Hamar urtez bizkaitarrei hitza ematen

Hamar urtez bizkaitarrei hitza ematen

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Hitza astekariak hamar urte bete ditu. Hain zuzen, joan den azaroaren 5ean izan zuen hamargarren urteurrena, baita Ipar Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Nafarroako Hitzek ere. BERRIA Taldeak sortutako astekariak dira, eta beti argitaratu izan dira ostiraletan; Nafarroakoaren eta Ipar Euskal Herrikoaren kasuan, zortzina orrialdekoak, eta beste bienean, hamaseinakoak. Araban ez dago Hitza-rik; han, Alea astekaria dago, eta bertako bazkideetako bat da BERRIA Taldea.

1990etik aurrera daude kazeta nazionalak —Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA—, eta eskualdeetakoei 2001ean ekin zien hedabide taldeak, tokiko eragileekin elkarlanean, Tolosaldean Egunero sortuta —2003an, Egunkaria-ren itxieraren ondoren, Tolosaldeko Hitza izena hartu zuen—. Komunikazio proiektua osatzeko sortu zituen, orain hamar urte, herrialdeetako euskarazko astekariak.

Egunkaria-k argitaratzen zuen Bizkaia gehigarriaren lekukoa hartu zuen Bizkaiko Hitza-k. Kalderapekon egin zen aurkezpen jaia, Bilbon, 2010eko azaroaren 3an. Ordurako, beharrean ziren kazetariak. Natalia Salazar Orbe da ordukoetatik geratzen den bakarra. Garai hartako oroitzapena du astekariaren berri eman beharra: “Hileak igaro genituen albiste, erreportaje edo elkarrizketa baterako deitzean proiektua azaltzen. Oraindik tarteka gertatzen zaigu, baina ezagunagoa da”. Urteotan produktua egonkortuz eta lan egiteko modua aldatuz joan dela dio. Esaterako, 2016tik Twitter kontua du Bizkaiko Hitza-k, eta, informazioa jasotzeko ez ezik, bere edukiak zabaltzeko balio du.

Urteurren urtea da 2020a BERRIA Taldearentzat Bizkaian: Busturialdeko Hitza sortu zenetik 15 urte beteko dira abenduan. 2010ean, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-rekin bat egin zuen, eta ordutik egunkari bakarra dira.

Hitzak2