Hartutako gaitz mentala dutenak artatzeko egoitza itxi dute, Gernikan

Hartutako gaitz mentala dutenak artatzeko egoitza itxi dute, Gernikan

Natalia Salazar Orbe

Azkenean argitu da. Hartutako garuneko gaitza duten erabiltzaileak Gernika-Lumoko Lurgorri auzoan artatzen zituen egoitza, autismoa duten erabiltzaileentzako izango da aurrerantzean. Ez hori bakarrik: martxora arte aldundiak zuzenean kudeatzen zuen zentroa Apnabi-Autismo Bizkaia elkartearen esku utziko dute. Joan den astean egin zuen iragarpena Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak, EH Bilduk zentroa “bat-batean eta inongo abisurik gabe” zergatik itxi zuten argitzeko eskatzean.

Batzar Nagusietan azaldu zituen Murillok erabakia hartzeko arrazoiak. “Lurgorriko zentroak profil anitzeko pertsonei ematen zien zerbitzua. Lurraldeko hainbat lekutatik joan behar zuten bertara. Horietako batzuek 90 minutuko bidaiak egin behar zituzten”. Murillok adierazi zuen Gizarte Ekintza sailak diagnosi bat egin duela, eta erabiltzaileentzako aukera hobeak zeudela; euren etxebizitzetatik gertuago, gainera. Erabiltzaile horiek eguneko beste zentro batzuetan arta zitzaketela erabaki zuten. “Abuztuaren bukaeran erabiltzaileei eta haien senideei euren etxeetatik hurbilago zeuden egoitzak proposatu genizkien. Haien beharretara egokitutakoak”.

2017ko diagnosia

Izaskun Duque EH Bilduko bozeramailea harrituta azaldu zen, diputatuak iragarritako diagnosia 2017koa delako. “Beraz, erabakia hartu duzue duela hiru urte egindako azterketa batengatik. Eta hartu duzue mundu osoa pandemia bat pairatzen ari den unean, osasun krisia dagoen une batean, konfinamendu baten ostean eta zerbitzua itxi eta gero”. Horrez gain, Duquek eskatu zion jakinarazteko martxoan egoitza itxi zutenean zer dela-eta ez zien jakinarazi erabiltzaileen senideei behin betiko ixtea erabaki zutela. 2008an ireki zuten, eta erabiltzaileentzako eskaintzen dituen hamabost lekuak beteta egon dira beti. “Zail egiten zaigu pentsatzea erabakia erabiltzaileen onuran pentsatuta hartu duzuela”.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagak ere adierazi zuen ez daudela ados erabakiarekin. “Azpikeriaz eta gauez gauzatu da itxiera”. Talde mistoa-PP, PSE-EE eta EAJko ordezkariak konforme agertu ziren Murilloren azalpene kin.