Bilboko 1.012 langaberi lana emango diete

Bilbon 26.500 langabe inguru daude; duela urtebete baino 4.000 gehiago dira. Gehienek COVID-19aren pandemiak eragindako krisian galdu dute enplegua. Horregatik, udalak eta Eusko Jaurlaritzak 1.012 langaberi lana emateko plan bat ipiniko dute martxan.

Udalak 311 kontratatuko ditu, eta gainontzekoak, Bilboko enpresek. Abenduan 701 langabe kontratatzen laguntzeko diru laguntzetarako deialdia irekiko dute, eta Bilboko enpresak aurkeztu ahal izango dira. 1.012 kontratu horiek sustatzeko, 10,9 milioi euroren inbertsioa egin beharko dute bi erakunde publikoek: 8,9 milioi ipiniko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta gainontzeko bi milioiak Bilboko Udalak ordainduko ditu.