Goraka doan jaialdia

175 film aurkeztu dituzte Mendi Film jaialdira; inoiz baino gehiago. Gaurtik hilaren 13ra arte 57 film eskainiko dituzte topaketan. Bost dira Euskal Herriko lanak; horietako lau, euskaraz

Natalia Salazar Orbe

Duela zortzi urte iritsi zen Mendi Film jaialdia Bilbora, Gasteiztik. 2012a zen, eta 4.772 ikus-entzule elkartu zituen lehen topaketa hartan mendia ardatz duten filmei buruzko festibalak. Urtez urte, kopuruak goraka egin du: iaz, 12.360 izan ziren. Arrakasta horrek bestelako kopuruetan ere badu isla. Pandemia krisi betean ere, sortzaileek inoiz baino film gehiago aurkeztu dituzte: 175. Horietatik 57 ikusi ahal izango dira gaur hasi eta hilaren 13ra arte luzatuko den jaialdian. 54 lehiatuko dira sail ofizialean. Beste hirurak Zabalandi lehiaz kanpoko atalean eskainiko dituzte.

Lan horiek guztiek landuko dituzten gaiak ere gero eta anitzagoak dira. Hala azaldu du Jabier Baraiazarra jaialdiaren zuzendariak. “Mendiko jarduerak zein naturaren babes aktibo militantea jasotzen duten lanak ikusi ahalko dira”. Jarduerei dagokienez, alpinismoa, eskalada, eskia, piraguismoa, mendi bizikleta, parapentea, espeleologia edota mendi lasterketa eta zeharkaldiak ageri dira lanetan. Naturaren zaintzari lotuta, berriz, basoko bizitza, ingurumenean inpaktua duten jardueren salaketak, artea dantza edota musika.

Film horien artean, bost Euskal Herrian ekoitzitakoak dira: Aterpean ateri; Iparraldean; Mendian hil, hirian hil; Urmuga eta The Tears of Shiva. Lehengo laurak euskaraz sortuak dira.

Sarean

Osasun krisiak baldintzatuta dator aurtengo jaialdia. Saioen emanaldiak eta horiek zabaltzeko bideak egokitu egin behar izan dituzte. Sarera jo behar izan du jaialdiak ikus-entzuleek lanak ikusi ahal izateko. Jaialdiko sail ofizialeko film guztiak online ikusteko aukera dago. Vimeo sare sozialak eskaintzen duen plataformako on demand edo alokairu formula baliatuta, eskaintza guztia, gaien araberako film multzoak eta filmak banaka hartzeko aukera eskaini dute.

Filmak banaka ikusteko, hiru eta sei euro artean aloka daitezke. Film multzoek 72 orduko ikustaldi epea dute; laburren multzoa sei eurotan aloka daiteke, eta gaien araberako film multzoak, hamar eurotan. Guztiak 85 euroren truke daude eskuragarri.

Baraiazarrak azaldu du bertsio birtualak elurretan egin duten “aztarna” erakusten duela: “Mendi Filmez gozatzeko aukerak zabaldu ditugu. Aterpe birtuala errealitate bat da. Lehenengoz egin dugu eskaintza hau, eta aurrera begira ere bide horrekin jarraitzeko asmoa dugu”.

Ohiko agertokiak ere izango dira aurten. Euskalduna jauregian hamar egunetan saio bana eskainiko dute. Azkuna Zentroko Golem zineetan 22 saio emango dituzte. Iaz, hamahiru izan ziren. BBK aretoak bederatzi saio hartuko ditu. Guztira 41 saio programatu dira, iaz baino bat gehiago.

Nazioarteko eta Europa mailako zortzi estreinaldi hartuko ditu jaialdiak. Mendi zinemagintzako zuzendari ezagunen lanak sartuko dira egoitzetako zein etxeetako pantailetan. Hala ere, pandemiaren ondorioz, nazioarteko gonbidaturik ez da egongo aurten Bilbon. Bai, ordea, gertuko sortzaileak eta protagonistak.