Rosi eta biok

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Goizero esertzen da korridore alboko jarlekuan. Leihoaren alboko lekua norbaitentzat erreserbatzen zuela pentsatzen nuen hasieran. Egunak joan eta egunak etorri ohartu naiz ezetz. Bakarrik bidaiatzen du ahal duen guztietan. Tarteka, autobusean jende gehiago sartzen da, eta orduan norbaitek ea alboan esertzen utziko dion galdetzen dio. Berak aurpegiko keinu ez oso atseginarekin jasotzen ditu ezkerraldeko eserlekuan utzitako trasteak eta korridorera irteten da besteari sartzen uzteko. Ekintza hori egiten duen aldiro adierazten dio jarlekua eskatu dionari mugimenduak eragiten dion molestia.

Asteroko joan-etorri batzuk eta gero, argi samar daukat ez duela inor bere alboan jartzerik nahi, eta horregatik esertzen dela goizero korridorera ematen duen jarlekuan. Ez nau bereziki harritzen goizero bidaiatzeko aukeratzen duen tokiak, goizero norbaiten alboan esertzeko eskariari erantzuteko duen gaitasunak harritzen nau. Nahiago du egunero erdi haserre norbaiti pasatzen utzi, hasieratik jarlekuz aldatzea baino.

Imajinatzen dut era horretan berak nahi duena lortzeko aukera gehiago dituelako egingo duela. Hau da, egunero leiho alboan jesarriz gero, egunero ez bada ia egunero eseriko litzaioke norbait alboan. Era horretan, ez eskatzeagatik, berea izaten da autobusean betetzen den azken lekua edo azkenetakoa. Bera baino pare bat ilara atzerago jesartzen naiz normalean, eta alboan inor gabe egiten dituen bidaietan maskara azpian irribarre bat marrazten zaiola imajinatzen dut.

Kontatuaz gain ezer gutxi dakit hari buruz. Tuper txiki bat eramaten du bazkaltzeko eta beti joaten da arropetako kolorea eta belarrirakoak konbinatuta. Ez dakit nola deitzen den, baina esango nuke etxekoek Rosa Mari eta lagunek Rosi deitzen diotela. Seme bat daukala uste dut grabatzen dituen ahots mezuengatik. Bueltako bidaian topo egin izan dugunean, sakelakoari begira joaten da gehienetan, eta begien keinuagatik gustuko zerbait irakurri edo ikusten duela esango nuke. Bueltakoan ere ez da leihora gerturatzen. Erortzeko beldurra izango du beharbada edo gidaria nondik doan ikusi nahiko du. Beti joaten da hirugarren ilarako ezkerraldeko eskuineko eserlekuan. Bere lekua topatu du Rosik autobusean.

Bilbora egindako joan-etorri bakoitzean ohartu naiz aurten ikusi nahi baina ikusi ez ditudan askorekin baino denbora gehiago pasatu dudala berarengandik gertu. Rosi eta biok autobusean, horrela deituko litzateke gu bioi buruzko ipuina. Hura bere espazio beharrarekin, eta ni benetan arduratzen nauten gauzetan ez pentsatzeko besteen espazioetan galduta. Rosiri buruz idatzi dizuet, ez nizuelako niri buruz idatzi nahi. Ez nizuen idatzi nahi itxialdi, etxealdi eta aldi baterako datozen beste aldiez. Ez nizuen kontatu nahi aritu naizela Interneten bizikleta eliptikoak begiratzen. Ez nizuen aipatu nahi turroia erosi nuela lehengoan arratsaldea gozatzeko eta nahi baino gutxiago iraun zidala. Ez nizuen azaldu nahi nola ari naizen galtzen koronabirusa, espazioa eta denbora gurutzatzen diren zurrunbiloan.