Beste era batera, baina bada

Beste era batera, baina bada

Ibai Maruri Bilbao

Durangoko Landako Guneak ezohiko itxura izango du aurten abenduko zubi honetan: liburuz eta diskoz beteta dago, baina erakusmahai artean urteroko jendetza faltako da. Durangoko 55. Azokak COVID-19aren pandemiara egokitu behar izan du, eta salerosketa sarean egingo da aurten: liburuak eta diskoak Landakon daude, eta azokaren web orritik erosi behar dira. Dena den, Landakon eta Plateruena kafe antzokian ez dira liburu eta disko aurkezpenak faltako; ezta solasaldi, kontzertu eta antzerki emanaldiak ere. Ikusle kopurua mugatuta egongo da. Internetez jarraitu ahal izango dira saioak. Gainera, aurten Ahotsenea Durangotik irtengo da: Bilbon, Ondarroan eta Bermeon izango dira Bizkaiko beste kontzertuak.

Zailtasunak zailtasun, sortzaileek azoka egitea eskertu dute: haien lana erakusteko eta saltzeko toki bat izatea, ohi baino plaza gutxiago dituzten urte zail honetan. Berbarako, Leire Bilbao idazlea, Dena musika taldea eta Kilimar Xuxurlak arte eszenikoen konpainia dira egunotan Durangon izango diren Bizkaiko sortzaileetako batzuk. Azokara begira euren gogoeta egin dute.

LEIRE BILBAO (idazlea)
“Sortzaileontzat kultura eta literatura erresistentzia dira”

Etxeko urak poesia liburuarekin joango da Leire Bilbao idazlea Durangora. Amatasunetik idatzi duela esan du: “Izenburua Ondarroako esaera bat da; beraz, baditu kresala eta itsasoa, baina, Ondarroatik harago, amengan eta ama izateko moduengan jarri dut begirada idaztean”.

Azokaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, idazleek bakardadean sortzen dute, eta Durangok irakurlea gertu edukitzeko bidea ematen die. “Ederra da guretzat. Irakurleak, nolabait, idazlea egiten du, liburuak interpretatzeko modu asko daude eta”. Aurten ez dute hartu-eman hori edukiko, ezingo direlako erakusmahaietan liburuak sinatzen egon. “Baina guretzat literatura eta kultura erresistentzia dira, eta horri eutsi diogu. Kulturatik bizitzea oso zaila da, baina kulturak bizitza ematen dizu”.

Hala ere, poetek bestelako generoetan dabiltzan idazleekiko abantaila bat dutela uste du Bilbaok: errezitalak egiteko aukera. Han-hemenka antolatzen dira horrelakoak oraindik, pandemiari aurre egiteko neurriak hartuta. “Poesia plazaratu daiteke. Poemak ahoz goran kontatzeak eta jendearengana belarrietatik sartzeak beste dimentsio bat ematen dio idatzi duzun horri”.

BEÑAT EIZAGIRRE (Dena musika taldeko ahotsa eta gitarra)
“Guretzat garrantzitsua da jendeak egiten duguna ezagutzea”

Duela hiru urte sortu zen Dena musika taldea. Rock alternatiboa eta post-hardcorea egiten dute. Beñat Eizagirre abeslari eta gitarra jotzaileak, Unai Aretxabaleta baxu jotzaileak eta Xabat Ituarte bateria jotzaileak osatzen dute. Ondarroarrak dira hirurak. Bihar aurkeztuko dute euren lehen diskoa, Plateruena kafe antzokian: Ezer sentitzeko. Donostiako Dabadaban ere egongo dira, Ahotseneari esker. Crowfunding bidez finantzatu dute grabaketa. “Ez genuen beste modurik aurkitu. Talde berriontzat zaila dago”, azaldu du Eizagirrek.

“Doinu gogorrak” ditu diskoak, baina musika estilo asko bildu dituztela esan du. Argitaratu berri, Ondarroako Beikozinin kontzertua jo zuten. Gero Mutrikuko (Gipuzkoa) gaztetxean ere egon dira. Baina Durangoko Azokak emango die publiko zabalagoarengana iristeko aukera. “Jende asko mugitzen da horrelako ekitaldietan, eta oso garrantzitsua da guretzat haiek ere guk egiten duguna ezagutzea”.

GARAZI BASTERRETXEA (Kilimar Xuxurlak taldeko kidea)
“Ohituta gaude talde txikiekin lan egitera, baina pena ematen digu”

Saguganbarako ekitaldi bakanetakoa da Kilimar Xuxurlak taldearen Itsas hariak lana. Hamasei minutuko itzal antzezlan bat da. “Konfinamenduan sortu genuen, eta konfinatuta dauden bi neskaren arteko eskutitz bidezko harremana kontatzen du: euskal herritar bat eta etorri berri den boliviar bat dira, eta hori da boliviarrak euskaraz egiteko duen modu bakarra”, azaldu du Garazi Basterretxeak. Celeste Agüero da taldeko beste kidea: euskara ikasten ari den argentinarra. “Oso pozik joaten da Durangora, euskaraz aritzeko eta euskararen munduan sartzeko aukera ematen diolako”, esan du Basterretxeak.

Ohiko emanaldietan atzeko partera joaten ere uzten diete ikusleei, zelan lan egiten duten ikusteko, baina azokan antzezlana ikustera mugatu beharko dira. “Ilusioa egiten digu Durangon egon ahal izateak. Gu ohituta gaude talde txikien aurrean lan egitera, baina, egia esan, pena ematen digu azoka baldintza hauetan egin behar izateak”.