Aretotik pantailetara

Aretotik pantailetara

Peru Azpillaga Diez

Lekeitiotik pantaila guztietara. Bihar bertan abiatzekoa da 43. Euskal Zine Bilera, eta ediziorik “berritzaileena” izango da, antolatzaileen esanetan. Osasun larrialdia “erronka” gisa hartuta, pandemiak sortutako oztopoak gainditzeko helburuarekin, formatu berri bat eman diote jaialdiari. Hala, adierazi dutenez, “inoiz baino errazagoa izango da” Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko zinema jaialdiaz gozatzea. Izan ere, programazio guztia online emango du aurten bere web orriaren bidez: www.zinebilera.eus-en.

Era horretan, hasieran traba izan zitekeena publiko zabalago batengana heltzeko abagune gisa baliatu nahi izan dute jaialdiko antolatzaileek: “Egun bizi dugun ezohiko egoera honek gure bizitzako arlo guztietan eragiten du. Errealitate berri hau erronkatzat hartuta, bide berriak irekitzeko aukera mahai gaineratu da, jaialdiaren guneak jendez betetako zinematik atera eta edonork eta edonondik ikusi ahalko den jaialdia proposatuz”.

Azaldu dutenez, proposamen berria 2016an sortutako plan estrategiko berritzailearen hurrengo pausoa da, Lekeition sortutako jaialdiaren zabalkundea lortzeko proiektuaren barruan biltzen dena. “Pantailak nonahi daude: etxean, lanean, kalean eta baita gure poltsikoan ere. Ikus-entzunezkoak eskura izan nahi ditugu, eta, horren jakitun, Euskal Zine Bilerak zinematik pantaila guztietara egin du salto”, zehaztu dute. Jaialdi osoa klik bakar batean izango du ikusleak. Zailtasuna erronka bilakatu nahi izan dutela azaldu du Xabier Arrate jaialdiaren koordinatzaileak: “Kontakturik gabeko jaialdi bat egiten gabiltza, baina pantailen bidez hurbil egoten saiatuko gara”.

Hiru ataleko egitaraua

Norabide berri horretan, hiru atal izango ditu Euskal Zine Bilerak aurten: Euskarazko Zinema Sortuz, Euskararen Zinema Partekatuz eta Euskal Zinemagintzarekin Saretuz. Lehendabiziko atalean, zinemaren esperimentazioarekin eta alfabetzearekin lotutako ekimenak izango dira: hala nola, Euskaltzaleen Topagunearekin batera sortutako Kameratoia izeneko gazteei begirako proiektua, Benito Ansola saria eta Zinegin festibalarekin batera landutako Zoom atalaren aurkezpena.

Era berean, zinemaren arlo ezberdinak partekatzeko xedeaz, Euskararen Zinema Partekatuz atala ere izango da Euskal Zine Bileran. Hor sartzen da film lehiaketa, jaialdiaren funtsa. Aurkeztu dituzten 33 lanen artean hautatuak izan diren hemeretzi film laburrek osatuko dute lehiaketa, eta hainbat egunetan proiektatuko dituzte. Hilaren 28an jakinaraziko dute zein den irabazlea. Gainera, euskal zinemagintzaren sinboloak eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada saria ere izango da. Aurten, Pascal Gaigne musikari eta konpositoreari emango zaio: “Saritua izan da hainbat lehiaketatan, eta, orain, Lekeition ere bai”.

Azkenik, Euskal Zinemagintzarekin Saretuz atalean, euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin harremanetan jarriko da jaialdia. Horren barruan, (H)emen gaude elkartearekin batera, solasaldi bat antolatuko da emakumezkoek euskal zinemagintzan duten lekuari buruz. Gainera, Pantaila Zuria izeneko gunea ere estreinatuko da, ikus-entzunezko beste jaialdiei eta egitasmoei leiho bat irekitzeko. Hain zuzen ere, aurten Zinegoak izango da atal horretako gonbidatua. Antolatzaileek haien lanaren nondik norakoa azalduko dute, eta Zine Bilerak aukera eskainiko du festibalean proiektatutako hainbat lan berriz ikusteko.

Beste saio batzuk ere antolatu dituzte, Hazparnen (Lapurdi) egiten den Zinegi jaialdiarekin elkarlanean: besteak beste, Zinema Gaualdia eta Urtzi Urkizu BERRIA-ko kazetariak eskainiko duen hitzaldia, zinema eta euskal gatazkari buruz. “Euskara hutsezko jaialdi bakarra gara, eta, beraz, naturala izan da elkarrekin aritzea”, esan du Arratek. Azkenik, Atzo8 egitasmoa ere izango da Zine Bileran: iraganeko irudi eta soinuak biltzea du xede.

EGITARAUA

Online ikusi ahalko da 43. Zine Bilerako programazio osoa. Zinebilera.eus web orrian eta Eitb.eus atarian ikusi ahalko dira emanaldi guztiak.

Bihar, azaroak  21
19:00. Irekiera. Hil Kanpaiak filma —soilik zine aretoan ikusgai— eta elkarrizketa Eneko Sagardoi aktorearekin.

Etzi, azaroak  22
19:00. Euskal ikus-entzunezkoen rallya, filmen emanaldia eta sari banaketa.

Azaroak  23
19:30. 43. Euskal Zine Bilerako lehiaketako filmen proiekzioa I.

Azaroak  24
19:00. Work in progress-aren aurkezpena, Oier Fuentes Bentio Ansola Bekako saridunarekin.
19:30. 43. Euskal Zine Bilerako lehiaketako filmen proiekzioa II.

Azaroak  25
18:30. Iraganeko irudiak Zinelab-EQZE.
19:30. 43. Euskal Zine Bilerako lehiaketako filmen proiekzioa III. eta IV.

Azaroak  26
22:00. Zinegoak aukeraketa I. LGTB film luze baten proiekzioa.

Azaroak  27
19:00. Mendi biluzia dokumentala eta Alex Txikonekin solasaldia.
22:00. Zinegoak aukeraketa II. LGTB film laburren proiekzioa.

Azaroak  28
11:30. (H)emen gaude solasaldia. Emakumeak ikus-entzunezko formatu berrietan.
19:30. Sari banaketa ekitaldia: film irabazleen proiekzioa. Pascal Gaigne musikariari omenaldia.
21:00. Gaualdia, Hazparneko Zinegin festibaletik zuzenean.

Azaroak  29
16:00. Euskal Zine Bilera, Zinegin, Zinelab-EQZE eta (H)emen eragileak solasean.
17:00. Solasaldia Urtzi Urkizu kazetariarekin: Euskal gatazka euskal zinemagintzan lanaren aurkezpena.
19:00. Palmaresaren proiekzioa: 43. Euskal Zine Bilerako film irabazleak.