Poesiaz betetako mugimenduak

Poesiaz betetako mugimenduak

Ibai Maruri Bilbao

Programazioa osatzeko ohiko eredua aldatu dute: nazioartetik Euskal Herrira etorri ordez, gertukoari begiratuta hasi dira egitaraua atontzen. COVD-19aren pandemia dela eta, ezin izan dituzte nahi beste atzerriko talde ekarri. Eta, beste urte batez, “kalitate handiko” festibala prestatu dute. Bihar hasi eta datorren aste osoan, 39. Bilboko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdia egingo da. Euskal Herriko lau konpainiak, Herrialde Katalanetako bik, Espainiako bik, Galiziako batek eta Italiako batek aurkeztuko dituzte euren ikuskizunak.

Ohi bezala, Campos antzokia izango du jaialdiak egoitza nagusia. La Fundicion aretoan eta hainbat barrutitako udaltegietan ere eskainiko dira emanaldiak. Iazko hasitako bidetik, Bizkaiko hainbat herritan ere ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da; besteak beste, Areatzan, Arrigorriagan, Larrabetzun, Derion eta Lezaman. Antolatzaile taldeko Josu Camarak esan du iaz bisitatutako herriek berriro ere eurenera jotzeko eskatu dietela. “Bizkaian badago eskaera horrelako ikuskizunak ikusteko. Bilbon aurtengoa 39. edizioa izango da: horrek esan nahi du arrakasta baduela; bestela ez luke hainbeste denbora iraungo. Eta herrietara zerbait eramaten denean, aretoak lepo betetzen dira”. Bere ustez, eskaintzaren kalitatean dago publikoa erakartzeko gakoa: “Normalean ohiko programazioan agertzen ez diren ikuskizunak izaten dira guk eramaten dizkiegunak, eta hori asko estimatzen dute”.

1982. urtean sortu zen Bilbon txotxongiloen jaialdia, eta garai hartan bazegoen hasiera eguna “irrikaz” espero zuen publiko zabal bat. Txotxongiloena ia-ia gizateriaren sorreratik egon den arte adierazpena den arren, diziplina horri eskainitako festibala antolatzea ekimen berritzailea izan zen. Gaur egun, ordea, duela hiru hamarkada gutxiago dira zaletuak. Bilboko jaialdiak zale haiek berreskuratzea du helburu, eta “erreferentzia bat izaten jarraitu” txotxongiloen munduan. Ikusle berriak sortzeko asmo horretan, eskoletan tailerrak eta bestelako emanaldiak egiten ere hasi ziren 2017an. “Arrakastatsua izan da; ikastetxeak pozik egon dira eskaintzarekin”. Baina, aurten, pandemiagatik, goizetako saio horiek bertan behera uztea erabaki dute: umeek etxekoekin joan beharko dute antzokira, txotxongiloen ikuskizunaz gozatzera.

Sektorea indartzeko

Formazioari eta prestakuntzari ere lekua egiten dio Bilboko jaialdiak. Ohi bezala, aurtengo ediziorako ere irakasle iaioak biltzeko asmoa izan dute. “Egitarau indartsua geneukan prestatuta; pozik geunden emaitzarekin”. Azkenean, atzeratzea erabaki dute, atzerritik etortzekoak ziren irakasleak ekartzea zaila delako osasun larrialdiagatik. Ondo bidean, eta Eusko Jaurlaritzak horretarako eman ohi duen diru laguntza mantenduz gero, 2021ean eskainiko dira formakuntza saio horiek. Hala ere, Camarak zer zuten prestatuta kontatu nahi izan du, formazioari ematen dioten garrantzia agerian uzteko.

Alemaniko konpainia ezaguna da Familie Flöz. Bertako kide Thomas Roschr Bilbora etortzekoa zen hiru artistekoa bat da: Maskara batekin antzezten izeneko ikastaroa eskaintzea zuen asmoa. Ingalaterrako Rene Bakerrek, berriz, objektuen bidezko narratiba lantzen irakatsiko zuen. Azkenik, Janni Yunge hegoafrikarrak lengoia kreatiboa izango luke hizpide, etorri balitz. “Goi mailako prestakuntza ikastaroak izaten dira. Gure asmoa Euskal Herrian txotxongiloekin lan egiten dutenei formazio profesionala eskaintzea da, sektoreari bultzada bat emateko”.

Jaialdiaren antolatzaileek txotxongilogintzak arte eszeniko gisa duen balioa aldarrikatzen dute. Ikuskizun gehienak adin guztietako publikoak ikusteko modukoak dira. “Egitarauari begiratuta, argi dago txotxongiloak ez direla umeentzat bakarrik. Ikuskizun gehienak ikuslego orokorrarentzat dira”. Camararen esanetan, sormen lanek duten “poesia” da guztiak erakartzen dituela. “Objektuak, txotxongiloak dantzan eta jolasean ikusten dituzu, emozioak transmititzen, eta horrek guztiongan dauka eragina. Agian ezberdin ulertuko edo ikusiko dute umeak eta helduak agertokian ikusi dutena, baina ikuskizunean sortzen den poesiak guztiak hunkituko eta txundituko ditu”. Esan du pertsona guztiak noizbait objektuei bizitza emanda jolastu izan direla; era batera edo bestera zerbait adierazten saiatu direla objektuen bidez: “Guztiok izan dugu noizbait nolabaiteko loturaren bat txotxongiloekin”.

'La fabula de la raposa'

Etxekoak kanpoan

Lehen baino apalagoa izan arren, eskaera egon badago. Eta eskaintzarik? “Oso ona, eta kalitate handikoa”. Diziplina honetan dabiltzan hainbat talde daudela esan du. “Aurten Bilboko jaialdira etorriko diren konpainiak ikusita uler daiteke maila oso ona dagoela gurean”. Esaterako, Anita Maravillas atzerrian asko ibilitakoa da. Esperimentatzen dabiltzan taldeak ere badirela esan du: besteak beste, Arriera taldeak hainbat diziplina nahasten ditu ikuskizunetan. Kulunkan konpainiak, berriz, Bilbora ekarriko duen Andre eta Dorine obrarekin 4.000 emanalditik gora egin ditu mundu zabalean.

Aurten badu berritasun bat jaialdiak. Eta Camarak bereziki azpimarratu nahi izan du. Erakusketa bat atondu dute, Otxarkoagako Tendel elkartearen egoitzan, haiekin elkarlanean. Valentziako (Herrialde Katalanak) Sovit taldearen Kulturen Museo Ibiltaria egitasmoaren parte da, eta Bestearen aurpegiak du izena. Maskarak dira gaia. “Helburua kultura aniztasuna sustatzea da. Izan ere, maskarak ezberdinak dira kultura bakoitzean, baina guztiek badute zerbait komunean. Horregatik, zabaldu nahi den mezua da aniztasunean badagoela batasun bat”, azaldu du Camarak. Haren aitzakian, hilaren 2tik 29ra, 6 urtetik gora, adin guztietako pertsonek parte hartu ahal izango duten tailerrak eskainiko ditu Soviteko Pep Beltranek.