Euskararen katea eten ez dadin

Gaur hasi da euskaraz ‘gehiago, gehiagorekin, gehiagotan’ egitea helburu duen Euskaraldia. 2.854 egoitzek izango dituzte ariguneak. 105 herri eta auzo batzorde sortu dituzte.

Natalia Salazar Orbe

Iritsi da bi astez euskara erdigunean jarriko duen Euskaraldia. Gaur hasita, abenduaren 4ra arte luzatuko da euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Ez du edonolako erronka; izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, ugariak izan dira hizkuntza eskubideen urraketen salaketak. Koronabirusak giza harremanak ere zaildu ditu. Euskaraz aritzeko guneak mugatuta dauden testuinguru horretan abiatu da gaur Euskaraldia. 2018an egin zuten lehen ariketan sakontzea du helburu aurtengoak. Hala adierazi du Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak. Gaurtik aurrera, euskara “gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” egitea lortu nahi dute. Aurtengo leloa ere bada hori.

Aurreko esperientziaren ondoren, berritasunak daude aurten: ahobizi eta belarriprest figurez gain, ariguneak ere sortu dituzte, entitateek parte hartzeko eremuak. Ariguneek euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute une oro. Euskaraz aritzeko aukera hori entitate barruan edota entitateak herritarrekin duen harremanean bermatuko du.

Euskal Herrian, guztira, hainbat entitateren 8.309 egoitzak eman dute izena; 2.854 dira Bizkaikoak. Bizkaiko egoitza horietan, 3.884 dira barne ariguneak. Entitate batean ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeek osatzen dute sail hori. Hainbat talde daude horien barruan: sailak, atalak, zerbitzuak… Horietako kideek modu kolektiboan euren arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu dute.

Beste 4.204 kanpo ariguneak dira. Helburu nagusia entitate horiek herritarrekiko dituzten harreman espazioetan euskararen erabilera handitzea da. Horretarako, bermatu behar dute une oro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela arreta emateko prest. Era horretako espazioak izango dira, besteak beste, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, edota tabernariak eta dendariak. Batera zein bestera aritzeko, hainbat kooperatiba, enpresa, banka entitate, kirol eta kultura talde, udal sail, eragile zein elkartek eman dute izena. Denera, 32.076 lagun ariko dira buru-belarri Bizkaiko ariguneetan.

Aurtengo beste berritasunetako bat Gaztealdia izan da. Euskal Herriko bederatzi gaztek hartu dute parte, joan den asteko ostegunean hasita, atzora arte. Askotariko profil soziolinguistikoa duten gazteek egin dute astebetez euskara hutsean bizitzeko zer-nolako zailtasunak dituzten aztertzeko ariketa. Horien artean, hiru dira bizkaitarrak: Sodupeko, Deustuko eta Zornotzakoak.

Zailtasunak antolaketan

Euskaraldia herriz herri eta auzoz auzo landu da hilabeteetan. Izan dituzten zailtasunak azaldu ditu Illarok: “Pandemiak eragin handia izan du bai antolaketa prozesuan eta baita Euskaraldia ariketan bertan ere. Euskaraldia herriz herri saretuta dagoen boluntario talde zabal batek antolatzen du”.

Martxoan batzordeak ariguneak sortzen hastekoak zirela, itxialdia heldu zen, eta batzorde askoren lana eten egin zen. “Itxialdiaren ondoren, asko kostatu da normaltasunez aritzea. Asko dira zailtasunak: jarduerak antolatzeko, kalean batzeko eta batzordeen bilerak egiteko zailtasunak daude. Kostatuta ere pausoak ematen jarraitu dugu, eta, herrietako batzordeen inplikazioari esker, bigarren Euskaraldi hau 421 udalerritan egin ahal izango da, eta 7.000 entitate baino gehiagotan sortu dira ariguneak. Hurrengo Euskaraldietarako oinarri garrantzitsua izango da hau”. Bizkaian, 105 herri eta auzo batzorde sortu dira.

Oztopoei, aurre

Euskaraldiaren ariketak berak izango dituen oztopoei buruz ere mintzatu da: “Nabarmena da ezingo dugula izan nahi genukeen moduko Euskaraldia. Gure arteko harremanak oso baldintzatuta eta mugatuta dauden garaian egingo dugu ariketa soziala. Euskal Herriko lurralde guztietan izango ditugu mota bateko edo besteko mugak, eta sortu diren hainbat arigunek ezingo du ariketa egin, ateak zabaldu ezinik egongo direlako. Ariketa egiteko baldintza onenak ez izan arren, hainbat harremani eutsi egiten diegu, eta horietan hizkuntza praktika berriak probatzera gonbidatzen ditugu ahobizi eta belarriprest guztiak”.

Parte hartzeari buruzko datu zehatzak ikusteko itxaron egin beharko da, azkeneko unera arte egon baita izena emateko aukera. 2018an 55.025 ahobizi eta 25.011 belarriprest egon ziren Bizkaian. Kontzientzia hartzea eskatu dute antolatzaileek. “Izena eman duten ahobizi eta belarriprest guztiek euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko ariketa kontzientea egitea; hau da, beren hizkuntza praktikei buruzko gogoeta egin eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina egitea”.