“Une zailenetan kultura gu babesten egon da”

“Une zailenetan kultura gu babesten egon da”

Peru Azpillaga Diez

“Lanera joatea segurua bada, kultur ekimen batera edo bilera batera joatea ere bai”. Pandemiaren bigarren olatu honetan, Astrako kideek aurrera pauso bat ematea erabaki dute, eta, haien jarduna bertan behera utzi beharrean, urtarrilera bitarteko egitarau oparo bat osatzea erabaki dute. Kultur fabrikako kidea da Unai Olaeta (Gernika-Lumo, 1992), eta garai “zail” hauetan ere bizitzari “eusteko arduraz” mintzatu da. Horregatik Astrak martxan jarri duen egitasmoaren bidez, mezu “baikor eta itxaropentsu bat” zabaldu nahi duela azpimarratu du: “Ederrenari eusteko mezua”.

Kulturarentzat garai ilunak direla esan daiteke, baina zuek mezu baikorra zabaldu duzue.

Uste genuen bazela momentua espazio bezala mezu bat kaleratzeko. Zalantza asko izan ditugu, zer nolako mezua, zer proposamen… Azkenean, baikortasun eta itxaropen mezu bat zabaltzeko unea zela adostu genuen. Jarduteko beste modu bat aldarrikatu nahi dugu, gauzak albo batera utzi beharrean, egoerara egokitu eta aurrera jarraitzeko aukera dagoelako. Horregatik ederrenari eusteko deia egin dugu: bizitzari, elkartzeari, kulturari, sormenari, borrokari, elkartasunari…

Kultur ekimen asko bertan behera geratzen ari diren bitartean, hiru hileko egitaraua kaleratu duzue zuek. Nolatan?

Pandemia hasi zenetik, Gernika mailan mugimendua egon da arlo kulturalean. Konfinamendutik hasi eta konfinamendutik ateratzeraino, hainbat egistasmo jarri dira martxan. Hala ere, dena berriro ere okerrera doan une honetan, kulturaren aldeko apustu argi bat egin dugu. Lanera joatea segurua bada, kultur ekimen edo bilera batera joatea ere segurua dela aldarrikatu eta praktikara eraman nahi dugu.

Zer garrantzi du kulturari eusteak une honetan?

Egoera negargarria da ekonomikoki. Jendea dena galtzeko arriskuan dago. Etxe kaleratzeak ez dira gelditu, dirua behar ez ditugun gauzetan xahutzen da… Pertsonak jarri behar dira erdigunean. Bizitzak erdigunera eraman eta herritarrok ditugun premiei lehentasuna eman behar zaie. Dinamika hau, Astrak horretan laguntzeko egiten duen ahalegina baino ez da: arrakalen artean ederrenari eusteko aldarria. Autogestioaz gauza asko egin ahal dira, eta hori da gure bidea.

Zuek zer eskaini dezakezue?

Azkenean bizitzak murrizten ari dira. Astra kultur fabrika bat da, elkartzeko gune bat; eta guk beharrezkoa ikusten dugu hori bizirik mantentzea. Batetik, herriari egiten diogun eskaintza mantentzeko. Eta, bestetik, sortzaileei ere aukera bat eman behar zaiela uste dugulako. Lan berriak argitaratzen dabiltza, eta Astra ere haientzat aterpe bilakatu nahi du, egiten duten hori erakusteko oholtza bat, azken finean.

Urtarrilera bitarteko egitaraua kaleratu berri duzue.

Zalantzak genituen hasieran, batik bat ez genekielako zer nolako prestutasuna izango zuen jendeak kultur egitasmoetara joateko. Dena den, guk uste dugu kultura segurua dela; neurri guztiak hartu ditugu horretarako. Egitarauari erreparatuta, oso anitza dela uste dugu, diziplina asko nahastu ditugulako. Helburuetako bat mota askotako jendearengana heltzea da, eta, zentzu horretan, era askotako beharrizan kulturalak asetzeko programazioa osatu nahi izan dugu. Gaur bertan izango da lehenengo kontzertua, Ana Zozayaren eskutik; sarrera asko saldu dira jada, eta espero dugu hasiera ona ematea dinamikari.

Zelan jaso dute sortzaileek?

Oso ondo egia esan. Haiek ere badute beraien lanak oholtza gainera igotzeko behar hori. Gainera, eskertu dute mezu positibo bat zabaltzeko hautua. Halako garaietan, beldurrari aurre egitea eta kultura seguruaren aldeko apustua egitea garrantzitsua iruditu zaie. Guk horri eutsi nahi diogu, betiere segurtasuna bermatuz.

Zer deritzozue instituzioek kultur arloan izandako paperaz?

Gure ikuspuntutik beti egin daiteke gehiago. Kultura babestu behar da.Momentu zailenetan kultura hor egon da gu babesten. Presente egon da pandemia osoan zehar, baina orain badirudi gu ez garela sortzaieek eman diguten hori itzultzeko. Instituzioek kultura indartzeko ardura dute; lehentasuna eman behar diote beharrezkoenari.

Astrakoek nola bizi izan duzue osasun larrialdia?

Guk argi izan genuen hasieratik Astra ez zela geldituko. Egoerara egokituz, izan telematikoki izan presentzialki, konstante bat izan da gure kasuan erakustea Astra bizirik dagoela eta egongo dela. Gure espazioaren inguruan dagoen komunitatea egoerara egokitzen saiatu gara. Ez da erreza izan gauzak antolatzea, egunetik gauera dena aldatu zitekeelako, eta gaur baliagarria zena, bihar ezereza izan zitekeelako. Alta, aurre egin diogu horri guztiari.

Abenduan hamabost urte beteko dituzue. Nola baloratzen duzue urte hauetako jarduna?

Oso polita izan da. Niretzat balorazio positiboena hemen aktibo jarraitzen dugula da. Proiektua bizirik dagoela, politikarien erabakietatik salbu, eragile eta sortzaileentzat aterpe izaten. Beti izan dugu argi herriak soilik salba dezakeela herria. Bada herria bizirik dago, Astra bizirik dago eta mugimenduan gauden bitartean gure buruak babestuko ditugu.