“Zaballan modulu mistoa nahi dugu”

“Zaballan modulu mistoa nahi dugu”

Peru Azpillaga Diez

Martxoaren 8a. Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko munduan zehar hamaika mobilizazio eta protesta egiten diren eguna. Irati Gurasoekin plataformarentzat ordea, data berezia izango da aurten. Egun horretan, bai Irati Etxebarriaren bai bere gurasoen bizitzak aldatuko dira: Iratik 3 urte betetzearekin batera, Aranjuezko (Espainia) kartzelatik aterako dute Irati; gurasoengandik banatu, eta haiei bisitan joango den aldiro, ia mila kilometroko bidai bat egitera kondenatu. Egoera hori saihesteko osatu zuten udan, senide, lagun eta auzokideek Irati Gurasoekin plataforma. Horietako bat da Julen Orbea (Bilbo, 1980), eta azaldu duenez, Irati gurasoekin eta Euskal Herrian egotea dute helburua.

Kartzelan jaiotakoa umea da Irati Etxebarria. Zer gertatuko da 3 urte betetzen dituenean?

Beatriz Etxebarria eta Iñaki Zapirain euskal presoen bi urteko alaba da. Irati Aranjuezko espetxean bizi da jaio zenetik, bertan amatasun modulu bat dagoelako. Baina 3 urte betetzerakoan, Espainiako legediak espetxetik atera behar dela agintzen du. Iratik martxoaren 8an beteko ditu.

Espetxea ez da, ordea, ume batentzako lekurik aproposena. Zer aldarrikatzen duzue?

Batik bat, Iratiren eskubideak errespetatu daitezen, hots, Espainiak sinatutako haurren eskubideei buruzko nazioarteko araudietan zehaztutakoa betetzea: familiarekin egoteko eskubidea, bizitokitik ahalik eta hurbilen eskolaratzeko eskubidea… Badira Iratiren kasuan errespetatzen ez diren zenbait neurri, eta horiek lortzeko asmoarekin hasi ginen antolatzen.

Zer neurri hartu litezke egoera hori konpontzeko?

Plataformatik salto bat eman nahi dugu, salaketatik, alternatiben egikaritzera igaro ahal izateko. Argi dugu zailtasunak egongo direla, baina hain ebidentea eta erreza izan daiteke egoerari konponbide bat ematea… Horregatik ez dugu salaketa hutsean geratzerik nahi, gure eskakizuna oso zehatza delako. Zerbait lorgarriaren bila joango gara.

Zein da eskakizun hori?

Zaballako espetxean modulu misto bat sortzea, Irati bere gurasoekin bizitzeko aukera izan dezan. Euskal Herrian zabaldutako espetxerik berriena da. 2011n jarri zen martxan, eta inori ez zitzaion bururatu amentzako modulu bat sortzea. Guk eskatzen duguna da zehazki modulu misto baten sorrera, familiei bideratuta, non umeak gurasoekin egon daitezkeen. Eta Irati eta bere gurasoak bertara eraman ditzaten. Gaur egun, badaude aukerak alternatiba oso errazak sortzeko. Plataformatik egiten dugun beste aldarrikapen bat Euskal Herrian zehar zaintzapeko pisuak antolatzea da, familiak eurak batera bizi ahal izateko, naiz eta kontrol judizialaren menpean egon. Horrela, umeen eskubideak bermatu daitezke. Oso pauso gutxi emanda egingarriak diren aldarrikapenak direla uste dugu, baina ezinbestekoa da guztiok presioa egitea.

Noren esku dago aldaketa horiek egitea?

Nahiz eta kartzela Euskal Herrian egon, eskumenak oraindik ez dira Eusko Jaurlaritzarenak. Badirudi lortzeko bidean dagoela, baina asko luzatzen ari da prozesua, eta, egun, ez dakigu oraindik zer den zehazki gertatuko dena. Eskumenak momentu honetan Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren esku jarraitzen du, eta hori Barne Ministerioan dago, Europako gainontzeko tokietan ez bezala, non Justizia ministerioen parte den.

Plataformatik nola espero duzue egoera iraultzea?

Tokitik egin behar dugu lan, norbanako eta eragileekin elkartu, kasu hau ezagutzera eman, eta Iratiren eskubideen urraketa salatu. Alta, arlo instituzionalean ere lan egingo dugu. Arartekotik jada jarri dira harremanetan gurekin eta jarrera oso ona azaldu dute. Era berean, alderdiekin hitz egin dugu eta Bilboko Udalean mozio bat sartzeko asmoa daukagu. Halere, badakigu eskumenak Espainian daudela, eta hara heltzeko moduak bilatuko ditugu.

Zer nolako egoera bizi du gaur egun Iratik?

Aranjuezen dago, bertan amentzako modulu bat dagoelako, baina Espainia osoan ez dago modulu misto bakar bat ere ez. Beraz, preso guztien aitatasun eta amatasun eskubideak urratu egiten dira. Espetxean ama edo aita izan zaitezke, baina umeak, espetxean amarekin egoteko aukera baino ez du. COVID-19aren ondorioz, gainera, kaskartu egin da preso guztien egoera.

Zer nolako eragina izan du birusak kartzelako bizitzan?

Presoen egoera gogortu du. Adibidez, bederatzi hilabete dira Iratik bere aita ikusi zuen azken alditik; eta hori kartzela berean egonda. Hiru bideo dei egin dituzte, baina ez dute elkar egoteko aukerarik izan.

Nolakoa da ume batentzat kartzelan bizitzea?

Euskal Herrian badaude oraindik espetxean dauden dozenaka ume, edo gurasoak espetxean eta urrunduta dituztenak. Kartzela ez da inondik inora ume batentzako tokia. Iratik Karmeloko eskolan beharko luke, bertan dagoelako izena emanda, baina, logikoa denez ere, gurasoek berarekin ahalik eta denbora gehien igaro nahi dute. Ezinegon handia sortzen duen egoera da. Kartzelatik kanpo ere, motxiladun umea izatea oso gogorra da. Zoritxarrez, normalizatu dugun egoera bat da; guztiok dugulako lagun edo auzokideren bat, ostiraletan irten eta igandetan itzultzen dena, 40 minutuko bisita bat egin duelako. Bada pentsa zer den hori ume batentzat… Sakabanaketarekin amaitu behar dugu.

Martxora bitartean hainbat ekintza dituzue martxan.

Hilero, 8. egunean, zerbait egitea da asmoa, Irati bere gurasoengandik banantzeko hilabete bat gutxiago falta dela ikustarazteko. Esaterako, abenduan Bilbotik Aranjuezera dauden 490 kilometroak egingo ditugu bizikleta estatiko batean. Horretaz gain, manifestu bat zabaldu dugu eta horren aldeko sinadura bilketa bat dugu martxan. Hori zabaltzeko, astero hezkuntza zentro batera joaten hasi gara.