Txerriak akademia ere merezi du

Txerriak akademia ere merezi du

Ibai Maruri Bilbao

Txerria diruaren sinbolo gisa ere erabili izan da. Guk beti esaten dugu penizilinak baino bizitza gehiago salbatu dituela, etxean txerria izateak urte osoan zer jana izatea bermatzen zuelako”. Txarriduna txerri akademiako Marino Monterok abantailak baino ez dizkio ikusten beste kultura batzuetan estimu handirik ez dioten animalia horri. Eta horiek sustatzea, eta balioa eta ezagutzera ematea da Txarridunaren eginkizuna. Asmo horrekin sortu zuten akademia, 1991n, Bilboko La Granja kafetegi historikoan.

Urtarrilaren 17a zen, San Anton abadearen eguna. “Animalien zaindaria da, bai, baina irudian haren oinetan txerri kume bat ageri ohi da; beraz, ezin egun aproposagorik aukeratu”, dio Monterok. Urtero otordu bat egiten dute, urteurrena ospatzeko. Gainontzeko egunetan ez bezala, otordu berezi horretan ez dute txerrikirik jaten: “Erakutsi nahi izaten dugu guk, txerriak bezala, denetarik jaten dugula”.

“Adarra jotzeko asmotan”, kofradia gastronomiko gisa eratu ordez akademia izena eman zioten elkarteari. “Txerria kontu serioa dela erakutsi nahi izan genuen”. 30 kidek osatzen dute: besteak beste, harakinek, sukaldariek, abokatuek, kazetariek, medikuek… Eta kide bihurtzeko modu bitxia dute: “Espainiako Akademiak hizkiei lotutako jarlekuak dituen bezala, gurean txerriaren parteak dira”. Monterorena, esaterako, azpizunari dagokiona da. Besaulkien artean, badira saiheskiarena, hankena, belarriarena, odolarena (ezinbestekoa hestebeteak egiteko), koipearena, urdaiazpikoarena… Guztira, 30, kideak beste.

Bilboko Erruki Etxeak XIX. mendetik San Tomas azokan egiten zuen txerri zozketa berreskuratzea izan zen akademiaren lehen ekintzetako bat. “Gaur egun adinekoen egoitza bat den arren, garai hartan umezurtzak jasotzen zituen, eta haiei eskaintzen zieten zozkatzen zuten txerria, arreta finantzatzeko. 1981ean utzi zioten ohitura hori egiteari, eta guk 1992an berreskuratu genuen. 2000. urtean, animalien babeserako araudia iritsi zen Europatik, eta, animaliari tratu txarra ematen geniolakoan, zozketa egiteari utzi behar izan genion”.

Horrez gainera, lehiaketak ere antolatu izan dituzte. Orain, San Martin bueltan, buzkantz edo odolosteena egin izan dute. Izan ere, herenegun ospatu zen Tourseko (Frantzia) gotzain izandako santu horren jaia, eta baserrietan txerri hilketa sasoiari hasiera eman ohi dion eguna izan da betidanik. “Urteko egunik garrantzitsuenetarikoa izaten zen. Egin kontu: Gaztela Ameriketara iritsi aurretik, hemengo ortuetan ere ez zen barazki askorik egoten, eta zegoena eguraldiaren menpe egoten zen. Txerrikia ezinbestekoa zen garai bateko elikaduran”. Aratusteetan, berriz, Garizuman haragia jateko debekua iritsi aurretik, Bilboko Hiria txorizo lehiaketa antolatu izan dute, Bilboko Konpartsekin batera. “Urte batzuetan, ehun lehiakidek eman dute izena; Euskal Herrikoek eta inguruetatik etorritakoek”. La Granja kafetegia zarratu zenetik, Bilboko Extremaduraren Etxean dute egoitza, eta hangoekin patatera izeneko hestebete baten eguna ere ospatzen dute. Eta urrian, hestebeteen dastaketak egiten dituzte. Aurten, ezin horrelakorik egin.

San Tomas

Bizkaitik kanpo ere bai

Sopuertan, martxoko hirugarren domekan, Enkarterriko erara egindako txorizo eta odoloste lehiaketa egin ohi da. Han izaten dira Txarridunakoak. Enkarterriko era zer den azaldu du Monterok: “Ez dute erabiltzen piper hautsik, txorizotarako piperrak soilik. Eta odolosteak Zallako tipula gorriarekin eginda egoten dira”. Bizkaitik kanpo ere ibiltzen dira. Sanblasetan, Laudion (Araba) azoka egiten dute, eta Txarridunakoen laguntzarekin bizkaitar saltsarekin egindako txerri hanken lehiaketa antolatzen dute. “Urte sasoi horretako jaki tradizionala da”. Artaxoan (Nafarroa), berriz, San Anton bueltan txerri bat zozkatzen dute: “Euskal Herrian oraindik etenik gabe mantentzen den zozketarik zaharrena da. 200 urte bete zituen 2019an”. Txerria non, Txarridunakoak gertu.