Kezka eragin du gasolindegiak

Kezka eragin du gasolindegiak

Zihara Jainaga Larrinaga

Herritarren artean hautsak harrotu ditu Urdulizen eraikitzen ari diren gasolindegiak. Jabetza pribatuko orube batean hasi dituzte obrak, Aita Gotzon eta Igeltzera kaleen artean. Jabeak Kanarietako (Espainia) Disa Peninsula enpresari saldu dizkio lur horiek. Urdulizko Udalak, salmenta legezkoa izan dela baieztatu ondoren, gasolindegi bat ezartzeko lizentzia eman dio enpresari, hala dagokiolako. 2.570 metro koadroko eremua hartuko du zerbitzu gune berriak.

Auzokideak haserre daude. Urdulizko EH Bilduri, esaterako, ez zaio ondo iruditzen herrian gasolindegi bat eraikitzea. Kaleratutako ohar baten bidez azaldu duenez, “guztiz desegokia da autoen aparkaleku eta etxebizitza batzuen ondoan gasolindegi bat jartzea”. Aitzitik, hiru kilometroko inguruan beste hainbat gasolindegi daudela argudiatu du taldeak: bat Urdulizen bertan, Barrikara bidean; beste bat Plentziarako norabidean, Barrikan; Sopelan beste bi; eta Berangon, beste bat. Are gehiago, gasolindegi berria etxebizitzak dauden eremutik “oso gertu” eraikiko dutela salatu dute: zehazki, gasolindegi berria etxebizitzetatik 75 metrora egongo da. “Herri eta hiri askotan, halako gasolindegiak kentzen ari dira, kanpora ateratzeko, eta gure herrian, etxeen ondoan eraikiko dute”, salatu du Ibai Baldelana EH Bilduko zinegotziak.

Urduliz Bizirik auzokideen elkarteak ere ezinegona adierazi du azpiegitura berriaren aurrean. “Ez digu graziarik egiten etxetik gertu gasolindegi bat izateak”, esan du Unai Crespo auzokideen elkarteko kideak. Haiek ere ez dute gasolindegi berri bat eraikitzeko beharrik ikusten. “Inguruan ditugun gasolindegiek sobera asetzen dute gure beharrizana”.

Elkarteko kideak arduratuta daude obrak nahiko aurreratuta daudelako eta ez dagoelako atzera bueltarik. “Espedientea eskatu dugu udaletxean, eta hura aztertzean ez dugu ezer aurkitu proiektua geldiarazi ahal izateko”, adierazi du Crespok. Udalak, berriz, esan izan du proiektua atzera botako balute, legez kanpo jokatuko luketela. Baina Cresporen ustez, auzia, batik bat, gasolindegiaren eta etxebizitzen arteko distantzia txikia da: “Gasolindegia jartzea edo ez, lursailaren jabearen kontu pribatu bat da”.

Abisatu gabe

Zoru industrialean eraikiko dute gasolindegia,eta aldamenean zelaigune bat dago; hortaz, legea eskuan izanda, gasolindegia irekitzeko arazorik ez da egongo. Behin zaldi lasterketa bat egiteko erabili zela azaldu du Baldelana EH Bilduko zinegotziak, baina, dirudienez, lursaila kutsatuta dago, eta ezin da beste ezertarako erabili. Hala ere, halako erabaki bat udalak herritarrekin kontsultatu gabe hartu izana salatu du Baldelanak. Aitzitik, ezkutuan ibiltzea leporatu diote udalari: “Alkatea behin-behineko jardunean zegoenean sinatu zen gasolindegi berria eraikitzeko lizitazioa, hauteskundeak egin eta hiru egunera”. Ez dute ulertzen dena ondo egin bada herritarrengandik ezkutuan ibili behar izatea. Dioenez, herritarrak proiektuaren aurka mobilizatzea eragotzi nahi zuen gobernuak.

Legearen arabera, gasolindegi bat eraikitzean, azpiegitura berria egongo den eremuaren aldameneko herritarrak abisatu behar dira. Kasu honetan, baina, zelaigune bat dago etxebizitzen eta gasolindegiaren artean; hots, ez dago etxebizitzarik, eta, hortaz, auzokideak ez dira mugakide; ondorioz, ez dute proiektuaren berririk izan “obrak hasi” diren arte. “Alboko enpresak soilik abisatu dituzte, eta bizilagunoi ez digute ezer jakinarazi”, esan du Crespok. Nolabait, beren kasa izan dute guztiaren berri.

Arazoak onuren gainetik

Gasolindegiak herrian kaosa eragingo duela uste dute Baldelanak zein Crespok. Urdulizen, auto mugimendua gero eta handiagoa dela esan dute; batetik, ospitalera doan jendearen joan-etorriengatik, eta, bestetik, Mecanica La Peña enpresa dorreko langileenak batzen direnean herrian anabasa sortzen delako. Gasolindegi berria herriaren erdigunean eraikiko da, eta, haien ustez, horrek trafiko arazo handiagoa ekarriko ditu herriko sarrera-irteeretan. Are gehiago, EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du Urdulizen bizi diren herritar gehienek kanpoan lan egiten dutela, eta beste zerbitzu gune batzuetara jotzen dutela erregaia behar dutenean. “Horregatik, proiektu hau ez zen beharrezkoa herrian”.

Crespori erregaia herriaren erdigunera ekarriko duten kamioiek sortzen diote buruhaustea. Egun, udalak autoak uzten diren zelaigunean aparkaleku bat eraikitzeko proiektu bat du esku artean. “Gasolindegiarekin eta aparkaleku berriarekin ziurtatuta daude arazoak”, dio Crespok.

Lurzorua pribatua denez, udalak ezin du esku hartu, baina Baldelanak uste du beste irtenbide bat eman ahal zitzaiola: udalak lurzorua eros zezakeela, adibidez. “Urdulizek gauza asko behar ditu orain, asko ari da handitzen, biztanle kopurua goraka doa etengabe”. Dioenez, ikerketa bat egin beharko litzateke beharrizanak ikusteko. “Urduliztarrok gasolindegi honetatik atera dezakegun errenta bakarra zerga bidez bilduko den dirua da”. Lursaila pribatua denez, ez baitu kosturik izan herriarentzat.