Lortutakoa ez dute galdu nahi

Lortutakoa ez dute galdu nahi

N. S. O.

Zergatik ez zenuten utzi lokala zabalik, zegoen bezala, eskualdekoak ez zirenak beste leku batera eraman eta gure senideei hona etortzen jarraitzeko aukera emanez?”. Astrid Niedererrek Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari zuzenean, aurrez aurre, egin zion galdera hori. Foruan bizi da Niederer, eta lau urtez Lurgorriko eguneko zentroa ireki zezaten borroka nekaezina gauzatu zuen. Stefan 40 urteko semea han ibili da, martxoaren 13an itxi zuten arte. Paralisia du. Niedererren antzeko egoeran daude Josu Zabalbeaskoa eta Maria Jesus Solaguren ere. Lehenengoaren arreba Idoiak esklerosi anizkoitza du. Solagurenen alaba Jasonek, berriz, garuneko paralisia eta itsutasun kortikala. Ez dute ulertzen aldundiak hartu duen erabakia.

Zabalbeaskoak esan du itxiera honekin, beraiek ez eze, eskualdeak eta Bizkaiak ere asko galduko dutela: “Bizkaian hau bezalako bi egoitza erreferente egon dira. Aita Menniren egoitzen antzeko sistema darabilte. Orain era horretako bakarra geratuko da”. Bilboko Bekoetxeri buruz ari da. Biak kudeatzen zituen aldundiak.

Pandemiaren ondorioz beste egoitza guztien antzera Lurgorrikoa ere itxi zutenean, erabiltzaileek eta familiek ulertu egin zuten neurria. Maiatz aldera, ordea, beste zentro batzuk irekitzen hasi ziren. Haiena, ez. Eta inork ez zien azaltzen zer gertatzen zen. Hilabeteetan etxean izan dituzte hartutako gaitz mentala duten senideak. Egoera gogorra izan dela aitortu du Zabalbeaskoak: “Sei hilabetez bakoitza bere kabuz, ahal zen moduan, moldatu behar izan gara. Etxe askotan 80 urteko gurasoek hartu behar izan dute haien ardura. Bakoitzak bere familia dramarekin bizi izan du. Sei hilabete oso luze izan dira”. Solagurenentzako ere zaila izan da. “Hau egunez egun bizi behar da”, esan du.

Irailean jarri zen aldundia Lurgorriko hamabost erabiltzaileen senideekin harremanetan. Banan bana deitu zien, eta erabiltzaile bakoitzari egoitza bat eskaini zion. Zabalbeaskoaren arrebarentzako Bilboko Bekoetxe egoitza proposatu zioten. Solaguren eta Niedererren seme-alabak Gorabidek Gernika-Lumon kudeatzen duen egoitzara bidali zituzten. Ez batari ez besteari, ez zaie iruditzen aukera ona. Niedererrek esan du Stefanek berak ere ez zuela nahi egoitza hartara joan: “Askoz arazo larriagoak dituzte hangoek”. Alabak han atzera egingo lukeen beldur da Solaguren: “Askoz patologia larriagoak dituzte. Stefanekin eta nire alabarekin edozeri buruz egin daiteke berba. Gorabideren egoitzan daudenak ez dira hitz egiteko gai”.

Gernika-Lumotik, Bilbora

Zabalbeaskoaren arreba, berriz, “pozik” dago Bilboko Bekoetxe egoitzan. Hala ere, ia ordubeteko bidaia du Gernika-Lumotik Bilbora joateko, eta beste horrenbeste bueltarako. “Bagenuen eskainitako aukerari uko egitea, baina ez nuen luzatu nahi arrebaren agonia. Ezta bera zaintzen duen amarena ere: 74 urte ditu”.

Murillo foru diputatuak Lurgorriko egoitza ixteko arrazoitu zuen erabiltzaile askok bidaia luzea egin behar zutela euren etxeetatik egoitzara. Elorrio, Durango, Mallabia, Iurreta, Zornotza, Basauri, Lekeitio, Galdakao eta Busturialdekoak ziren Lurgorriko erabiltzaileak. “Esan ziguten ezin ziotela eutsi horrenbeste lekutako jendea hartzen zuen egoitzari”, adierazi du Solagurenek. “Hala ere, hori ez ziguten esan diputatuarekin batzartu ginen arte”. Iraila zen. Banan bana eskaini zizkieten irtenbideak. Hiru familiok uste dute indarrak zatitzeko modu bat izan zela.

Urriaren 9an, Bekoetxe zein Gorabideren egoitzez gain, Lurgorrin jarraitzeko aukera ere eman zieten Busturialdeko hirurei. Han ez zieten esan zer erabiltzaile motarentzako izango zen egoitza, ordea. Murillok Batzar Nagusietan iragarpena egin bezperan jakin zuten.

Erabakiak berak ez ezik, haren ondorioek eta jokabideek sortu diete ezinegona. Batetik, “zerbitzuaren pribatizazioa” salatu du Zabalbeaskoak, Apnabi-Autismo Bizkaia elkartearen esku utziko duelako aldundiak egoitza. “Autismoa duen kolektibo horretara mugatzen dute egoitza. Gure senideei bertara joateko aukera emango diete, baina etorkizunean gure senideen antzeko ezaugarriak dituztenek ez dute izango horretarako aukerarik”. Ez dute ulertzen erabakia. “Lurgorrik, zegoen bezala, arazorik gabe har zitzakeen autistak. Erabilera anitzeko zentro izaten jarrai zezakeen. Eskualdean autista asko baleude, ez nuke ezer esango. Baina ez dut uste horrela denik”. Ez lukete ondo ikusiko egoitzara aurrerantzean eskualdetik kanpoko erabiltzaileak etortzea.

Aldundiak esan zien egoeraren diagnosia egin zutela, baina Zabalbeaskoak ez du ikusi. “Gezurra da zerbitzu gertukoagoa eskainiko dutela. Lurgorrikoak eskaintzen zuen hori”. Niederrek patologia anitzak hartzen jarraitzeko eskatu du: “Urrunetik datozen erabiltzaileak atera ditzatela, baina ez diezazkietela ateak itxi patologia anitzei. Mankomunitateak ere esaten du eskualdean kasuistika oso anitzak daudela”.

Jose Mari Gorroño alkatearen babesa ere eskatu dute, Lurgorriko zentroaren lokala Gernikako Udalarena baita. Gainera, osoko bilkurak aho batez onartu zuen aldundiari eskatzea egoitza martxora arte egon zen baldintza beretan zabal zezala. Oraindik alkatearen erantzunaren zain daude.