Aurtengo Ostera sarean egingo dute

Udagoieneko Osterak Eñaut Elorrietaren, Zea Maysen eta Izaki Gardenak-en kontzertu bana ipiniko du sarean datozen hiru asteburuetan.

Ibai Maruri Bilbao

Udagoieneko Osterak ez du huts egin nahi izan, udazkenero bezala. 21. urtez, Euskaltzaleen Topaguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak euskal sortzaileei plaza bat eskaintzea erabaki dute. Baina COVID-19aren pandemia dela eta, plaza birtuala izango da. Iruditu zaie sortzaileek inoiz baino beharrezkoagoa dutela plaza. “Kultura arloa oso momentu latzean dago, eta, beraz, Udagoieneko Ostera egitasmoak zentzu berezia hartu du aurten: batetik, programazioari eusteko egin diren ahaleginagatik, eta, bestetik, aukera izango dugulako modu berezi baten 21. Udagoieneko Ostera honetaz disfrutatzeko”, esan du Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak. Hala, gaur hasi eta datozen hiru asteburuetan jarraian, kontzertu bana igoko dute sarera, Udagoieneko Osteraren webgunera.

Dagoeneko grabatuta dauzkate Eñaut Elorrietaren, Zea Maysen eta Izaki Gardenak taldearen kontzertuak. Bizkaiko hiru museotan grabatu dituzte: Balmasedako La Encartada museoan, Muskizko El Pobal burdinolan eta Bermeoko Arrantzaleen Museoan, hurrenez hurren. Gaurtik domekara bitartean, Eñaut Elorrietarena egongo da ikusgai; hurrengo asteburuan, Zea Maysena, eta hirugarrenean, Izaki Gardenak taldearena. “Soilik hiru egun horietan egongo da ikusgai kontzertuetako bakoitza. Udagoieneko Ostera ziklo bat izan da hasieratik, eta aurten ere ziklo bat izatea nahi dugu. Horregatik, dagokien asteburua pasatuta, saretik kenduko dira kontzertuak”, azaldu du Maria Rivero Euskaltzaleen Topaguneko Kultura teknikariak.

Riverok azaldu du aspalditik zebiltzala Udagoieneko Ostera berritu guran. “Hogei urtean, gauzak asko aldatu dira, eta oso gutxi era berean. Baina jendartea eta kontsumitzeko era asko aldatu dira”. Aldaketa horri erantzuteko aukera eman die pandemiak ekarri dituen murrizketen sortak. Ohartarazi du ez direla streaming bidez eskainiko diren kontzertuak izango. Dagoeneko grabatuta daude, eta ez edozelan. “Mimoz egin ditugu: oso ondo zaindutako kontzertuak dira. Kalitateari ere garrantzi itzela eman diogu”. Etxean ordenagailuaren parean egongo direnek gozatzea lortu nahi dute.

Udagoieneko Ostera 2020

“Altxor bisualak”

Kontzertuak sarean ipinita, jende gehiagorengana iristeko aukera izango dute. Baina, era berean, zuzenekoek duten indarra galtzeko arriskua ere badago. Energia hori beste elementu batzuen bidez lortu nahi izan dutela azaldu du Riverok: “Lekuak oso ondo aukeratutakoak izan dira. Hiru museo dira, bereziak, gordetzen duten ondare historikoagatik garrantzia dutenak”. Beraz, musika bera ez ezik, Bizkaiko historia eta ondarea ezagutzeko grina ere izango dira kontzertuaz gozatzera erakarriko duten beste amuak. El Pobal, La Encartada eta Arrantzaleen Museoa hautatu dituzte, museo izateaz gain historikoki garrantzi handia izan dutelako: industrializazio aurreko Bizkaia ordezkatu du lehenak; industrializazio ostekoa bigarrenak; eta itsasoari eta arrantzari lotutako bizimodua eta tradizioa hirugarrenak.

Estetikoki ere bereziak direla esan du Riverok: “Xarma berezia dute, eta kontzertuetan oso giro berezia sortu da. Taldeek eta lekuek ez dute batere loturarik euren artean, baina hiru lekuak oso egokiak dira horrelako ekitaldietarako, eta, behin grabatzen hasita, ohartu gara abestien hitzek esanahi berezia hartzen dutela leku jakin horietan”. Emaitza ikusgarria dela esan du, musikaz gozatu nahi dutenentzat “altxor bisualak” sortu dituztela. Izan ere, taldeetako bakoitzak kontzertu akustiko berezi bat sortu du propio toki berezi horretarako, tokiak berak inspiratutako tonuak eta koloreak emanaz abesti eta musika tresnei. “Kontzertu bakoitza benetan errepikaezin eta bakar bihurtu dute”.

Udagoieneko Ostera 2020

Kontzertuak sarean ikusi nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.udagoienekoostera.eus