“Elikagai bila etorri diren berriek ez zuten uste inoiz etorri beharko zutenik”

“Elikagai bila etorri diren berriek ez zuten uste inoiz etorri beharko zutenik”

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Elikagai Bankuak Basaurin duen biltegi nagusia nahiko hutsik dago egunotan. “Aste honetan bertan, 25.000 kilo atera ditugu”, esan du elkarteko bozeramaile Luis Covrettok (Oviedo, Asturias, Espainia, 1941). Beraz, biltegia berriro betetzeko, urteroko elikagai bilketa nagusia egingo dute datorren astean, hilaren 16tik 21era bitartean.

Gaur egun, zenbat bizkaitarri bermatzen dizkiezue otorduak egiteko elikagaiak?

31.000 lagun inguru dira. Guk 250 erakunderekin egiten dugu lan. Gure biltegira etortzen dira, eskatutakoa hartzen dute eta haien egoitzetara elikagai bila joaten diren herritarren artean banatzen dute.

Aurten egoera sozioekonomikoak nabarmen egin du okerrera COVID-19aren pandemia dela eta. Zenbatean nabaritu duzue?

Azkeneko bost hiletan, %30 egin du gora elikagai bila datozen herritarren kopuruak. Beste probintzia batzuetan ere igualtsu dabiltza, edo okerrago. Espainia mailako batez bestekoa handiagoa da: %40 hazi da eskaera epe berean. Guretzat arazo bat izan da, noski. Baina, era berean, poza ere sentitu dugu elikagai eskaerak gora egin duen neurri berean egin duelako gora norbanakoek, erakundeek, enpresek eta fundazioek eman diguten laguntzak. Dirua jaso dugu, eta orain erosi egin behar dugu. Dirua jasotzea ez zaigu gustatzen, baina egoera honetan elikagaiak biltzea ere ez da erraza.

Badakizue zer-nolako jendea den laguntza eske gerturatzen zaizkizuen berri horiek?

Normalean bazterketa egoeran egon diren herritarrak lagundu izan ditugu. Orain elikagai bila etorri zaizkigun berriek ez zuten uste inoiz etorri beharko zutenik. Negozio txikien jabeak izan dira haietako asko: tabernak, dendak… Badira garraio arloan lan egiten zuten langileak, hoteletakoak… Askok diru sarrera bat dute; adibidez, aldi baterako lan erregulazioaren saria kobratzen dute. Baina gastuak lehen bestekoak dira, eta diru sarrera, txikiagoa. Ezinezkoa zaie hileko gastu guztiei aurre egitea.

Osasun arlotik ere bai, baina ekonomiaren aldetik negu gogorra iragarri dute. Etor daitekeen eskaerari aurre egiteko moduan zaudetela uste duzu?

Itxaropen hori dugu. Oraingoz, laguntza handia jasotzen ari gara, eta horregatik espero dugu eskaerak gora egin arren laguntzarik ez zaigula faltako. Kezkatzen gaitu, baina hainbeste lan dugunez, ez dugu aurreikuspenak egiteko astirik ere. Gainera, inork ezin du ziur jakin zer gertatuko den. Datorrena datorrela, eta ahaleginduko gara aurre egiten.

Urteroko bilketa nagusia egingo duzue datorren astean. Bestelakoa izango da, ezta?

Normalean bi eguneko bilketa izaten zen: barikuan eta zapatuan. Aurten, pandemiagatik, ezin da elikagai bilketarik egin, arriskutsua delako jendea pilatzea. Era berean, mugikortasun mugak direla eta, jendea gutxiago joango da supermerkatuetara. Beraz, hilaren 16tik 21era Bizkaiko edozein elikagai dendatara erosketak egitera joango den herritarrak elikagai bono bat erosi ahal izango du. Bono hori supermerkatu kate horretan geratuko da, eta guk datozen hilabeteetan gastatu ahal izango dugu, premia eduki ahala. Orain arte BMren eta Eroskiren supermerkatuek soilik hartzen zuten parte; aurten, guztiek. Bonoa bakoitzak nahi duen bestekoa izan daiteke.

Zenbat diru beharko zenukete?

Azkeneko lau urteetan, milioi bat kilo jasotzen genituen bilketa nagusian; hau da, urte osoan behar ditugun elikagaien laurdena. Biltegia betetzen genuen. Gustatuko litzaiguke horrek duen prezioa dirutan jasotzea aurten.

Supermerkatuetan bonoak erosteaz gain, dirua emateko beste modurik badago?

Gure web orrian sartuz gero, COVID-19aren larrialdia izeneko atal handi bat ikusiko du herritarrak. Han azalduko zaio dirua emateko dituen lau bideak: bankuko txartelarekin, PayPal bidez, Bizzum bidez eta transferentzia bidez.

Laguntza emateko modu horiek erabiliko dituzue aurrerantzean ere edo elikagaiak bilduko dituzue egoera hobetzean?

Guk ez dugu dirurik nahi. Ez zaigu dirua kudeatzea gustatzen. Dirua behar dugu, noski, biltegiaren gastuak ordaintzeko. Baina guk elikagaiak jaso eta banatu egin nahi ditugu. Hori da gure helburua; horretarako sortu ginen.

Supermerkatuetan ez dira elikagaien bankuko boluntarioak egongo, baina zuek boluntarioak behar dituzue biltegia kudeatzeko. Pandemiak izan du eraginik horretan?

Guk beti behar dugu boluntarioen laguntza, eta etorri nahi dutenek ateak zabalik topatuko dituzte. Bankuko kideetako asko arrisku taldeetakoak gara, adinekoak garelako. Ondorioz, euren burua babestu behar izaten dute. Baina, era berean, jende gazte asko etorri da biltegian laguntzera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.bancali-biz.org