“Zinema egiten ikasi egiten da, baina irakatsi ez da egiten”

“Zinema egiten ikasi egiten da, baina irakatsi ez da egiten”

N. S. O.

Online egingo dute aurten film laburrak 36 ordutan filmatzeko 16. Kameratoia. Lehiakideek ez dute Lekeitiora joan beharko: bakoitzak bere herrian filmatu ahalko ditu lanak. Hilaren 13tik 15era bitarteko asteburuan filmatu beharko dute. Bihar da izena emateko azken eguna. Ostiralean jakinaraziko dute gaia zein den, eta parte hartzaileentzako atzerako kontaketa hasiko da. Egun batzuk lehenago, Aitor Arregi zinema zuzendariak (Oñati, 1977) zenbait aholku emango dizkie lehiakideei. Asteon jakin da Espainiako Zinema Akademiak Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarekin batera zuzendu duen La Trinchera infinita filma aukeratu duela Oscar sarietarako ordezkari gisa.

Berezia izango da zuretzat Kameratoian aholkulari gisa egote, kontuan izanda Lekeitioko Zinema Bileran film laburrik onenaren saria ere jasotakoa zarela.

Bai, beti da berezia. Lekeitiorekin lotura daukagula sentitzen dugu. Batetik, Zarautzen erosi zuen film laburrarekin irabazi nuen saria. Horrez gain, hainbat aldiz egon gara han beste hainbat lanekin. Ia hasi ginenetik, duela 20 urte, Lekeition lanak aurkezten aritu gara. Lekeitioko bisita klasiko bat bilakatu da guretzat. Beraz, bai, berezia da han parte hartzea eta nire begirada ematea.

Parte hartzaileek 36 ordu izango dituzte euren lanak filmatzeko. Zer gomendatuko diezue?

Aholkuak ematea beti da pittin bat tranpatia. Zinema egiten ikasi egiten da, baina irakatsi ez da egiten. Ez dago era bakarra gauzak egiteko. Hori esanda, esango nuke denbora murritza dela, baina hausnarketarako tartea hartu behar dela. Ikusi egin behar da zeintzuk diren baldintzak eta zein den gai nagusia. Ez dut esango ezin duzunik erabili aurretik zenekarren ideia bat, baina askotan aitzakia moduan erabiltzen da gaia zuk buruan zeneukan hori kontatzeko, eta sarri oso arraroak izaten dira lotura horiek. Gaia eta baldintzak jakinda, denbora hartu zer kontatu nahi duzun pentsatzeko. Ostean, joan zuzenean istoriora. Bilatu istorio kontzeptu garbi edo zuzen bat, eta horri heldu. Koherente izan horrekin, eta horrekin markatu iparrorratza. Ez saiatu laburra izan behar den film batean mundua aldatzen. Askotan, film laburrak pretentziosoegiak izaten dira. Istorio sinple bat egingo nuke nik, gai nagusiari lotuta, epaimahaiak kontuan hartzen baitu hori. Ahal den neurrian, jarri ikus-entzulearen lekuan eta saiatu ikusten ea gaiak konekta dezakeen. Egin ariketa kritiko bat, hausnartzeko proposatu duzun hori zuri bakarrik gustatuko zaizun edo ikuslearekin konekta dezakezun.

Hori da garrantzitsuena?

Bai, baina irudian eta soinuan ere pentsatu behar da. Ez jarri indar guzti-guztia testuan, hitzetan. Zer eta nola kontatu, biak oso garrantzitsuak dira. Biak parean daude. Errealizazioaren inguruan ere hausnartu behar da. Eta ez dezagun inoiz ahaztu hau talde lan bat dela, eta bakoitzaren esparrua errespetatu egin behar dela.

Zer da zailena edo lan gehien ematen duena?

Niretzako, edizioak lan handia ematen du, baina hori gustu kontua da. Gidoia ere oso neketsua izan daiteke. Aurreko eta osteko produkzioan, nik asko gozatzen dut. Edizioa nekagarria egiten zait, hor ikusten dituzulako lanaren miseria guztiak. Gidoia idaztea eta edizio lana dira niretzako zailenak. Zentzua du; izan ere, nire ustez, edizioa edo muntaketa gidoiaren idazketaren luzapena da. Sorkuntza prozesurik puruena edo osatuena ematen da gidoian eta edizioan, zuzendariaren ikuspegitik edo hasieratik prozesuan dagoen pertsonaren ikuspegitik. Filmatzean, asko gozatzen dut, oso kolaboratiboa baita. Pantaila baten aurrean zu bakarrik egotea da gogorrena.

Zertan ari zarete orain Moriarti Produkzioak ekoiztetxean?

Hainbat gauzarekin eta ezerezekin aldi berean. Hainbat proiektu ditugu esku artean, baina finantzaketa bila ari gara. Nire inguruan jende asko lanean ari da. Badirudi ezetz, baina telesailen kontuarekin eta plataformekin-eta, ikus-entzunezkoen sorkuntzan, oraingoz, lanik ez da falta. Beste gauza bat da aretoen eta ikuskizunen egoera. Zoritxarrez, drama bat bilakatu da, eta horrek izugarrizko pena ematen dit. Telesailek lan asko sortzen dute.

Plataforma erraldoiei buruz ari zara?

Bai. Gurekin La Trinchera infinita, Handia eta Loreak filmatzen lan egin duen jendea lanean ari da. Hori pandemiaren aurretik ere gertatzen zen, baina inoiz baino lan gehiago egiten ari dira orain.

Telesailen eskariak indar handia hartu du.

Eskari handia dago plataformen aldetik. EiTB ere ari da telesailak eta fikziozko lanak egiten. Fikzioari buruz ari naiz gehiago. Movistar, Amazon Prime eta antzekoek gure inguruan ere egiten dituzte telesailak, ez AEBetan bakarrik. Ikusleak gehiago eskatzen du; eduki eskaria dago, eta horrek lana sortzen du. Ez dakit burbuila bat den eta bospasei urte barru eztanda egingo duen, baina azken bizpahiru urteetan horrela dira gauzak. Zoritxarrez, aretoetan lanean ari den jendearen egoera guztiz kontrakoa da. Haiei kalte handia egin die pandemiak.