Askotariko filmak eta gaiak, Zinebin

Askotariko filmak eta gaiak, Zinebin

Natalia Salazar Orbe

Bero zapa Erromako kaleetan. Emakume gazte bat alabarekin ageri da, batera eta bestera, eskuan maleta astun bat daramala. Isilean doaz, tarteka bakoitzari dagozkion rolak trukatuta. Ezusteko keinu batek agerian utziko du batak besteari dion maitasuna. Being My Mom da, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinebi jaialdian ikusi ahalko diren filmetako bat. Gaurtik ostiralera arte, 122 lan eskainiko ditu jaialdiak: 89 film labur, 28 film luze eta bost film ertain. Erdiak baino gehiago emakumeek zuzendutakoak dira.

Urte osoan eratu duten “programazio askotarikoa eta aberatsa” iragarri du Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendariak: “Nazioartean egiten diren proposamen interesgarrienak batu ditugu, eta, nola ez, beti bezala euskal zinemaren garrantzia azpimarratuko nuke”. Egitarau zabal horren zertzeladak eman ditu: “Gai asko jorratzen dira: aldarrikapen sozialak, politikaren inguruko kritikak eta hausnarketak, historiaren azterketa sakonak, berdintasunaren aldeko konpromisoa, identitatearen eztabaida eta bestelako errealitateak islatzeko grina”.

Lan guztiak lau sail nagusitan sailkatuta eskainiko dituzte. Lehenik, Nazioarteko Lehiaketa sail ofiziala dago: zuzendari berrien filmak jaso dituzte hor. Bi lehiaketatan bereizita dago atal hori: Film Laburren Nazioarteko lehiaketa eta ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko lehiaketa. Azken horretan, zuzendari berrien lehen lanak jaso dituzte. Sariketa hori antolatu duten bosgarren urtea da. Antolatzaileen esanetan, 12.000 euroko sariaren bidez, Zinebik laguntza eskaintzen die film laburrekin hasi eta film luzeetarako jauzia egin duten zinema zuzendarien belaunaldi berriei.

Beautiful Docs atalak, berriz, nazioartean dokumentalen alorrean mugitzen diren lanen lagin bat ekarriko du Bilbora. Sail horretan emango dituzten lanak ez dira ariko lehian. Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dute horien artean nazioarteko ospea duten zinemagileen azkeneko lanak ere ikusi ahalko direla: besteak beste, Catarina Vasconcelosen A metamorfose dos passaros. Urte osoan sari gehien jaso dituzten dokumentaletako bat da; Berlinen, Kosovon, Portugalen, Taiwanen, Lituanian eta Donostian saritu dute.

Azkenik, Bertoko Begiradak sailak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikus-entzunezko industriako ekoizleen, zuzendarien, teknikarien eta profesionalen lanak jaso ditu. Lan horiek ere ez dira lehiatuko, eta dokumental labur eta luzez osatuta dago saila. Hain zuzen, 22 film labur eta zazpi film luze eskainiko dituzte. Estreinaldien artean, Josu Rekalderen Ester Ferrer, Hilos de tiempo nabarmendu dute antolatzaileek. Baita Paula Iglesiasek eta Marta Gomezek zuzendutako Fabricando mujeres 2.0 ere.

Filmak zinema aretoetan erakusteaz gain, sarean ere jarriko dituzte ikusgai. Jaialdiak hainbat egoitza prestatu ditu filmak aurrez aurre ikusteko: Arriaga antzokia, Azkuna zentroa, Golem Alhondiga zinema aretoak, Guggenheim museoa eta Arte Ederretako museoa. Fernandezek azaldu du segurtasun neurri zorrotzak ezarriko dituztela: “Aretoen edukiera erdira mugatuta dago, eta garbitasun eta segurtasun neurri zorrotzak eskainiko dizkie ikusleei. 30 minutu gordeko dira saio baten eta hurrengoaren artean, areto bakoitza aireztatu eta desinfektatzeko. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da; ikusleen arteko segurtasun tartea bermatuko da, eta gel hidroalkoholikoa egongo da denen eskura. Jaialdi seguru bat bermatzea da geure lehentasuna”.

Gainera, ZIFF-Zinebi First Film saileko eta Beautiful Docs ataleko film luzeak Filmin plataforman ikusteko aukera eskainiko dute, jaialdiak irauten duen bitartean. Film laburren Sail Ofiziala Nazioarteko Lehiaketako lanak Festhome plataforman ikusi ahalko dira. Guztira 60 film labur ikusteko aukera izango da.

Hamasei lan euskaraz

Euskaraz ondutako lanek gora egin dutela adierazi du Fernandezek. “Gure sortzaile askok euskaraz egiten dute lan. Hori oso garrantzitsua da, baita nazioartean film horiek izan dezaketen oihartzunari dagokionez ere. Guretzat oso garrantzitsua da euskaraz ekoiztea”. Hamasei lan eskainiko dituzte euskaraz. “Horrez gain, film guztiak euskaraz azpititulatzea da gure lehentasuna. Jaialdi bakarrenetakoa gara lan guztietan euskarazko azpidatziak jartzen dituena”.

Fikzioa eta errealitatea uztartzen dituzte Zinebiko lanek. “Batzuetan nahastu egiten dira. Hori oso aberasgarria da. Mende hasieratik ikusi dugu nola generoen arteko mugak gero eta nahasiagoak diren, eta horrek proposamen oso erakargarri eta eklektikoei bide ematen diete”.