Errealitatera egokitu direnak

Errealitatera egokitu direnak

Ibai Maruri Bilbao

Ezohiko egoera honetan, ezohiko ekitaldia egin du Bizkaiko Foru Aldundiak: gonbidaturik eta kazetaririk gabe banatu zituen Lauaxeta sariak joan den eguaztenean, Bilbon, Foru jauregiko harrera aretoan; streaming bidez zabaldu zuten. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura, Kirol eta Euskara diputatuak esan du egokitu egin direla, eta gaitasun hori goraipatu dio euskarari ere: musukoa esateko euskaraz dauden berben zerrenda egin du. “Beste hizkuntzetan berba bakarra dute, eta hara gurean zenbat. Gure hizkuntzak daukan aberastasuna eta egokitzeko gaitasuna erakusten ditu”. Eta hizkuntzak egokitzen jarrai dezan, “giltzarria” erabilera dela esan du. Egokitzapen horretan, aurtengo ekitaldia xumeagoa izan da. Ez da ohorezko saririk banatu; bai, ordea, poesiari eta ikus-entzunezkoei dagozkienak.

Jon Gerediaga bilbotarrak jaso du 35 urtetik gorakoen saileko poesia saria, Natura berriak liburuagatik (Pamiela, 2020). Epaimahaiko kideek “elastikotasuna, argitasuna eta zehaztasunetik kosmologiarako bidea egiteko gaitasuna” goraipatu dizkiote: “Naturako elementuak zorroztasunez azaltzen ditu, baina ez zaio hitzik falta naturaren indarra erakusteko”. Gerediagak poesia eta pandemia izan ditu berbagai eskerrak ematean. “‘Zertarako poetak eskasia garaian?’, galdetu zuen [Friedrich] Hölderlin poetak. Pandemia garaian, krisialdian, egiaoste eta gezurren garaian, beldurraren, burokraziaren, minaren garaian, zertarako poesia Damaskon edo Morian? Ez dakit erantzuten, ez bada beste poeta baten hitzekin. [Edith] Södergranek idatzi zuen: ‘Ederasunik gabe, ez dago segundo bakar bat ere bizi daitekeenik'”.

Baina, zer da poesia? 35 urtetik beherakoen saileko sariduna, Elena Olabe, erantzuten saiatu da. Madrilen dago, eta haren izeko Mercedes Duñabeitiak irakurri du ilobak idatzitakoa: “Poema hauek ez dira nireak soilik: elkarrizketan, elkarrekintzan, elkartzean, bestearekin harremanetan eraikitakoak baitira, nire eskuek idatzitakoak, baina beste horien berba, afektu, keinu eta hausnarketa zirriborraturikoen gainean bordatutakoak”. Zeldak-Gorputz honetatik poema bildumagatik (Balea Zuria, 2019) saritu dute. Epaileen arabera, “errealitateak jartzen dizkion mugen aurka egiten du, norberaren hizkuntza poetikoa osatzeko erabiliz”.

Errealitateari begiratu diote ikus-entzunezkoen saridunek ere, duela 35 urteko gertakari bati: Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zuzendariek Mikel Zabaltzaren desagerpena kontatzen duen Non dago Mikel? filmagatik (Euskal Herria, 2020) jaso dute saria. Epaimahaiaren esanetan, “gogoeta eragiten duelako, eta justizia eta oroimena aldarrikatzen” dituelako merezi dute aitortza. Memoriari tiraka egin du berba Llanesek: “Zoru etiko duina nahi bada, argitu behar diren gauza asko daude oraindik: adibidez, nortzuk ziren torturatzaileak, nork aginduta jardun zuten eta orain non eta zertan dauden”. 30 urte Euskal Herritik kanpo igaro ondoren, sorterrira itzuli eta euskaraz egindako lan batengatik saria jaso izanak poztu du Merino: “Ez dut ama hizkuntza, baina urteotan ez dut galdu”.

“Hobeto guran”

Unai Rementeria ahaldun nagusiak egindako lana eskertu die sarituei, haien sormena pandemian “txertoa” delako kulturarentzat. Zelan dagoen galdetzen diotenean, “hobeto guran” erantzuten duela kontatu du. Bilbaok musukoa-rekin bezala, beste hizkuntzekin alderatu du esaera hori Rementeriak: “Ez dut topatu horrek esan gura duena hain ondo adierazten duenik. Ez gaudela ondo esan gura du, baina hobeto egon gaitezkeela eta hobeto egoteko ahalegina egingo dugula; bai osasun aldetik, bai euskara eta kultura aldetik ere”.