Mikel Lertxundi: “Antzekotasun asko dituzte Japoniako pentsamenduak eta gureak”

Mikel Lertxundi: “Antzekotasun asko dituzte Japoniako pentsamenduak eta gureak”

Z. Jainaga Larrinaga

Iñigo Sarriugarte komisarioak japoniar pentsamenduaren inguruan zein naturarekin lanean ibili izan diren hiru artista aukeratu ditu erakusketa honetarako. Mikel Lertxundi (Berriatua, 1951) da horietako bat. Hain zuzen ere, haren bost obra ikus daitezke erakusketan. Bere betiko materialak erabili ditu oraingo honetan ere: harria, egurra eta burdina. Garrantzi berezia du naturak Lertxundiren obretan, inspirazio iturri du eta hala sortzen ditu obrak. Euskal kulturak ekialdekoarekin dituen antzekotasunak azpimarratu nahi izan ditu.

Zertan oinarritu zara zure obra sortzeko?

Oro har, naturari begira lan egitea gustatzen zait, eta bertan ibiltzea da nire inspirazio iturri nagusia. Naturaren esentzia poesia bihurtzea. Hiri handietan zein kostan edo mendian, natura da nire inspirazio iturri.

Nola deskribatuko zenuke erakusketa honetako zure obra?

Gustuko dudanez, beti egiten dut lan naturaren parte naizen horretatik, eta naturaren parte garenez gero horri erreferentzia egiten diot. Nire bost obra ikus daitezke erakusketan. Adibidez, obretako batean materialak elementuen agertoki bezala agertzen dira. Bestean, naturako material berak, harria, burdina eta ura, kubo forman azaltzen dira, elkarlaguntzen. Beste obra batek, Poesiak du izena. Hain zuzen, poesia ikusgarri bilakatzen saiatzen naiz eta obra horretan saiatu naiz agerikoa izan dadin.

Hortaz, nolakoa da zure lorategia?

Naturako materialak eta elementuak erabiliz, lorategi metafisikoak sortu ditut. Kasu honetan, lorategi metafisiko horretan senti daitezkeen erlaxazio eta poesia irakurtzeko bideak izan dira nire ekarpenak.

Zein izan da zure begirada?

Batetik, konparaketa bat egin nahi izan dut. Baina, bestetik, bada elkartze bat. Elkartzen den konparazio bat litzake. Japoniako pentsamenduaren balioak eta gureak hartu nahi izan ditut. Nolabait, beraiek naturan bilatzen dituzten balioak eta gureak elkarganatu.

Komisarioak zer enkargatu zizun?

Nire kasa landutako obrak dira. Aurrez egindakoak. Are gehiago, halako antzeko obrak Japonian duela hainbat urte egindako erakusketa batean ere erakutsi nituen. Erakusketa honetarako egokien txertatuko liratekeen obrak aukeratu nituen.

Zer harreman duzu ekialdeko kulturarekin?

Aurrez egin izan dut egotaldiren bat edo beste Japonian, baita erakusketa bat ere. Egotaldi horretako batean Japonia zeharkatu nuen, eta bertako jendearekin hartu-emana ere izan dut. Bertako pentsamendua ezagutzera sartu nintzen.

Horrek zertan lagundu dizu obra hau egitean?

Gure pentsamendu eta filosofiak haien lorategi batekin konparatzeko balio izan dit. Antzekotasun asko dituzte japoniako kulturako oinarrizko pentsamenduak eta gureak.

Zein dira antzekotasunak?

Leku sakratu asko dituzte haiek ere. Naturan bilatu eta antolatutako leku berezi ugari. Guk ere izan ditugu hemen, adibidez, trikuharriak edo gune espiritualak. Haiek ere garrantzia handia ematen diete gune horiei. Naturak ematen duen deskantsu fisikoa eta buruko pentsamendua elikatzeko leku sakratuak asko landu eta bilatzen dituzte.