“Animalia basatiak dira, baina kontrolatuta egotea askoz hobe da”

“Animalia basatiak dira, baina kontrolatuta egotea askoz hobe da”

N. S. O.

Bilboko Udala 2016an hasi zen HEA metodoa ezartzen, katuak zaintzen zituzten emakume boluntarioek lagunduta. Aurten, 205 katu esterilizatu dituzte. Guztira, ia 750 izan dira. Yolanda Diez Saiz Osasun eta Kontsumo zinegotziak (Eibar, Gipuzkoa, 1963) azaldu du inguruan mendia duten auzoetan daudela koloniak: Errekalde, Arangoiti, Otxarkoaga edo San Ignazion, besteak beste.

Lau urte daramatza udalak HEA programarekin. Zer-nolako emaitzak izan ditu?

Katuen koloniez arduratzen ziren boluntarioek urteetan eskatu dute horiek esterilizazioaren bidez kontrolatzeko. Kaleko katuak dira, eta bost urte inguru bizi ohi dira. Ideia ona iruditu zitzaigun jaiotza kontrola egitea katuak kontrolatzeko, koloniak gehiegi ez ugaritzeko eta animaliok zainduta egoteko. Gainera, esterilizatutako katu batek zarata gutxiago egiten du. Akordioa adostu genuen, eta 2016an hasi ginen. Hala ere, 2017ra arte ez ginen hasi esterilizazioak egiten. Orduz geroztik, 748 egin ditugu.

Kontrolatu dituzue koloniak?

Lortu dugu, bai, baina kolonia asko agertzen dira. Gai honen inguruan kontzientzia hartu dute askok, eta gero eta gehiagok jotzen dute guregana. Konfiantza espazio bat sortu da. Hasieran zalantzak sor zitezkeen, baina ikusi dute albaitari talde arduratsua dugula, eta konfiantza horrek bultzatuta, gero eta pertsona gehiago gerturatzen dira. Horrek HEA programa zabaltzeko modua egiten du. Oso zaila da erabat kontrolatzea. Hasieran uste genuen esterilizazio batzuk eginda nahikoa izango zela. Baina urtero berriak ditugu. Horrek esan nahi du konfiantza sortu dela, eta jakina dela programa honek lagundu egiten diela katu horiek zaintzen dituztenei, eta katueri eurei. Animaliak klinikoki ere kontrolatzen dira. Esterilizazioa egiten dietenean, antibiotikoa ematen diete, eta barruko zein kanpoko parasitoak hiltzen dizkiete. Eta hori katuarentzako bizi kalitate hobea ere bada.

Udala eta boluntarioak ari zarete elkarlanean. Zer lan dagokio bakoitzari?

Katu koloniaren bat kontrolatzen duen pertsona bakoitzak udalera jotzen du. Kolonia zenbat katuk osatzen duten zehaztu eta esterilizatzeko laguntza bila datorrela azaltzen du. Kaiola batzuk ditugu katu horiek jaso ahal izateko, eta klinika batera eramaten dira. Orain lau klinikarekin dugu hitzarmena. Esterilizatzeaz gain, parasitoak hiltzen dizkiote, antibiotikoa jarri eta koloniara itzultzen da katua. Kolonia oso kontrolatuta egon behar da, katu berriren bat agertuz gero hori ere esterilizatu ahal izateko. Boluntarioak dira katuak ezagutzen dituztenak, haiek elikatzen dituzte. Udalak ez du nahi elikagai hondarrik geratzerik kaleetan. Hori dela eta, katuei ez diete ematen otorduetako hondarrik. Pentsu lehorra ematen diete. Eta ingurua garbitzen dute jaten eman ostean. Era horretan bermatzen da, janari hondarrik ez dagoenez, ez dela gerturatuko beste animaliarik. Asko kostatu zaigu herritarrek ulertzea animaliei ez dietela eman behar jatekorik kalean, oso bukolikoa iruditu arren. Bestela elikagaiak usteldu egiten dira, eta arratoiak agertzen dira. Boluntarioek kontu handia dute. Eta katuren bat gaixorik edo aurkituz gero ere haiek jakinarazten dute.

HEA metodoa martxan jarri aurretik, zer gertatzen zen katu horiekin?

Boluntarioak arduratzen ziren haietaz. Sarri, askok haiek ordaintzen zituzten esterilizazioak. Esterilizazioari esker, ugaltzea kontrolatzeaz gain, katuek zarata gutxiago egitea ere ahalbidetzen da. Udalak inoiz ez ditu hartu kaleko katuak hiltzeko. Ez azken urteetako historian behintzat.

Garrantzitsua da udalek proiektu horretan parte hartzea?

Bai, garrantzitsua da. Gertuko udal batzuek galdetu digute gure esperientziari buruz, eta erabat positiboa da. Gure inguruan lan egiten dutenek animaliekiko maitasun handia dute. Horrek animaliak ondo egotea eta espazio publikoaren osasuna bermatzea eragiten du. Animalia basatiak dira, baina zainduta eta kontrolatuta egotea askoz hobea da herritarrentzat. Balorazioa oso positiboa da.

Zenbat esterilizazio egiten dituzue urtean?

2017an 83 egin genituen. Hastapenak ziren, eta kaiola bereziak behar genituen. 2018an, 193 izan ziren; 2019an, 267, eta 2020an, orain arte, 205 izan dira. Konfinamenduak eragin du gutxitze hori. Alarmaren hasieran, katuen zaintzaileei ateratzeko baimena eman behar izan genien koloniak bisitatzeko aukera izan zezaten. Emeen esterilizazioa konplikatuagoa da: 120 euro balio du. Arrenak, 80.