BESTE GATAZKAK

Pandemiak ugaritu egin ditu lan gatazkak eta kaleratzeak. Hona hemen Bizkaian izandako kasu garrantzitsuenetako batzuk.

ITP Aero

ITP Aero

Enpresa. Mundu mailako aeronautika enpresa garrantzitsuenetako bat da. Zamudion du egoitza. Motor aeronautikoen eta gas turbinen ingeniaritzan, ikerketan eta garapenean, fabrikazioan aritzen da. Hainbat fabrika ditu. Rolls Royce da jabea.

Zamudio. Urrian, Zamudion duen plantatik 121 langile kaleratzea adostu zuen CCOO eta UTG sindikatuekin. Irailean, 194 izango zirela esan arren, sindikatuekin izandako negoziazioaren ondoren, 73 gutxiago dira. Hala ere, plantan jarraituko duten langileek aldi baterako erregulazioan egingo dituzte hamalau hilabete. Kaleratutako 121 langileetatik 71 behin-behinekoak dira —gehienek bi urte baino gehiago daramatzate han—, eta 42, erretiroa lehenago hartuko dutenak. Enpresak hasieran 60 urtetik gorakoei ezarri nahi zien neurria, baina 58ra jaitsi zuen.

Ezkerraldea. Barakaldon eta Sestaon dituen beste planta banatan ere lan erregulazioa egiteko asmoa iragarri zuen ITP Aerok joan den astean. Zehatzago, taldeko PCB Precision Castings Bilbao enpresak aurkeztuko du, eta bi plantetan dituen 510 langileetatik 133 kaleratuko ditu. Precision Castingsen hegazkinen turbinen aurreneko pausoa ematen dute: piezak egiten dituzte. Gero Zamudion eta beste lantegietan lotzen dituzte. Ezkerraldeko plantetako espedienteak langile finkoei eragingo die: gaur egun ez dago behin-behinekorik.

Gestamp

Gestamp

Enpresa. Gestamp autogintza arloko multinazional bat da, Abadiñokoa. Filial bana ditu Suedian eta Alemanian. Autogintzarako osagaiak egiten ditu Europako hainbat markarentzat. Autoaren azaleko metalezko piezak dira. Horiek egiteko molde erraldoiak behar dira, xafla sartu eta bezeroak eskatzen duen forma hartzeko; Zamudion diseinatu eta egiten dira, taldeko enpresa banatan: GTS ingeniaritza enpresan eta Matriceria Deuston, hurrenez hurren.

Negozioazioak. Bost asteko negoziazio prozesua bukatuta, Gestampek ez du iritzia aldatu: GTS eta Matriceria Deusto ixtea eragingo duen lan erregulazio espedienteari eutsi dio. Kaleratzeak abenduan hasiko dira, eta apirilera arte iraungo du prozesuak. 232 lanpostu galduko dira.

Langileen susmoak. Gestampek irail hasieran jakinarazi zuen erregulazio espedientea eskatzeko asmoa zuela, “arrazoi ekonomikoengatik”. Baina aste batzuk lehenago Matriceria Deuston behin-behineko langileak sartu ziren, eta kontratu finkoa zutenak ordu estrak sartzera behartu zituzten. Halere, sindikatuen arabera, beharginek martxotik ikusten zuten euren lan karga Gestampen beste planta batzuetara bideratzen ari zirela, eta lan erregulazioa prestatzen ari ziren susmoa piztu zitzaien.

Alternatibei, ezetz. Langile batzordeek neurri “ez-traumatikoak” proposatu dituzte: aldi baterako erregulazioak, erretiro aurreratuak… Azken orduan, Matriceria Deustoko batzordeak itxiera ere onartu zuen, betiere Gestampek langileak beste trokelgintza enpresa batzuetara bidaltzekotan. Gestampek, ezetz. Hau izan da enpresaren azken eskaintza: Matriceria Deustoko 182 langileetatik, 25 lanpostu aldaketa, 27 erretiro aurreratu (57 urterekin) eta 130 kaleratze ordaindu, 24 hilabeteko soldataren mugarekin. GTSko 50 langileetan, hamabost lanpostu aldaketa, bi erretiro eta 33 kaleratze.

Sidenor

BASAURIKO SIDENOR LANTEGIA

Enpresa. Egoitza nagusia Basaurin duen metalgintza alorreko enpresa bat da. Euskal Herrian, Basaurin, Azkoitian (Gipuzkoa), Legution (Araba) eta Gasteizen ditu lau ekoizpen planta; Kantabrian (Espainia) eta Bartzelonan beste bana.

Aldi baterako erregulazioa. Sidenorren ekoizpenaren %70 inguru autogintzari lotuta dago. Pandemiagatik beherakada izan du sektoreak, eta horren aitzakian Sidenorrek aldi baterako erregulazio txostena ezartzeko asmoa iragarri zuen irailean. Enpresak dituen ia 1.600 langileei eragin die, baina ez modu orekatuan: fabrika bakoitzean ezberdina da erregulazioa. Basaurikoan, %35 murriztu dira ekoizpen lanaldiak. Espedientearen iraupena datorren urteko abendura artekoa izango da.

Portuko zamaketariak

BILBOKO PORTUKO ZAMAKETARIAK GREBAN

Bilbo Estiba. Bilboko portuan diharduten lau zamaketa enpresen —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco— artean osaturiko lan enpresa da Bilbo Estiba, eta hark banatzen du lana. Portuan 320 langilek osatzen dute finkoen multzoa; azpiegitura publikoa zenetik jarraitzen dutenak dira. Haien kontratuak subrogatu egin dira, eta egun Bilbo Estibarentzat egiten dute lan. Lehen, 405 ziren, baina, erretiroen poderioz, 320 dira orain; besteak beste, ez dutelako finkorik kontratatu azken 12 urteetan. Tarte horretan, behin-behinekoen kopurua bikoiztu egin da. Urte luzeko epaibide baten ondoren, eta, Europako Batzordearen ebazpen bat medio, jarduna liberalizatuta dago maiatzetik, eta ezin zaio trabarik jarri aldi baterako enpresak erabiltzeari. Enpresak pribatuak diren arren, portua publikoa da eta erakundeen bitartekaritza eskatu dute.

Protestak. Urriaren 9tik 25era txanda bakoitzean ordu biko lanuzteak egin zituzten. Akordiorik lortu ez, eta luzatu egin zuten: orain txanda osokoak egiten ari dira, abenduaren 9ra arte. Langile batzorde osoak deitu zituen protestak, ELAko ordezkariek izan ezik. Baina sindikatu horren afiliatuek ere bat egin dute. Euren lana aldi baterako enpresekin ordezkatu nahi izatea egozten diote enpresari. Salatu dutenez, lehen behin-behinekoek finkoen lan baldintzak zituzten, eta, orain, ez. Soldata “askoz txikiagoa” dute, eta, egun bateko edo astebeteko kontratuak direnez, “kexatzen dena ez dute berriz deitzen”. Eskakizunak egutegi eta antolaketa mailakoak dira, batez ere: atsedenak, txandak… Eta langile finko gehiago.

Kaleratze salaketa. Behin-behineko langileek ere bat egin dute protestekin. LABek salatu duenez, enpresak langile hauen kontrako neurriak hartu ditu: “Kontratatzeari utzi dio lan kargari aurre egiteko langile nahikoa izan ez arren”. Hala, 100 beharginek osatutako behin-behinekoen taldea nolabait kaleratu egin dutela salatu du.