Jolastokia eskola bihurtuta

Jolastokia eskola bihurtuta

Natalia Salazar Orbe

Ikasgeletako lau horma zurrunetatik harago, aire zabala eta natura ikasleek edukiak eta konpetentziak barneratzeko eskola bihurtzea proposatzen dute hainbat teoriak eta adituk. Porlanezko patioek umeei naturarekiko harremana galarazi dietela iritzita, bestelako ereduen proposamenak zabaltzen ari dira. Urduñako herri ikastetxea prozesu horretan murgildu da: jolastokia birnaturalizatzeko proiektua garatzen ari dira, Globus Vermell Kataluniako taldearekin eta inguruko beste arkitekto batekin batera.

Iraide Ortiz San Vicente ikastetxeko aholkulariak azaldu du, besteak beste, umeak naturan hezten lagunduko duela proiektuak: “Gu ere naturaren parte gara, eta kontzientzia hori sortzeko baliagarria da. Zer-nola zaindu behar den ikas dezakete”.

Proiektua azaltzeko, Globus Vermellek egiten duen ikastetxeetako jolastokien azterketari egin dio aipamen: “Jolastoki guztiak porlana baino ez dira. Eremu horiek birnaturalizatu egin nahi dituzte”. Hala ere, helburua zabalagoa da. “Ideia nagusietako bat da ikastea ez dela bakarrik gela baten barruan egiten den prozesu bat, eta jolastokia izan daitekeela ikasteko gune aproposa. Horretarako, jolastokia birmoldatu egin behar da”. Hori bakarrik ez. Birmoldaketa horrek ikasteko eta irakasteko prozesua egokitu beharra ere eragiten du. “Aldaketa ikastetxeko proiektu guztietan islatu behar da. Jolastokian ikasten dena curriculumaren parte da”.

Eraldaketa fisiko hutsetik harago, barne aldaketa sakona egin behar dute, beraz, ikastetxean. “Oraindik zero fasean gaude. Izan ere, honek guztiak aldaketa handia ekarriko du atzetik. Horretan ari gara, baina astiro”.

Asteotan aztertzen ari dira zer behar antzematen duten, arkitektoak eraldaketak planteatzeko. “Kalera aterako gara, esperimentu moduan, jolastokian eskolak ematera. Helburua da hausnarketa egitea eta pentsatuz joatea zer beharko genukeen. Izan ere, orain jolastokira ateratzen bagara, ezinezkoa zaigu eskolak eroso ematea. Eskolak ikasketa prozesua bermatzen duen giro batean emateko zer beharko genukeen aztertzeko fasean gaude”. Premia guztiak jasoko dituzte, ikasleen zein irakasleen ikuspegiak kontuan hartuta.

Proiektu horretan murgiltzeko prozesua ez da egun batetik bestera etorri. Iaz Permakultura proiektua gauzatu zuten zaharren egoitzako ortuan. Lurraren ustiaketa jasangarria lantzeko proiektua bertan behera geratu zen pandemiarekin. Eskola kanpoan abiatutako proiektu hura eskolara eraman behar zutela iritzita sortu zen Globus Vermell taldearekin aritzeko aukera.

Futbola jolastokiaren erdigune bihurtuta zegoelako kezkatuta zeuden zenbait gurasok bultzatuta, eremua eraldatzeko prozesua abiatu zuten lehenago, duela hiruzpalau ikasturte. “Ikusi genuen jolastokian futbolak hartzen zuela protagonismoa eta beste ikasle guztiek —gehiengoa— bazterrean geratu behar zutela. Jolasari begira jolastoki inklusiboagoa diseinatu zuten”.

Antzeko esperientzia garatu zuten Durangoko Kurutziaga ikastolan ere, garai bertsuan. “Lehengo jolasak, jolasteko erak eta natura berreskuratzeko ideiatik eta gogotik sortu zen asmoa”. Hala azaldu du Urko Rodriguez ikastolako zuzendariak. Kasu horretan ere, futbol zelaia kendu zuten erdigunetik. “Jolasgune zabal bat egin genuen: menditxoekin, hondarrezko guneekin eta paseoak emateko ibilbideekin. Protagonismoa naturak eta pertsonek hartzea lortu genuen”. Ikastola azpitik pasatzen zen errekatxo bat kanpora atera zuten, berdeguneak azaleratu zituzten, eta mendi tontorrak atera. “Iraultza txiki bat”.

Emaitzak, bistakoak

Aldaketak ondorioak izan dituela azaldu du Rodriguezek. “Harremanak aldatu egin dira. Bakoitzak bere espazioa konkistatzeko saiakeran, jada ez da sortzen elkarbizitzako gatazka handirik. Bakoitzak bere espazioan bilatzen du nahi duena. Batzuetan, lasai egoteko gune bat; beste batzuetan, jolasteko lekua”. Udazkenean sortzen den kolore festa ere nabarmendu du.

Urduñan ere futbol zelaia bazterrera eraman zuten, eta erdigunea jolasez marraztu: korrika egiteko zirkuituak osatu; hareazko gune handi bat jarri zuten belardian; egurrekin ibilbideak egiteko eremuak jarri zituzten, eta gurpil zaharrak margotu, dorreak egiteko”. Aldaketa nabaria da: “Liskar gutxiago daude”.