Miserablea eta ergela

Tabernara jaitsi naiz, eguneko menua erosi eta etxean jateko. Ez elkartasun itxurak egiteko, mistiko kursi askoren antzera. Ez diet ezer zor ostalariei. Nork bere zauriak miazka ditzala. Ez naiz sukalde zalea, horixe da dena. Tabernariak betirako itxiko duela esan digu. Errentatzaileak ez omen dio alokairuaren kuota jaitsi nahi, eta negozioa bideraezina da.

Eta hor hasi dira bezeroak erneguka errentatzailearen kontra, betiko argudio aspergarriekin. Miserablea bakarrik ez, ergela ere badela. Beste errentatzaile askok kuotak jaitsi dituztela, ez bakarrik gupidagatik, norberaren interesagatik ere bai; alegia, kuota jaitsi ezean bezeroa betirako galtzen dutela, eta abar, eta abar, eta abar…

Gogaitu egiten naute eztabaida antzuok, eta hitzik esan gabe atera naiz. Taberna hartan ez bada, beste batean hartuko dut menua aurrerantzean. Ez da pikutara doan lehenengo taberna, eta ez da azkena izango. Horrelakoa da bizitza, jatea edo janari bihurtzea.

Etxera noala, ordea, ezin burutik kendu errentatzaile miserable-ergel horren irudia. Zutaberako pertsonaia bat ehizatu behar dut eta aspalditxoan bat ere ez da jausi jarritako zepoetan. Besterik ezean, errentatzaile horren larrua saldu nezake, baldin eta aurkitu eta harrapatzen badut.

Eta janaria paperontzira botata, bila abiatu naiz. Odola zainetan indarrez ponpatzen sentitu dut atoan, zolitasun berri bat… Joder, ofizio kabroi hau maite dut. Ehizan nagoenean baino ez naiz neu. Pertsonaia karin-karan aurkituko dudan unea aurreikusi dut, nire alegiazko winchesterreko mira bere bi begien artera kokaturik. “Ez da ezer pertsonala, motel, baina zure larrua behar dut”, nik. Eta hark: “Ez, mesedez, kuota jaitsiko diot, baina utzi bizirik”. Eta nik: “Bost axola kuota; nik horrela nahi zaitut: miserablea eta ergela, aldi berean”.

Lehenengo ikerketek adoregabetu naute. Ez omen dago errentatzaile bakar bat. Lokalaren jabetza esku batetik bestera pasatu ostean, azkenean partzuergo putre batek hartu du, eraikuntza pakete baten barruan. Ez dut amore eman, ordea. Enpresa anonimo horietan hezur haragizko gizakumeak ezkutatzen dira.

Gorrotoa diot ikerketa digitalari; lege zaharreko ehiztaria naiz, baina ze arraio. Ehunka web orri aztertu dut, burtsako kotizazioak, inbertsio paketeak… Ez da erreza izan, aztarna gutxi uzten dituztelako. Baina, azkenean, banku bateko bezero zerrenda luze bat lortu dut. Edozeinek balio dit, edozein izan daiteke bila nabilen errentatzaile miserable eta ergela. Nire alegiazko winchesterra prestatu dut haren larruaren jabe egiteko.

Zerrenda irakurtzen hasi naiz, zein aukeratuko, eta horra hor, tartean, neure izena. Imajinazioaren txantxa bat dela pentsatu dut aurrena, baina gero gogoratu dut. Iaz, izeba batek utzitako herentzia ziztrin bat non kokatu ez nekiela, sukurtsaleko enplegatuak inbertsio fondo seguru bat aholkatu zidan.

Komunean nago, ispiluan neure buruari begira. “Ez da ezer pertsonala”, esan diot, “baina zure larrua behar dut, zutabe baterako”. Neure buruak gupida eske begiratu dit, mesedez, uzteko bakean, errugabea dela, ez zekiela ezer, eta bla, bla, bla.

Bakean uztea erabaki dut. Ondo pentsatuta, nahiko ehiza makala iruditu zait, eskuak zikintzea merezi ez duten horietakoa. Aste honetan ez dut pertsonaiarik larrutuko, izorrai. Alegiazko winchesterra jaitsi dut. Ispiluko neure buruak milesker doi bat bota dit, erdi negarrez. Hanka tartea bustita zeukan babuak.