Metroaren 3. linearik gabe, eta 4.a helburu

Ibilbidea gutxienekoa da: “Errekalde eta Irala gara metroa igarotzen ez zaien Bilboko auzo bakarrak. Abandora, Moyuara…, berdin digu nora: Bilbo erdigunera metroak duen maiztasunaz eroango gaituen tren zerbitzua eskatzen dugu”. Metroa Errekaldera eroatea eskatzen duen plataformako kide da Asier Orbea, eta esan du “nazkatuta”, “aspertuta” eta “etsita” daudela. “Gure aldarrikapena historikoa da, eta beti ahaztu dira gutaz. Hasieran, esan zuten 3. linea Otxarkoagatik Errekaldera etorriko zela, Bilboko langile auzoak lotuko zituela. Linea soziala esaten zioten. Gero, hari ibilbidea aldatu zioten, eta gurera 4. linea etorriko dela esan zuten. Ikusiko dugu zer eta noiz datorren”.

Guztira, Irala, Errekalde eta San Adrian aldean 70.000 bilbotar bizi dira. Eta haien hiriaren erdigunera joateko Bizkaiko beste udalerri batzuetatik baino denbora gehiago behar izaten dute. Bilbobusa eta Renferen aldiriko trena pasatzen zaie Ametzolako geltokitik. “Neurtu dugu, eta Sestaokoak gu baino arinago etor daitezke Bilbo erdigunera; haiek metroan eta gu autobusez”.

Haienak langile auzoak direla ohartarazi du Orbeak, eta inbertsio falta dutela erdigunearen garapen mailara iristeko. Daukaten komunikazio arazoa ez da soilik erdigunera iristeko zailtasuna. Kanpoko jendea ere ez zaie auzora joaten. “Bilboko azpiegitura garrantzitsurik ezin daiteke ipini gurean, ez dagoelako jendea zelan etorri. Enpresek ere ezin dute inbertitu, inor ez zaielako etorriko. Inkomunikazioak ez digu garatzen uzten”.

Metroa egin bitartean, Euskotren tranbiaren luzapena eskaini zieten duela urte batzuk. Baina ez zuten gura izan, Orbeak azaldu duenez: “Onura baino kalte handiagoak ekarriko lituzke: auzorako sarbide den zubia estutzea ekarriko luke, aparkalekuak galduko lirateke, eta auzoko plazaren zati bat galduko genuke”.