Aldaketarako tresna

2010ean birsortu zuten Urduñako Adi emakumeen elkartea. Feminismoa ardatz, tailer eta ekintza ugari egiten dute herrian. Bitartekari sarearen parte ere badira.

Peru Azpillaga Diez

Taldea, elkarteak, sareak… Emakumeen antolakuntzak hamaika forma hartu ditu urteotan Euskal Herrian. Bizkaian, hainbat gune daude martxan herriz herri feminismoa lantzeko. Hain zuzen ere, helburu horrekin birsortu zen 2010ean Urduñako Adi emakumeen elkartea, eta Arantza Antsizar elkarteko kideak azpimarratu du geroztik hazi egin dela mugimendua.

Elkartea, berez, 1994an sortu zela esplikatu du, emakumeen berdintasunaren aldeko urrats modura, baina denboraren poderioz, bere jarduna itzaliz joan zen. “2010ean, emakume talde bat batu, eta taldea berriz ere lanean jartzea erabaki genuen”, esan du Altsizarrek. “Norbanako gisa genituen ezinegon pertsonaletatik abiatuta, Urduñan zegoen hutsune bat betetzeko asmoz birsortu genuen taldea”. Izan ere, Antsizarrek erantsi duenez, nabari zuten emakumeak batu eta gai jakinei “ikuspuntu feminista eta kritiko batetik” heltzeko gune bat behar zela. “Bazegoen emakumeen elkarte bat, baina beste mota bateko jarduna zuen. Guk feminismoaren inguruan hausnartzeko eta parekidetasunaren bidean eztabaidak sustatzeko egitasmo bat behar genuen”.

Hainbat ekinbide

Hala, martxan jarri ziren duela hamar urte, eta, geroztik, hainbat ekinbide antolatu dute. “Batetik, urteko bi data jakinen inguruko lanketa egiten dugu: martxoaren 8aren eta azaroaren 25aren inguruan”, zehaztu du Antsizarrek. “Egunean bertan egiten diren mobilizazioetara batzeaz gain, bestelako ekintzak ere antolatzen ditugu, data horiek hausnarketarako eta aldarrikapenerako ematen duten aukera baliatuz”.

Horretaz gain, urte osoan jardun iraunkor bat izateko ahalegina egiten dutela adierazi du, eta, besteak beste, eskaintzen dituzten ikastaroak nabarmendu ditu. “Azken urteetan, emakumeen ahalduntzeari buruzko tailer bat antolatu dugu, historian isilduak izan diren eta feminismoaren borrokan erreferenteak izan daitezkeen pertsonaia historikoen inguruko azterketa kritikoa eginez”. Era berean, jatorri ezberdineko emakumeekin elkarlanean, sukalde tailerrak ere eskaini dituzte, Urduñara etorritako emakumeak gonbidatuz haien jatorrizko kulturetako zerbait kozinatzera: “Guztion artean laguntzen diogu elkarri, eta atmosfera paregabea sortzen da esperientziak trukatzeko”.

Ildo berari eutsiz, aurten zinemari buruzko tailer bat estreinatzekoak zirela gogorarazi du, baina bertan behera utzi zuten, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz. “Emakume zinemagileei eta haien ibilbideari buruzko jardunaldi batzuk genituen prest, baina ezin izan ditugu egin”. Pandemia hasi zenetik, haien jardunaren alde handi bat gelditu behar izan dutela esan du, baina, hala ere, gutxieneko batzuk mantendu dituzte. “Batetik, Bitartekari sareak martxan jarraitu du, badakigulako egoera honetan hazi egin dela emakumeek etxean pairatzen duten indarkeria”. Horrekin batera, hainbat egitasmotan ekarpena egiten ere saiatu direla kontatu du; esaterako, lanik gabe geratu ziren etxeko langileen aldeko diru bilketan parte hartuz.

Sarearen garrantzia

2016az geroztik, Adi emakumeen elkartea Bitartekari sarearen parte dela azaldu du Antsizarrek. “Diputazioak martxan jarritako proiektu bat da, eta elkartean bertan parte hartzen duten bi kide ditugu”. Proiektuak bi helburu dituela esan du: “Batetik, trebatzeko aukera ematen digu, norbanako eta elkarte gisa, biolentzia prozesuak bere horretan ulertzeko aukera ematen digulako”. Bestetik, bitartekaritza paper bat jokatzeaz gain, halako kasu gehiago detektatzeko ahalegina egiten dutela erantsi du. “Laguntzeko eta gauzak errazteko gaude, gure sareak behar dutenen onurarako jarriz; izan ere, emakumeen sareak borroka honen euskarri nagusia dira”.

Jarduna berriro hartu zutenetik, taldea hazi eta laguntzeko prest dagoen komunitate bat eraiki dutela esan du. Parekidetasunaren aldeko borrokan, emakumeei historikoki sareak sortu eta haien arteko elkartasuna eraikitzeko “ateak itxi” dizkietela deritzo, eta, zentzu horretan, azpimarratu du “antolatzea tresnarik eraginkorrena” dela “eraldaketa pertsonal eta kolektiborako”.