Iurretako alkatea ikertzen ari dira laneko jazarpen salaketa batengatik

N. S. O.

Durangoko epaitegi batek izapideak zabaldu ditu Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenaren aurka. Udal idazkariaren aurka lan jazarpena egin duen argitzea dute helburu diligentzia horiek. Idazkariak prebarikazioa salatu zuen alkatearen aurka, Durangoko instrukzio epaitegiaren aurrean. Bizkaiko Foru Aldundiak kargutik kendu du asteon idazkaria.

Martitzenera arte Iurretako Udaleko idazkari izan da Irma Domingorena. Irregulartasunak salatu zituen langileak kontratatu eta horiei ordainketak egiteko zenbait prozesutan. Joan den azaroaren 10ean jarri zuen salaketa, baina azaldu du “oso irregulartasun harrigarriak” antzeman zituela martxoan udalean beharrean hasi zenetik. Alkateari eman zion unean-unean aurkitutako irregulartasunen berri. Domingorenak uste du jarrera horren ondorioz galdu duela orain lana.

Domingorenaren esanetan, Durangoko epaile batek alkatearen aurkako izapideak hasi eta zortzi egunera kargugabetu dute bera. Azaldu duenez, irailaren 18an Totorikaguenak aldundiari eskatu zion lehenago udaleko idazkari izandako behargina jartzeko karguan berriz ere: Aizbea Atela, Batzar Nagusietako EAJren bozeramaile ohia zen Iurretako idazkari ohia. Eguaztenean izendatu zuten Atela Iurretako idazkari, osoko bilkuran. Zornotzako Udalean ariko da goizez, eta arratsaldez, Iurretakoan.

Domingorenak “mafia siziliar” gisa deskribatu du EAJren jarduteko modua aldundian eta Iurretako udalean. Salatu duenez, “kontratu txikietan antzemandako ustezko irregulartasunak ezkutatu ahal izateko” eskatu zion alkateak aldundiari bera idazkari lanetik kentzeko.

Alkatearen azalpenak

Idazkariaren kaleratzea azaltzeko, premiazko ezohiko bilkura eskatu zuen Iurretako EH Bilduk urriaren 14an. Azkenean, joan den eguaztenerako deitu zuen bilkura Totorikaguenak. Bertan azaldu zuen “arrazoi objektiboak” tarteko eskatu zuela idazkaria aldatzea: barne antolamendua, herriaren ezagutza eta karguan izandako esperientzia argudiatu zituen, Anboto agerkariak jaso duenez.

Alkatearen aurkako salaketak hautsak harrotu ditu eskualde osoan. Durangoko Herriaren Eskubidea udal taldeak eskatu du Totorikaguenak Durangaldeko Mankomunitatean duen kargua eteteko, “integritate etikoagatik eta prebentzio printzipioagatik”.