Historiaren bidezidorretan

Historiaren bidezidorretan

Peru Azpillaga Diez

Siga-saga doa errepidea, Armintzatik Bakiora. Orain kostaldea, orain mendiak. Itsaslabar bat ezkerretara, baserri bat eskumara. Bihurgune itxia. Ardiak, larrean, patxadaz. Panpa bazka nonahi, errepidearekin jolasean. Baita motoak ere. Itsasoa hemen, itsasoa han. Anparrantxi punta. Beste bihurgune bat. Basordako kaia. Aldapa behera. Prosegur enpresako auto bat. Erdipurdi dauden hesiak. Prohibido el paso, kartelean. Bihurgunea, eta aldapa gora. Zentral nuklearra ezkerretara. Geratu egin da autoa.

Eskumara begiratuz gero, euskal kostaldearen zati bat ikusiko du bisitariak: Lemoizko itsaslabarrak. Berdea da eguzkipean nagusi, eta, Atxukarro puntatik, barrura eta kanpora egiten duten itsaslabarrei segika, Gaztelugatxe ere begizta daiteke Bakioren atzean. Ezkerrera so egitean, ordea, argazkia bestelakoa da oso: urteak abandonatuta daramatzan hormigoizko munstroak kutsu post-apokaliptikoa ematen dio inguruari. Lemoizko zentral nuklearra da. 1972an hasi ziren eraikitzen. Handik hamar urtera, geldirik geratu zen proiektua. Handik beste bi urtera jakinarazi zuten inoiz ez zutela martxan jarriko.

Faraoien garaiko piramideak bezala, bere garaiari ihesi eta denboraren igaroari erronka eginez, zutik dirau zentralak. Menditxoen artean harrapatuta balego bezala. Energia nuklearra produzitzeko ziren bi erreaktore handiek segituan bereganatzen dute bisitariaren arreta. Parekorik gabe. Irmo. Tente. Gainean dozenaka kalatxori daude. Eszena bitxia da, baina arrunta bilakatzen da bertan. Apurtuta dagoen hesi bat gurutzatu, eta gehiago hurbiltzeko aukera dago. Landaredia basatiaren artean, hormigoi zatiak ageri dira nonahi. Lurretik jaioko balira bezala. Grafitiz beteta daude.

Bigarren hesi eskas bat ere igaro daiteke, are gehiago hurbiltzeko. Oraingoan, kontzertinek beste itxura bat ematen badiote ere, azpiegitura ez dago bere onenean. Zentrala desertu baten modukoa da. Ezereza. Ingurune natural baten erdian txertatutako harri artifizial erraldoia. Hondamendia. Denboraren poderioz, ordea, jada ez du hain artifiziala ematen, eta bide egiten duten basa landare eta landare inbaditzaileen artean, harriago dirudi.

Lemoizeko kronika

“Zuk hara begiratzen duzu, zentralera, eta normala da. Baina ni beste alde honetan dagoenak txunditzen nau”. Bidaia honetako gidari bereziari jarraituz, pixka bat atzera egin ostean, hormigoizko murru batetik salto txiki bat egin, eta flysch beltzez jositako hondartza batean har daiteke lur. “Honek bai duela sekulako balioa; begiratu zure ingurura”. Iosu Alberdiren hitzak dira. Lemoizko Etzandarri mendi taldeko sortzaileetako bat da, eta inork ez bezala ezagutzen du Lemoizko zentralaren ingurua. Izan ere, zentrala, edo, hark deitzen duen bezala, 0 zonaldea, urteak abandonatuta daramatzan 150 metro koadro inguruko eremu baten epizentroa baino ez da: “Sekulako eremua hesitu zuten zentrala egiteko; normalean, zentralak deitzen du arreta, baina inguruan duen guztia ere abandonatuta dago geroztik, eta balio natural handiko paraje harrigarriak gordetzen ditu”, esplikatu du.

Horregatik, eta oztoporik gabe inguru guztian hedatzen den panpa bazka geldiarazteko asmoz, Lemoizko itsaslabarrak naturgune babestu izendatzeko eskaera abiatu du Etzandarri mendi taldeak. “Zentralarekin nahi dutena egin dezakete. Beste guztia, ordea, gaurdanik has gaitezke zaintzen. Eta guk oraintxe bertan martxan jar daitekeen plan bat aurkeztu dugu”, zehaztu du. Izan ere, naturgune babestu izendatzeko eskariarekin batera, ibilbide sare bat osatu du mendi taldeak, eremuak duen garrantziari balioa ematen diona: “Balio historikoa, geologikoa, eta paisajistikoa: dena uztartuz, ibilbide sare paregabea eraiki daiteke hemen. Guk proposamen bat baino ez dugu egin, baina kostalde honek izugarrizko balioa du”, aldarrikatu du Alberdik. Ingurunea babesteko biderik onena ezagutza dela sinetsita, proposatu duten bide sare hori modu ezin hobea dela uste du bisitariari Lemoizko kostaldeak gordetzen duen balioa erakusteko.

Lemoizeko kronika

Ezagutuz, babestu

“Panpa bazka leku guztietatik agertzen da. Eukaliptoa ere zabaldu egin da. Eta, sastrakaz beterik, itxi-itxita dago itsaslabarren zatirik handiena”, hasi da azaltzen Alberdi. Hala ere, bidea egin daitekeela esan du, eta hala erakutsi dio Bizkaiko Hitza-ri. “Hiru edo lau urte barru, hemen ez da ezer egongo. Beharrezkoa da gaurtik lanean hastea: inguruak duen balio ekologikoa zaindu, ezagutzera eman. Eta, gainera, era jasangarri batean, Armintzaren garapen ekonomikoari bultzada bat emateko”, erantsi du Alberdik.

Lemoizeko kronika

Hori dela eta, Alberdik aldarrikatu du beharrezkoa dela proiektu bat egitea, Lemoizko itsaslabarrak izenpean, Armintzatik Bakiora doan kosta zatia naturgune babestu bezala zehaztu, legez babestu, erabilerak mugatu eta landare inbaditzaileen hedapena geldituko duena: “Ibilbide sare bat egokitu eta seinaleak txertatu; informazio panelak jarri; bisitarientzako harrera zentro batzuk eraiki… Halako neurriak dira eraginkorrenak naturgune bat babesteko”. Horregatik, iragarri du laster Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko diotela proposamena. “Ez da erraza izan: ate asko jo ditugu, eta erantzun gutxi jaso. Hala ere, espero dugu proiektuak aurrera egitea”.

Guztira, sei sektorez osatuta egongo litzateke Lemoizeko naturgunea: zentral nuklearraren lurretatik kanpo dagoen Armintza eta Etzandarri puntaren bitarteko zatia; Anparrantxi eta Gaztelumendi lotuko dituzten hiru sektoreak; Anparrantxitik, zentrala zeharkatuz, Atxukarro puntaraino doan ibilbidea; Urbieta urtegitik, Matxagaraino doan sektorea; eta, azkenik, Basobaltza eta Usategiko itsaslabarrak lotuko dituen ibilbidea.

“Ideia da bi harrera gune nagusi eraikitzea Anparrantxin eta Martxagan, zentraleko lurrak baliatuta”, esan du Alberdik. “Bi toki horiek, eremuaren erdigunean egoteaz gain, aproposak dira harrera gune bilakatzeko: Anparrantxin panpa bazkaz jositako lautada izugarria dago, eta baita zentralaren garaian eraikitako aparkaleku batzuk ere. Matxagan, barrutik berri-berri dauden bi baserri daude; bere garaian Iberduero argindar konpainiak berriztutakoak biak”.

Ibilbideei dagokienez, Anparrantxitik Portumera doazen bideek izango lukete lotura zentralarekin. Toki batzuk bisitatzeko errazak izango liratekeela dio Alberdik: edonork egiteko moduko ibilaldiak. Beste tarte batzuk, ordea, mendizale trebatuagoentzat aproposagoak iruditzen zaizkio: “Ideia ez da sekulako lanak egitea; bisitatzeko errazak diren toki ikusgarri batzuk atondu, eta gainontzeko bideak mendizaleentzat pentsatuta egongo lirateke”, zehaztu du. “Modu horretan, masifikazioa saihestuko genuke; ibiltzea gustuko duenak naturaz lasai gozatzeko aukera izango luke”.

HistoINFO

Prohibido el paso“, kartelean. Debekatua dago aurrera jarraitzea. “Jarrai dezagun hemendik. Ikusten? Hau itxita dago urtegiaren eremua, eta ez luke zertan. Urtegi bat baino ez da. Halako ugari daude; beraz, zergatik dago itxita?”, galdetu du. Sirena hotsa entzun da. Presara gehiegi hurbilduz gero, alarmak jotzen du. “Zenbait tokitan kamerak daude, eta ezin izan naiz hara arte heldu. Bi segurtasun zaintzaile daude, ezereza zaintzen. Honek irekita egon behar luke; txukunduta, naturari bidea egiten laguntzeko”.

Zentrala eta bere eremuko azpiegiturak erabiliz, “natura eta historia” lotzen dituzten ibilbide “ikusgarriak” antolatu daitezkeela deritzo Alberdik. “Zentraleko dikea gurutzatuta, flysch beltzez jositako hondartza batera hel daiteke. Urtegitik igaro, eta bertara ura eramaten duten hiru tunel zeharka daitezke, mendian ezkutuan dagoen beste urtegitxo batera heltzeko. Hortik, Portume surflarien hondartzara ere joan daiteke”, azaldu du. “Toki zoragarriak daude hemen, natura eta gure herriko historia biltzen dutenak, eta hori babestu egin behar dugu, eta ezagutzera eman”. Alberdik eginak dituen bideak dira Bizkaiko Hitza-ri erakutsi dizkionak: “Orain, oztopoz josita daude, eta, ikusi dugunez, merezi duten bideak dira. Pentsa txukun egongo balira…”.

Argazkietan, goitik behera: 

1. Flysch beltza. Urbietaldeko bistak. Atxukarro puntaraino doan hondartzak forma geologiko interesgarriak ditu.
2. Basordako portua. Zentraletik igarota soilik hel daiteke.
3. Portumeko hondartza. Surflarien artean famatua da bertako olatua. Atzean zentrala ikus daiteke.
4. Lemoizko zentrala. Zentrala Atxukarro puntatik ikusita. Apurtutako hesiz eta grafitiz josita dago.