Gaztainak zuritu bitartean

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Urte nahasi honek itzali dizkigun argiak piztu dituzte orain gure herri eta hirietako kaleetan. Ikusten uzten ez duten argiak, argi distiratsuak, turroi usaina darien argi urdinak. Ohikotik gutxi duen urte honen hondarretara heldu da ohiko atrezzoa. Erakusleihoetako hartz zuriekin batera ailegatu zaigu familia normatibo baten behar aseezina. Eramateko kafe bat hartzeko zain zaudela ahots optimista eta indartsu batek “Merry Christmas” eta antzekoak esaten dizkizu kantu baten forman. Perfume iragarki bakoitzarekin ohartzen zara ez duzula patxadazko ezer lortu bizitzan eta katez aldatzen duzu. Umeentzako jostailuen iragarkietan bizi nahiko zenuke une batez, ez dakizu neskenetan edo mutilenetan, oraindik hori ere ez dakizu.

Tabernek itxita jarraitzen dute eta arratsaldeko zortziak aurretik erositako alkoholez betetzen dira etxeetako hozkailuak. Arratsaldeko seietarako itzaltzen da zerua, eta argiztatzen dira etxe zoriontsuetako leihoak. Imajinatzen dituzu leihoen bestaldeko aita eta ama gaztainak erre artean pozez eta atseginez beraien seme-alabekin kantuan. Eta zuk kalean aurrera jarraitzen duzu, iazko Gabonetan oparitu zizuten erlojuak 10.000 pausorako 1.500 falta zaizkizula diotsu. Elurra falta dela pentsatu duzu, eta baita jaka luze eta goxodun gizon irribarretsu bat txakur jaioberri bat besotan duena ere. Beldurgarria izan zitekeen eszena hori udaberrian, baina ez Gabon giroan.

Kanpaitxoen soinu errepikakor eta urre-koloreko kandelen erre usainaren beste aldean elurra umela eta hotza da. Ostiral beltzen beltza ez da leku guztietan urtean egun bakarrean izaten. Askok nahiago lukete hamarreko taldetik urrun pizza bat jan ohean erdi etzanda. Beste askok pizza bat jatea dute amets. Urtea amaitzeko baino berria hasteko gogo gutxiago duenik ezagutzen dut. Joan den astean lagun batek esan zidan bera beti heltzen dela berandu bizitzan egin beharreko gauzetara; beraz, imajinatzen dut nire lagun honek ez duela urtea amaitzeko presarik izango. Izan ere, gauza asko egin behar da bizitzan: ikasketak (zerbaitetarako balio dutenak) amaitu, lan (egonkor) bat izan, bikotekide (egonkor) bat aurkitu, bidaiatu (urrun), seme-alabak izan (berandu baino lehen), zoriontsu izan (denbora guztian)…

Gaurkoa zenbatuta, 28 egun gelditzen zaizkigu perfumeetako iragarkietako eszenaren baten antza duen zerbait lortzeko. Berandu ibili arren, egutegiko azken hilabetea ez zaigu zain geldituko, eta, udaberririk itzuli ez zigun bezala, ez digu aparteko ordurik oparituko. Horrela ikusita, bizitzak terriblea dirudi, baina kontsolatzen nau jakiteak Gabonek zoriontsu egingo gaituztela. Beharrezkoa bada, berogailua piztuta eta leihoak irekita ospatuko ditugula egun bereziok. Lasaitzen nau pentsatzeak gaztainak zuritu bitartean izar iheskor bat ikusiko dugula zeruan, eta eskatu nahi dugun desira zein den argi izango dugula. Zinez baretzen nau, edozer dela ere, izozkailuan pizza bat izango dugula jakiteak.