EAJri agintea kentzeko zentsura mozioak ez du aurrera egin Sopelan

EAJri agintea kentzeko zentsura mozioak ez du aurrera egin Sopelan

Natalia Salazar Orbe

Sopelako EAJk udaleko agintea galduko zuela zirudien arren, Josu Landaluze alkateak aginte makilari eutsiko dio aurrerantzean ere. Joan den astean, haren aurkako zentsura mozio bat erregistratu zuen Denok Batera (DB-TU) taldeak; EH Bilduko Unai Bruno zinegotzia proposatu zuen alkaterako idazkiak. Hala ere, EH Bilduk ez du bat egin mozioarekin, uste duelako ez dela garaia inprobisazioetarako, eta adierazi du ez dagoela behar besteko konfiantzarik horretarako.

Jon Gerediaga Denok Batera taldeko zinegotziak aurkeztu zuen zentsura mozioa. Haren esanetan, EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernua ez da betetzen ari eurekin adostutako konpromisoak. Mozioa onartuta, uste zuen “Sopelarako benetan aurrerakoia eta soziala izango den udal aurrekontua” egin ahalko zela.

DBk gonbidapena egin zien Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-ko zinegotziari eta EH Bildukoei mozioa babestu eta sina zezaten. “Hala egiten badute, hamar egun barru alkatea eta gobernua aldatu egingo dira Sopelan”. Gerediagak eta Podemos-Ezker Anitzako Patricia Alonsok besterik ez zuten sinatu, ordea.

Oposizio sendoa aukeran

EH Bilduk DBri eskaini dio Elkarrekin-Podemosekin batera “oposizio bloke sendoa” eraikitzea, “alternatiba sendoa, aurrerakoia eta eraldatzailea osatzeko”. Uste du DBren mozioaren atzean ez dagoela “ez formarik ez edukirik”; ezta programa jakin bati buruzko akordiorik ere, era horretako proposamen batek arrakasta izateko. EH bilduk esan du “elkarrekiko konfiantza eta lankidetza” egon behar direla, eta “ehundu gabe daudela”. Gerediagak dio irailetik ari zela mozioa negoziatzen bi taldeekin.

2019ko ekainaren 14an izendatu zuten alkate Josu Landaluze. Zazpi zinegotzi dituzte EAJk eta PSE-EEk; beste zazpi EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Denok Batera taldearen zinegotzi bakarrak bere buruari botoa emanda eman zion Landaluzeri orain kendu nahi dion alkatetza.

Alkateak Bizkaia Irratian azaldu du EH Bildurekin adostu zutela 2020rako aurrekontuen akordioa. 2021eko aurrekontuetarako negoziazioak ere bide onetik doazela esan du, eta DBko zinegotzia “haserre” dagoela.