Kale gorrira kondenatuta

Kale gorrira kondenatuta

P. Azpillaga Diez

Bai Berri Otxoak elkarteak bai Bilboko Maizterren Sindikatuak, mobilizazioaren eta antolakuntzaren aldeko deia egiten dute. Eta ez dira bakarrak. Tokian tokiko etxe kaleratze kasuek agerian utzi dute, herri edo auzo mailako presio eta salaketa bat egon ezean, zaila dela halako prozesuak gelditzea edota kaleratzea pairatu duten pertsonentzako ordezko etxebizitza bat topatzea. Hona hemen jada gertatu diren edo egitekoak diren zenbait kasu. Abizenak ez dira esango, kaltetuen nortasuna babesteko.

MARI CARMEN

69 urteko Bilbo Zaharreko auzokidea da Mari Carmen. Irailaren 8an jakinarazi zioten, bi egunen buruan, etxetik kaleratuko zutela. Zazpi urte zeramatzan bertan bizitzen, bakarrik geratu eta alokairua ordaintzea ezinezkoa egin zitzaion arte. Berria jaso zuenean, Alde Zaharrako Etxebizitza Taldearekin jarri zen harremanetan, eta, etxebizitza sindikatu horren bidez, kaleratzea gelditzeko deialdi herritar bat zabaldu zen.

Agertu ziren pertsonek sarrera blokatu zuten, eta, orduak iraun zituen erresistentzia ekintza horren bidez, sindikatuko kideak gizarte zerbitzuetakoak haiekin harremanetan jartzea lortu zuten. Neegoziaketa baten ostean, ordezko etxebizitza bat eskaini zitzaion Mari Carmeni.

PILI ETA RAMON

Bilbon Atxurin bizi den bikotea dira Ramon eta Pili. Osasun arazo larriak dituzte biek, eta menpekotasuna duen seme bat dute euren kargu. Duela hiru urte Ollerieta kalera joan ziren baldintza kaskarretan dagoen etxe batera. Hilero alokairua ugazabari ordaintzen egon ostean, Santander bankuaren jakinarazpen bat jaso zuten, kaleratu egingo zituztela esanez. Gerora jakin dutenez, ugazaba hori ez zen etxebizitzaren benetako jabea. Orduan Bilboko Maizterren Sindikatuarekin harremanetan jarri, eta une honetan kaleratze dataren zain dira.

ALAMI ETA BAHIA

Bilbon San Frantsizko kalean hiru adingaberekin bizi den bikotea da Alami eta Bahiarena. Gaur bertan kasu hori ezagutzera emateko prentsaurrekoa egingo du Bilboko Maizterren Sindikatuak, auzoko eragileekin batera. Jakinarazi dutenez, Blackstone putre-funtsaren Alisedas higiezin agentziak etxetik kaleratu nahi ditu, etxebizitza horrekin gero “espekulatu ahal izateko”, Abandoko operazio urbanistikoa baliatuz. Kaleratzea abenduaren 10erako aurreikusita dago; Giza Eskubiden Nazioarteko Egunez, hain zuzen ere. Instituzioen partetik “babes falta” salatu dute sindikatutik.