Azaroko biboteen elkartasun keinua

Azaroko biboteen elkartasun keinua

Maialen Arteaga

Azaroan hazten diren biboteak ez dira beste hilabeteetan ikusten direnak bezalakoak, ile hutsa. Elkartasun mezu bat dakarte. Movember izenez ezagutzen da azaroko biboteak elkartasunez betetzen dituen mugimendua. Gizonezkoek pairatzen dituzten gaixotasunen inguruan kontzientziatzea du helburu —batez ere, prostatako eta barrabiletako minbiziez—, eta, horretarako, Movember fundazioak 21 herrialdetan diru bilketak antolatu ditu. Iaz 700 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten osasun arloko ikerketetara. Hala ere, dirua biltzea ez da asmo bakarra. Bizkaian ere bada egitasmo bat.

Azaroan zehar hamaika ekintza antolatzen dituzte hainbat kirolarik. Ekintza sinbolikorik ezagunena da azaroan bibotea luze uztea. “Azaro guztian zehar bibotea utzi eta jendeak kalean ikusten zaituenean, biboteaz galdetzean, prostatako eta barrabiletako minbizia berbalizatu nahi da, gizonen osasunaren aldeko gaia aipatu, eta jakintza minimo bat gureganatu”, adierazi du Antxon Iriondo Durangoko errugbi klubeko jokalariak. Biboteak “tabuak hausteko aukera bat” direla esan du, bereziki gizonezkoentzat: “Orain gaixotasuna kontrolatuta dago, eta hobera doa egoera. Baina, gorputz atal horietan gaitza izatea estigmatizatuta dagoenez, arazoa azaleratzeko aitzakia da. Gizonok, batez ere nagusiagoak egiten garenean, ez dugu honetaz naturalki hitz egiteko joerarik. Movember honetan sakontzeko eta mintzatzeko aukera bat da”.

Mugimendu honek lotura estua du errugbiarekin eta haren kolektiboarekin. “Australiako errugbi jokalari batek prostatako minbizia izan zuen, eta bi taldekidek bibotea uzteko keinua egin zioten”, Iriondok kontatu duenez. 2003an egindako keinu xume horrek oihartzun handia izan zuen, eta beste hainbat herrialdetan ere mugimendura batu ziren kirolari asko. Kirolaren eta mugimenduaren arteko lotura hori, ordea, haragoko arrazoiengatik ere badela dio Durangoko errugbi jokalariak: “Mugimendua hortik hasi zen, eta, gainera, errugbiaren berezko giroarekin oso lotuta dago: lehiakideen arteko giroa oso ona da, eta komunikazio ona dago. Errugbiak asko eragin du mugimendua zabaltzen”. Mugimenduko emakumeek —Mo Sisters izenez ezagunak direnak— oihartzuna “izugarri” hauspotu dutela azaldu du.

Maskara bibotedunak

Maskarek azaroa ere hartu dute, eta, beraz, ezin biboteak luzitu. Osasun neurriei jarraituz, urteroko Movember atzean utzi gabe, biboteak maskaretara eramanez egoerara moldatzea erabaki dute Durangoko klubekoek. Hamar euroren truke, maskara bibotedun berrerabilgarriak jarri dituzte salgai Durangoko hainbat tabernatan; horien artean, klubaren Rugby tabernan. Izan ere, urteroko kanpaina birmoldatu behar izan dute. Orain arteko urteetan ekintza desberdin batzuk antolatu izan dituzte, eta, horien guztien bitartez, 2.000 euro baino gehiago biltzea lortu zuten iaz.

Aurten, pandemiagatik, bestelakoa izango da egoera, baina giroa ez da elkartasunaren oztopo izango. Hala, nahi duenak nahieran elkartasuna adierazi dezakeela gogorarazi du Iriondok:”Ez da bibote onik izan behar, ezta gizonezkoa izan behar ere. Keinu txikien bitartez edo kanpaina bera zabalduz norbaitek gaixotasunaren berri izatea lortzen baldin badugu, izugarria izango da”.

Klubak, kanpainaren inguruan hausnartu, eta gizonezkoentzat bideratuta zegoela ikusi zuten: “Durangoko emakumezkoen eskubaloi taldea etorri zitzaigun haiek nola lagun zezaketen galdetzera. Izugarri eskertu genuen, eta kanpainari buelta batzuk eman genizkion”. Bibotea luze utzi edo ekonomikoki lagundu ezin duten pertsonek ere mugimendua zabaltzen asko lagun dezaketela esan du Iriondok.

Klubaren webgunean ematen dute bildutako diru kopuruaren eta antolatutako ekintzen berri. Herritar oro kanpainarekin bat egitera eta mugimendua hedatzera gonbidatu du Durangoko errugbi klubak.