanguratsu bat eta txigortzeko beste labe bat ere.

EHUko arkeologoek adierazi izan dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mota horretako 3.000 aztarnategi baino gehiago daudela, eta Bizkaian, zehazki, 170 bat aztarnategiren inbentarioa egin dute. “Bizkaian dauden aztarnategi guztien %11 baino ez dugu induskatu”, gaineratu du Francok. Inbentario horrekin solik nahikoa da erakusteko mendiko burdinolen jarduera adituek uste zuten baino askoz ere orokorragoa eta garrantzitsuagoa izan zela.

Europan, aitzindari

Francok azaldu duenez, oro har, aztarnategi xumeak dira aurkitutakoak, eskulangile oso espezializatuen, olagizonen, ekoizpen lantegiak. “Edozeinek ez zekien burdina egiten”. Maisuetatik ikasleetara igarotzen zen prozesua. Halaber, hainbeste aztarnategi egotearen ondorioz, Bizkaia garai historiko hartako aztarnategi arkeologiko gehien zeukaten tokietako bat da Europan. “Mota honetako aztarnategi gehien dituzten Europako eremuetako bat da Bizkaia”, azaldu du Francok. Halaber, horrek agerian uzten du finkatutako lana zela. “Esan daiteke bizkaitarrok DNAn daramagula burdina”.

Burdinola horiek lehengaiak zeuden inguruan jarri, eta bertan eraikitzen ziren. Alde batetik, kalitate oneko minerala zegoen. Hain zuzen ere, Francok azaldu duenez, Bizkaian lau mineral mota daude, eta puruena zena aukeratzen zen. Karbonoa ere egoten zen inguruan, eta iturburu edo erreka txikiren batetik gertu jartzen ziren, ura behar baitzuten ekoizpen prozesuko urrats batzuetarako. Burdinola erabiltzen hasi aurretik, minerala garbitzeko edo txigortzeko, olagizonek egun bat baino gehiago behar zuten burdin galdaketa egiteko. Peñas Negrasen kasuan, burdina ekoizteko lantegiaz gain, bizilekua dirudien zulo txiki bat ere aurkitu dute; elementu nagusia burdina urtzeko erredukzio labea da han. Horrez gain, Erdi Aroko zeramika ere aurkitu dute, baita zepazko zoru bat duen metro eta erdiko gune biribil bat ere; tresnak uzteko aterpe txiki bat omen zen.

Adituen arabera, aurkikuntza hauek erakusten dute tokia nahita aukeratua zela; hots, minerala gertu egoten zen beti. Are gehiago, aztarnategiko ikatz analisien arabera, adituek badakite inguru horietan haritz baso bat eta hurritz bakanen bat zegoela. Francok gaineratu du esan dezaketela XI. eta XII. mendeetako mendiko burdinola bat erreproduzitzen ari direla.

Garrantzi berezia

Halaber, azpimarratu duenez, Peñas Negras aztarnategiko erreprodukzioaren gauzarik esanguratsuena da mendiko burdinola baten aztarnategiaren erreprodukzioa egiten den lehen aldia dela. “Aztarnategiei merezi duten garrantzia eman behar zaie; nahiko apalak izanik, ugariak ziren”, aipatu du Francok. Gainera, nabarmendu du erreprodukzio hau Bizkaian zegoen burdinaren lanari garrantzia emateko modu bat ere badela. “Ahotsa eman nahi diegu lan espezializatu hori egin zutenei; maisu espezialistak izatetik galdutako ikasle belaunaldiak izatera igaro gara”. Alabaina, galdutako hori arkeologiaren bidez berreskuratzen ari direla esan du Francok.

Erreprodukzioa ia 2.000 urtetan martxan izandako jardunbidea jendeari modu guztiz artisau baina oso tekniko batean irakasteko modu oso grafikoa dela uste du. “Hain teknikoa da, burdinoletan espezializatutako Europako arkeologo aditu guztiek ez dutela sinesten”. Indusketek ematen dutenaz gain, arkeologia esperimentala ere egiten ari dira Ortuellan: antzinako olagizonen bizimodura gerturatzeko ariketa bat egin nahi dute, eta hala jakingo dute noiz, non eta nola lan egiten zuten. Hau da, zenbat denbora behar den labe bat egiteko, martxan jartzeko… “Idatzi gabe zegoen ezagutza berreskuratu dugu”.