Hogei urte dituen “zorra”

Erakundeek Galdakaorekiko “zorra” dute duela ia hogei urtetik. 5. linearen aldeko plataformako kide Marcos Chica Menak uste du zorra ordaintzeko unea iritsi dela. “Zor horren froga argiena Galdakao eta Usansoloko ospitalea metroarekin lotzeko autobus berezia da. Beste herri batek ere ez du horrelakorik. Gure linearen proiektua 2002tik onartuta dagoelako da hori. Hasieran, 2. linea Galdakaon amaitzea zen asmoa. Gero, 5. linea 2016an inauguratuko dela”. Froga den autobus horrek makina bat buruko min eman dizkie: hasieran, geltokirik gertuenekora eroango zituen autobusak —Etxebarrira—, baina hango udalarekin arazoak izan ziren, eta, gaur egun, Boluetako geltokira eroaten ditu.

Chicak ez du ulertzen erakundeek zelan utzi duten hainbeste atzeratzen hango metro linea egitea. “Haientzat ere propaganda da. Bizkaiko agintariak harro agertu zitezkeen, esanez herrialdeko ospitale guztiak metroarekin lotuak dituztela. Lurralde gutxi egongo dira hori esateko moduan”. Bilbon Basurtuko ospitaleak eta Barakaldon Gurutzetakoak metro geltokia dute atarian; Uribe Butroeri arreta ematen dion Urdulizkoak ere gertu dauka geltokia. Usansolokoa da lotura hori falta duen bakarra.

Erietxeak Arratiari, Hego Uriberi, Durangaldeari, Busturialdeari eta Lea-Artibairi ematen die arreta. “Eromena da autoz joatea. Orduak igaro ditzakezu aparkatu ezinik. Errepide bazterrean ere egoten dira utzita. Herriagatik baino gehiago, ospitaleagatik eskatzen dugu metroa”. Duela bizpahiru urte ospitalea Euskotrenekin lotzea proposatu zieten, baina, orain, berriz ere, metroaren 5. linea dago mahai gainean. 32.000 biztanleri tren zerbitzua bermatuko die.