Beste 25 betetzeko indarrez

Beste 25 betetzeko indarrez

Peru Azpillaga Diez

Hiriburuko euskaldunen arnasgune izateko sortu zen, duela 25 urte, Bilboko Kafe Antzokia, eta, eguneroko lanari esker, bilbotar askorentzat erreferentziazko gune bilakatu da gaur egun. Euskara eskoletatik begi ninian grabatuta geratzen diren kontzertuetaraino, bazkalorduko otordu eta asteburuetako parrandetatik igarota, istorio zenbatezinak biltzen dira Bilboko Kafe Antzokiaren pareta eta zirrikituetan. Aurkezpenak, kontzertuak, antzerkiak, jaialdiak… Aisialdi mota baten eredu bilakatu da, handik igarotzen diren guztien bizitzan bere aletxoa utziz.

1995eko abenduaren 15ean abiatu zen proiektuak mende laurdeneko ibilbidea osatuko du martitzenean. Ez da espero, ordea, festa handirik, pandemia hasi zenetik, itxita baitaude eraikinaren ateak; martxoaren 12an zarratu ziren. Osasun larrialdiak “egoera ahulean” utzi dituela aitortu du Mikel Urbeltz kafe antzokia sustatu eta kudeatzen duen Zenbat Gara elkarteko kideak, baina, hala ere, gogotsu mintzatu da: “25 urte bete ditu, eta beste 25 betetzeko indarrez dago”.

Urteurrena baliatuta, atzera egin du denboran Urbeltzek, Kafe Antzokiaren erroetara. Gogoratu duenez, euskalgintzaren, kulturaren eta euskarazko aisialdiaren “mesederako” sortu zen gune hura: “Beharrezkoa ikusten zen, eta ikusten da, euskararen erabilerak guneak irabaztea, eta bere kultura herritarrei helaraztea, gure hizkuntzaren erreferentzialtasuna indartzeko”. Horrela, kontatu duenez, Teo Etxaburuk gidatutako euskaltegiko irakasleek 1995eko abenduaren 15ean jarri zuten martxan Kafe Antzokia.

“Aipatutako lantaldeak argi zuen euskararen irakaskuntza hankamotz zegoela erabilerarako esparru naturalik gabe”, hasi da esplikatzen. “Are gehiago, euskal komunitateak askotariko kultur eta aisialdi egitasmoak, guneak eta zerbitzuak behar zituen, motibazioa-ezagutza-erabilera soka indartzeko; horregatik, Kafe Antzokia sortzea erabaki zen”, gogoratu du.

Eredu baten zabalpena

Bilboko Kafe Antzokiak egindako bideari jarraituz, ezaugarri berdinak biltzen zituzten halako proiektu gehiago sortu ziren Euskal Herriko beste toki batzuetan: Bermeon, Ondarroan, Durangon, edota Gipuzkoan Elgetan, Donostian, Azpeitian… “Bilbokoa lehena izan zen, eta eredu bat ezarri zuen”, esan du Urbeltzek.

Hark dioenez, helburua egunak eta gauak kultur ekimen eta aisialdiz betetzea zen; horretarako, ostalaritza zerbitzua eta mota askotariko kultur ekarpenak —kontzertuak, antzerkia, dantza, hitzaldiak, aurkezpenak— eta gaueko aisialdia jarri zituzten abian. “Beste batzuk sortu direlarik, beti izan dugu argi bakoitzak bere herri edo eskualdearen errealitateari erantzun behar diola, bertan errotuta eta Euskal Herrira eta mundura zabalik. Antzokiak 25 urte bete ditu, eta beste 25 betetzeko indarrez dago”, errepikatu du berriro.

Mende laurden bateko ibilbidea duen proiektu batek, ordea, ezin dio denboraren igaroari izkin egin. Aldaketak, beraz, proiektuaren parte garrantzitsu bat izan dira. “Gehien aldatu dena bezeroa bera da, seguruenik. Demografikoki, gazteen artean %50eko jaitsiera egon da hasierako kopuruekin alderatuta, eta, horretaz gain, aisialdi ohiturak ere aldatu dira”. Hala ere, Urbeltzek nabarmendu duenez, hasieran zuen oinarri ideologikoari eutsi dio Kafe Antzokiak: “Hasierako bera da: euskara eta kultura lantzea eta indartzea, garaian garaiko moldeetara egokituz”.

Zenbakiei helduz, urtean 300 ekitaldi inguru egiten dituztela adierazi du, eta, guztira, urteotan 7.200 inguru egin direla nabarmendu: “Esan behar dugu ekitaldi bakoitzak bere bizitza propioa, antolaketa eta esperientzia daukala; artista bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta horri erreparatzen zaio”. Gainera, ikusle bakoitzarengan “eragin berezia” duen bizipena dela uste du, eta hori da garrantzitsua, Kafe Antzokia “bizipenez beteta” dago eta.

Urbeltzek berak azaldu duenez, jardun hori guztia aurrera ateratzeko, 50 lankidek osatzen dute gaur egun Kafe Antzokiaren proiektua. “Kultur ekitaldiak, ostalaritza zerbitzua eta gaueko aisialdia kontuan izanik, urte osoan pasatzen den jende kopurua kontaezina da, ordea”. Horretaz gain, etxean barne komunikazio eta koordinazio lan handi bat dagoela nabarmendu du: “Ezinbestekoa da pieza guztiak bere lekuan egotea gunearen eraldaketa amaigabean”.

Urbeltzentzat, esanahi asko dituen gunea da Kafe Antzokia, pertsona bakoitzarengan zerbait uzten duen horietarikoa. Esate baterako, euskal artisten sormenari lekua eskaintzen zaio, eta, “errekonozimendu maila bat” lortu duten sortzaileez gain, “hasi berriei ere lehen pausuak emateko bidea” eskaintzen zaie. “Gainera, atzerriko artisten emanaldiek ere munduari leiho bat zabaltzen diote, eta gure sormenarentzako elikagai izango direlakoan eskaintzen ditugu”, erantsi du. Era berean, azpimarratu du gaueko aisia dela arlo garrantzitsuenetako bat: “Eredu bat sortu dugu euskararen erabileran, bai jartzen dugun musikan bai zerbitzuan”. Atzerriko bisitarientzat “euskal kulturaren erreferentzia” dela deritzo, eta artistentzat Bilbo eta Euskal Herria “mapan jartzen” dituen kulturgunea.

Beste1

Pandemiaren ondorioak

Leku berezia izan arren, Bilboko Kafe Antzokiak berdin-berdin jasan du osasun larrialdiaren eragina. Are gehiago, gunearen tamaina eta nolakotasuna kontuan izanda, oraindik ere ezin izan ditu ateak berriro ireki. “Martxoaren 12an itxi genuen Kafe Antzokia, eta, bederatzi hilabete hauetan, hamabost egunean behin egiten dugu egoeraren balorazio orokorra. Gure ikuspegitik eta ditugun berezitasunak kontuan hartuz —langile kopurua eta konpromiso ezberdinak—, ez dira betetzen zabaltzeko gutxieneko baldintzak”, esplikatu du Urbeltzek. Hori dela eta, oraintxe bertan, proiektuaren egoera ekonomikoa “kezkagarria” dela ohartarazi du.

Urrutira joan gabe, orain dela aste batzuk, Bilboko Kafe Antzokiaren ereduari segika sortutako proiektu batek ateak itxi zituen: Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak. “Ez da erraza izango, baina espero dugu Durangon bertan euskaldunek duten hutsune hori betetzeko gogoa eta kemena egotea”, esan du Urbeltzek.

“Pandemiak eman digun kolpeak egoera ahulean utzi gaitu, euskalgintza, kultura eta ostalaritza guztiarekin batera”, onartu du. Zentzu horretan, instituzioak ere interpelatu nahi izan ditu. “Kafe Antzokia herri ekimenetik sortu zen; juridikoki, pribatua da, baina helburuetan, zentzu publikoz beteta dago. Gaur egun, sarreren %2,4 jasotzen dugu diru laguntzetatik. Kulturan eta euskalgintzan egiten dugun lana kontuan hartuta, ez luke horrela izan behar”, kexatu da. Horregatik, Euskal Herriko administrazioei, euskara eta kultura “estrategikoak” izanik, haien jardunak “beharko lukeen moduko onarpena” izatea eskatu die. “Gainera, zabaltzen dugunean, orain arte izan ditugun lagun, bezero, sortzaile eta bidaideen babesa izatea espero dugu”.